Musika

2027an Gasteizko Buesa Arenan emanen dituen hiru kontzertuetarako sarrera guztiak saldu ditu ETS taldeak

Martxoaren 13ko emanaldia da iragarri zuten azkenekoa, eta horretarako ere ez da gelditzen sarrerarik jadanik. Guztira 15.000 pertsona kabitzen dira Buesa Arenan, eta halako hiru bilduko ditu, hortaz, Arabako taldeak: 45.000 lagun.

ETS taldearen 20. urteurreneko bira amaierako kontzertua, BEC erakustazokan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ETS taldearen 20. urteurreneko bira amaierako kontzertua, BEC erakustazokan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko maiatzaren 12a
12:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora tarte laburrean hirugarrenez, ETS taldeak badu kartel hau paratzeko modua: Sold out. 2027ko martxoaren 19an eta 20an Gasteizko Buesa Arenan eginen dituzten bi kontzertuetarako sarrera guztiak ordu gutxiren buruan saldu ondoan, martxoaren 13an ere joko zutela jakinarazi zuten musikariek orain bi aste, eta, hain justu, aldi honetan ere berandu gabe eman dute sarrera guztiak bukatu direlako albistea. «45.000 esker» eman dituzte horregatik. 15.000 ikuslerentzako tokia du Buesa Arenak, eta, hortaz, halako hiru dira datorren martxoan talde arabarraren musikaren karietara bertan bilduko direnak. 

«Eskerrik asko egindako apustuagatik. Badakizue Etxean ez dela kontzertu normal bat izango, ikuskizun berezia izango dela», esan die taldeko abeslari Iñigo Etxezarretak zaleei, sareetara igotako bideo batean. Beste behin, ikuskizuna «etxean» egiteak sentiarazten dien motibazioan ere egin du azpimarra musikariak, nabarmen hunkituta. 

Eskerrak emateko bideoa ez ezik, beste bat ere zabaldu du sareetan Arabako taldeak. Horretan, Etxean ikuskizunaren promoziorako gainerako edukietan ere agertu diren Karra Elejalde eta Gorka Aginagalde aktoreak ageri dira Etxezarretaren alde banatan. Buesa Arenako harmailetan eserita dira hirurak, eta, hain justu, kontzertuaren «arrakastaren» bueltan ari zaizkio hizketan musikariari. Hura isilik da, barreari ezin eutsiz. Etxezarretak orain argitu duenez, bideo hori «guztiz inprobisatua» izan zen, eta, iradoki gisara, orduan artean ez zekiten Gasteizerako prestatutako ikuskizunak zaleen artean zer-nolako harrera izanen zuen ere, eta ezta, hortaz, bideoa zabaltzeko modurik ere izanen ote zuten. Orain, 45.000 sarrera saldu dituzten honetan, topatu dute aitzakia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA