Oldarka sartu zen Polizia, eta ezustean harrapatu zituen egurrezko aulkietan eserita zeuden ikusleak. Mikel Laboa zegoen eszenatokian, kantatzen hastear, ezkerreko hanka aulki batean jarrita eta gitarra izterrean. Fokuen argien dirdirak itsutzen zuen abeslaria, baina segituan konturatu zen orubearen atzeko aldean jendarteari erasotzen hasiak zirela. Harrapatzaileen eta iheslarien anabasari begira zegoen, oholtzatik jaitsi berri, Laboaren aurretik abesten aritu zen bikotea: Pantxoa eta Peio ziren. 1976ko maiatzaren 8a zen, eta Bilboko Santutxu auzoko Berriotxoa ikastetxeko jolaslekuan izan zen emanaldia. Mende erdi joan bada ere, musikari bikoteak ez du han bizitakoa ahaztu, eta atzo eskainiko zuten kontzertua da horren froga. Ia 60 urteko ibilbidea egin dute abeslariek, eta azken bira antolatu dute orain urte luzeko ibilbideari agur duina emateko; hain zuzen ere, Poliziaren oldarraldia bertatik bertara bizi izan zuten lekua aukeratu dute lehen kontzertua egiteko: Berriotxoa ikastetxeko jolastoki zaharra.
1976ko maiatzaren 8 hartan, Jose Ramon Etxebarria (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) ere egon zen oholtza gainean, Laboarekin batera. Fisikan doktorea da, eta urte luzez izan da EHUko irakasle, baina orduko hartan alfabetatzeko klaseak ematen zizkien auzoko euskaldunei Santutxuko gaueko eskolan, eta aurkezle lanetan aritu zela Berriotxoa ikastetxean egin zen jaialdian. «Jaialdia euskara hutsean aurkeztu nahi genuen. Horretan abila zen norbait behar zen, eta nik pozik heldu nion erronkari».
Santutxuko auzokideek, familia elkarteak eta ikastolako eta gau eskolako kideek kultur hamabostaldia antolatu zuten elkarrekin 1976ko maiatzean. Etxebarriaren arabera, antolaketa «guztiz kolektiboa» izan zen. Eta egitarauaren erdigunean zegon Euskal Kanten Jaialdia. Pantxoa eta Peio ez ezik, euskal musikaren beste izar batzuk ere bildu zituzten ikastetxearen jolastokian egindako kantaldian: bertan izan ziren Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Antton Valverde, Joseba Etxeberria eta Xabier Lete. «Itzelezko» izen zerrenda, Etxeberriaren hitzetan. Kartelean zegoen Gontzal Mendibil ere; baina kontzertuaren bezperan, larri gaixotu eta ebakuntza bat egin behar izan zioten, eta, ondorioz, ezin izan zen Santutxun egon. Â
«7000 pertsona baino gehiago zeuden han; zaharrak, gazteak eta umeak, denak alai eta kantari. Franco aurreko urtean hil zen, eta Euskal Herrian ilusio handia zegoen euskaraz gauzak egiteko»
JOSE RAMON ETXEBARRIAÂ 1976ko Euskal Kanten Jaialdiko aurkezlea
Jaialdia antolatzea ez zen garestia izan, Etxebarriak azaldu duenez: «Garai horretan abeslari horiek guztiak militanteak ziren, eta ez dut oroitzen zer edo zer ordaindu genien ere». Gainera, erantsi du azpiegitura «oso soila» izan zela. Antolakuntzan zebilen taldeak eraiki zuen egurrezko oholtza, eta banaka-banaka jarri zituen zurezko 7.000 aulki tolesgarriak. Berez, ez dago hura futbol zelaia dela esaterik, baina halaxe deitzen diote auzokideek, eta hantxe prestatu zuten dena. Asfaltatu gabeko eta harri koskorrez betetako lurra zuten zolen pean, baina ikastetxeko jolastokia areto bihurtu zuten egun hartan.Â
Aurkezle lanak egiteaz gainera, emanaldian gertatutakoari buruzko kronika bat ere idatzi zuen Etxebarriak biharamunean bertan Anaitasuna aldizkarirako. Oraindik ere garai nahasiak ziren, eta erdi kamuflatutako Poliziari buruzko erreferentziaz beteta hasi zuen testua: «Maiatzaren 8a gris kolorez jantzirik agertu zen Santutxun. Goizean zerua ilun, euria noiz egiten hasiko zain. Baina, zorionez, ez zuen euririk egin».
Orain ez du gogoan egun hartan zerua «ilun» zegoen ala ez, baina giro orokorra «oso polita» zela esan du: «7.000 pertsona baino gehiago zeuden han; zaharrak, gazteak eta umeak, denak alai eta kantari. Franco aurreko urtean hil zen, eta Euskal Herrian ilusio handia zegoen euskaraz gauzak egiteko». Etxebarriak giro horren berri ere eman zuen kronikan. Idatzita utzi zuen, halaber, jaialdia hastera zihoala «bat-batean» ikurrin bat agertu zela ikastetxearen alboko orube batean zegoen garabian, eta jendeak «biziki eta bihozkiro txalotu» zuela hura ikustean.Â
«Gauaren gris iluna»
Kontzertua arratsaldeko zortzi eta erdietan hasi zen. Pantxoa eta Peio izan ziren kantatzen lehenak. Hala deskribatu zuen egoera Etxebarriak bere kronikan: «Jendea ordena handi batean zegoen eta ez zen inor bere tokitik higitzen. Noizean behin, ‘askatasuna!’ eta antzeko oihuak entzuten ziren, eta erritmikoki kantatalde saiatu bat bailitzen, jendeak bere ahotsa eta iritzia kanporatzen eta entzunarazten zuen».Â
Bikoteak emanaldia amaitu zuen, eta Etxebarriak Mikel Laboa aurkeztu zuen hurrena. «Gauaren iluna, gauaren gris iluna, gauaren arre iluna» iritsi zen orduan, 1976ko testuan irakurri daitekeenez. Eta helduak ziren, bai, gaua eta poliziak.Â
Etxeberriak bizi gogoratzen du une hura gaur egun ere. Kontatu duenez, garabiaren ingurura hurreratu ziren zenbait polizia, ikurrina kentzeko asmoz. «Ikurrinak debekatuta zeuden orduan eta, lehenik eta behin, guk jaitsi behar genuela esan ziguten, eta guk garabira ezin ginela igo erantzun genien». Jaialdiaren antolatzaileek ezetz esan ondoren, polizia batek ikurrina jaistea lortu zuen ikusleen «txistuen artean».Â
Laboa kantatzear zegoela hasi zen Poliziaren erasoa. Atzeko aldetik sartu ziren zelaira, eta ikusleen kontra oldartu ziren borrak eskuan. Egoera «kafkiarra» izan zela adierazi du Etxebarriak, eta hori bera azaldu zuen 1976an idatzi zuen kronikan ere: «Jendea aurrerantz zetorren, zurezko aulkien gainetik hesi-lasterketa dantesko batean, zaharrek, gazteek, ezkonduek, ezkongaiek, emakumeek, gizonezkoek, haurdunek, haurgabeek, haurrek eta bestek parte hartzen zutelarik».Â
«Balio sinboliko handia du lekuak, eta Santutxuko gazteak oso emozionatuta daude, eta gu zer esanik ez. Katea ez da eten, eta hori da garrantzitsuena»
JOSE RAMON ETXEBARRIAÂ 1976ko Euskal Kanten Jaialdiko aurkezlea
Jendeak ez zuen barrutitik ihes egiteko modurik. Ikastetxeko jolaslekuak horma bat zeukan, eta irteera bakarra txikia zen. Etxebarriak eszenatokiaren gainetik ikusi zuen guztia, eta, kontatzen duenez, «geldi-geldi», «ikaratuta» eta «zer esan jakin gabe» gelditu zen. Atxiloketak egon zirela azaldu du, eta Poliziak korridore bat egin zuela ihesean zebiltzan pertsonak haien aurretik pasatzera behartzeko. «Zorionez, ez zen istripu larririk gertatu, baina dibertsioa eta jaialdia bukatu ziren».Â
Justu ostiralean igaro zen mende erdia egun hartatik. 50 urte Santutxuko auzokideek elkarlanean jaialdi bat antolatu eta Pantxoa eta Peio eskuz egindako zurezko oholtza horretara igo zirenetik. Auzoko gazteek hartu dute orain emanaldia prestatzeko lekukoa, eta musikari bikotearen azken biraren lehen kontzertua antolatu dute leku berean. 1970eko hamarkadan gazte zirenak ere han egongo direla berretsi du Etxebarriak: «Ni neu oholtzan egongo naiz, eta omenaldi bat egingo diegu Pantxoa eta Peiori eta antzinako belaunaldiko guztiei. Balio sinboliko handia du lekuak, eta Santutxuko gazteak oso emozionatuta daude, eta gu zer esanik ez. Katea ez da eten, eta hori da garrantzitsuena».Â
Santutxuko kontzertuaren ondoren, emanaldi gehiago eskainiko dituzte Pantxoak eta Peiok. Iruñean izango da hurrengoa, eta gero Lesakan (Nafarroa), Bergaran (Gipuzkoa) eta Baionan ere izango dira. Azken dantza Barakaldoko Bizkaia Arena aretoan (Bizkaia) egingo dute, 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean.