Donostiako 73. Zinemaldia

42 film proiektatuko dituzte Zinemaldiaren Klasikoak programan

Hiru ekitaldik osatuko dute, eta horietako bat da Zinemaldiak eta Euskadiko FIlmategiak batera antolatzen duten hiru hileko zikloa. Aurten ziklo hori udazkenean egingo dute, ez udaberrian, eta guztira hamalau film emango dituzte bertan.

Zinemaldiko Klasikoak programaren aurkezpena, gaur goizean, Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Zinemaldiko Klasikoak programaren aurkezpena, gaur goizean, Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Donostia
2025eko irailaren 3a
16:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak zazpigarren artea deritzonaren klasikoak denboran eta espazioan hedatzeko asmoz antolatzen dute Klasikoak saila. Hiru programaziok osatzen dute ekinaldi hori: jaialdiko Klasikoak sailak, zinemagile baten inguruko atzera begirako beste sail batek eta bi erakundeek lankidetzan egiten duten hiru hileko zikloak. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak egitasmo bakoitzaren xehetasunak eta kartelak aurkeztu dituzte, gaur, Tabakaleran.

Klasikoei buruz jendeak duen ikuspegia aldatzeko gonbita egin dute bi aurkezleek: «Klasiko hitza ez da nostalgia eta malenkoniarekin lotu behar, memoria egitearekin baizik», adierazi dute biek. Publikoaren ikuspuntu hori aldatzeko asmoz, guztira 42 film proiektatuko dituzte programa horretan, irailetik abendura bitarte. Hamabi film Klasikoak sailean emango dituzte, hamasei atzera begirakoan, eta gainontzekoak urritik abendura bitarte egingo duten zikloan; guztira 124 emanaldi egingo dituzte. Rebordinosek azpimarratu du film ospetsuez gain aurkikuntza batzuk ere emango dituztela: «Jendeak ikusi nahi duena eta guk erakutsi nahi dieguna nahasten ditugu programa honetan».

«Jendeak ikusi nahi duena eta guk erakutsi nahi dieguna nahasten ditugu programa honetan»

JOSE LUIS REBORDINOSDonostiako Zinemaldiko zuzendaria

Mota guztietako klasikoak

Hamabi lanek osatuko dute jaialdiko Klasikoak saila. Ekainean aurkeztu zituzten sail horretan parte hartuko duten euskal filmak —100 metro (Alfonso Ungria), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga), Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano)—, eta dagoeneko eman dute beste zazpiren berri. Bakarra geratzen da jakiteke, baina, adierazi dutenez, laster jakinaraziko dute zein den. Antza denez, Zinemaldiarekin lankidetzan askotan aritu den norbaitek lotura estua du film horrekin, eta Rebordinosek adierazi du hark aurkeztea gustatuko litzaiekeela.

Sail hori Jose Luis Borauren Los furtivos filmak inauguratuko du, film horrek mende erdia bete duen honetan. Bigarrenez egongo da jaialdian; izan ere, 1975ean proiektatu zuten han, eta Urrezko Maskorra irabazi zuen. Christian-Jaqueren Un revenant (1946), Antonio Gimenez-Ricoren Vestida de azul (1983), Stanley Kubricken Barry Lyndon (1975) eta Jorge Fonseren El callejĂ³n de los milagros (1994) iragarri dituzte beste batzuen artean. Azken horrek amaituko du saila.

Lillian Hellmanen enigma lausotuz

Maiatzean iragarri zuten moduan, aurtengo atzera begirakoa Lillian Hellman gidoigileari eskainiko diote. Jaialdiaren esanetan, «enigmaz» beterikoa da gidoigilearen obra eta bizitza, eta enigma hori lausotzeko asmotan 1935etik 1999ra bitartean estreinatutako bere hamasei film luze proiektatuko dituzte. Gehienak William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle eta George Roy Hill zuzendariekin egindako filmak izango dira.

Jaialdiko antolatzaileek Hollywood klasikoaren funtsezko figuratzat dute Hellman, eta emango dituzten film guztien artean The Little Foxes (1941, William Wyler), The Children’s Hour (1961, William Wyler) eta The Chase (1966, Arthur Penn) nabarmendu ditu zuzendariak.

Udaberritik udazkenera

Bestalde, jaialdiak eta filmategiak lankidetzan egiten duten zikloa udaberrian egin ohi dute, eta, aurten, jaialdia amaitzean egingo dute. Fernandezen esanetan, «Zinemaldiak lortzen duen bulkada» baliatuz urrian hasiko dute egitasmoa. Aurtengo alditik aurrera hala egingo dutela ere iragarri du. Adierazi duenez, kanpora begira aritu dira programa osatzerako garaian: «Nazioarteko beste filmategietan egiten dutenari begiratzen diogu gure programazioa antolatzeko». Hiru hilabeteko zikloa izango da, eta Euskal Herriko hainbat lekutan ibiliko dira: Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen (Lapurdi).

Zikloaren kartela ere aurkeztu dute, eta bertan Ingrid Bergman eta Cary Grant ageri dira. Alfred Hitchcocken Notorious (1946) klasikoaren fotograma bat da, eta film horixe bera izango da zikloan proiektatuko diren hamalau filmetako lehena. Zikloaren programa osoa irailaren 30ean iragarriko dute, baina jada zabaldu dute lehenengo emanaldia Gasteizko Artium museoan izango dela, urriaren 1ean. Filmategiaren zuzendariak aurreratu du emanaldietan sorpresa ugari egongo direla —zuzendarien agerpenak, adibidez—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.