Gotaine-Irabarnen eta Agurainen geldialdia egin ostean atsedena hartuko du asteburu batez txapelketako trenak. Saio jendetsuak izan dira biak ere, eta lehenengo fasearen hondarrean, Xabat Illarregi eta Nerea Elustondo izan dira protagonista nagusiak.
Bere hautagaitzaren aurkezpen ikusgarria taularatu zuen Xabat Illarregik Gotainen: erraztasun sinesgaitzez erortzen zaizkio bertsoak leitzarrari, estanpazio makina batek errepikakortasun zehatzaz onduriko altzairuzko piezak nola. Saioaren amaieran zakuratutako puntuez haratago, nabarmentzekoak oholtzan egoteko bere modua, jarrera zein kantaera. Pentsatzekoa da, gainera, txapelketak aurrera egin ahala eta plazek dimentsio handiagoa hartzen duten neurrian bere mailak ere neurri berean egingo duela gora. Ez da zaila, orain lau urte bere anaia zaharragoak lorturiko balentria gogora ekarriz, anaia gazteena azkenera arte Nafarroa Arenarako borrokan egon daitekeela irudikatzea. Izan zen bestela ere zer nabarmendua Gotaineko saioan, Andoni Rekondoren irudiak sortzeko gaitasuna, adibidez (biharamunean Agurainera arratsalde pasa joan eta bihotzekoak emanda ospitalean amaitu ez zuenean…).
2001ean lehenengo aldiz kantatu zuenetik mende laurdena bete du aurten Nerea Elustondok txapelketa honetan. Erraza da esaten. Nagusitasun erabatekoz irabazi zuen legazpiarrak Aguraingo saioa, ezinezkoa zirudienean Hazparneko estreinako saio dagoeneko urrun hartan Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena «Mondo Duplantis» pareak jarritako puntuaketa langara beste inork ez bezala hurbiltzea lortuz, gainera. Ofizioren batean gaitik aparte xamar aritu izanagatik, dirdira handiz ondu zituen ia lan guztiak, goia joaz 8ko txikian hegazkina hartu aurretik errezatzen ari den ustezko ateoaren azalean, edo puntu erantzunetan zein ganbarako lanean, zeinetan gaiak proposaturiko egoera modu sinesgarrian tolestu zuen lagun min izatetik zerbait gehiago izatera igaroko den bikotearen istorioa harilkatuz.
Aipaturikoaren harira, deigarria izan zen Agurainen zenbait gaitan bertsolariak gaiak emandako zehaztapenei behar bezala heldu gabe aritu izana kantuan, gai horiek, xehetasun gehiegiz jantziak sarritan, apur bat nahasgarriak izan zitezkeelako bat-batean ari direnen larruan jarriz gero, agian, edo bertsolariek pentsatzeko baliatzen duten denbora tarte laburrean behar bezalako heldulekuak topatzen ez asmatzeagatik. Halako desorekei amaierako puntuaketan behar besteko pisua eman ez izanaren sentipen gazi-gozoarekin irten zen bertsozale bat baino gehiago saiotik. Kontestua kontuan hartzea garrantzitsua baita, izan ere, kasu honetan: finalerdietara igarotzeko lehia ezin estuagoa, hots, berdinketa teknikoa 660 puntuen bueltako amildegiaren muturrean dozena erdi bertsolariren artean edo. Edonola ere, Nerea Elustondok Agurainen azkeneko agurrean mila motiborengatik txapelketatik kanpo geratu diren bertsokideak oroituz dotoreziaz kantatu zuen moduan, «bizitza ez da hemen bukatzen/ ta bertsogintza ere ez». Plazetan ikusiko dugu elkar.