Literatura

Arkaitz Uranga Urbietak irabazi du Minaberri itzulpen beka

Juerg Schubiger autore suitzarraren 'Als die Welt noch jung war' narrazio bilduma euskaratuko du bekaren babesean, eta Naroa Zubillaga Gomez itzultzailea izanen du mentore. Txalapartak emanen du liburua argitara.

Arkaitz Uranga Urbieta, Minaberri bekaren antolatzaileek helarazitako irudi batean.
Arkaitz Uranga Urbieta, Minaberri bekaren antolatzaileek helarazitako irudi batean.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko maiatzaren 13a
13:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakinarazi dute nork jasoko duen Minaberri beka: Arkaitz Uranga Urbieta itzultzailea (Mendaro, Gipuzkoa, 2002) da saritua. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Iruñeko Udalak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute deialdia, eta hirugarrenez antolatu dute aurten. Gazte literaturako nazioarteko obra esanguratsuak euskaratu daitezen sustatzea da bekaren helburua, eta Cedro Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroaren laguntza ere badauka ekinaldiak. Gaur eman dute aurtengo deialdiaren irabazlearen berri, ohar bidez.

Uranga Urbietaren lagina nabarmendu dute epaimahaikideek hautagaien artean, eta hortaz, hari egokitu diote Juerg Schubiger psikologo eta idazle suitzarraren Als die Welt noch jung war euskaratzeko lana. Schubigerek 1995ean eman zuen jatorrizko lana aurrenekoz, alemanez. Dena ongi bidean, 2027aren hondarrean izanen da hura euskaraz leitzeko aukera. Txalaparta argitaletxeak plazaratuko du. 

Zehazki, Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatu dute epaimahaia aurten. Hain justu, Mendiluze nagusitu zen bekaren estreinako aldian, 2024an, eta iragan udazkenean eman zuen emaitza argitara: Laurie Halse Anderson idazlearen Utzi kontatzen jatorrizkoan, Speak—. Bestalde, Zubillaga Gomezek bi rol ditu bekaren aldi honetan: epaimahaiko kide ez ezik, mentore ere bada. Uranga Urbietari lagunduko dio aurrerantzean. 

Istorio laburren bilduma

Izan ere, gazte literaturako nazioarteko obra esanguratsu bat euskarara itzultzeko baliabideak ematea du helburu Minaberri bekak, eta laguntza hauek ematen ditu horretarako: 3.000 euroko laguntza ekonomikoa, lana argitaratzeko bidea —Txalapartak liburua argitaratuko duelako bermea— eta mentoretza. Itzultzaile gazteak lagundu nahi ditu bereziki, eta, horregatik, 30 urtetik beherako itzultzaileak aurkez daitezke deialdira. 

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Uranga Urbietak deialdira aurkeztutako laginari so, itzultzaileak ederki asmatu du Schubigeren adierazkortasun linguistikoa euskaratzen, eta egoki errespetatu du testuaren erritmoa. «Natural eta hizkera freskoarekin» jardun duela azpimarratu dute, besteak beste. Schubergen Als die Welt noch jung war lana istorio laburrez osatua dago, eta narratzailearen eta irakurlearen artean ezartzen duen elkarrizketa arinagatik da ezaguna, batik bat. Munduaren jatorriari buruzko gogoeta original eta jostalariz josita dago liburua. Aitortza ugari jaso ditu argitaratu zenez geroztik, hala nola Haur Literaturako Alemaniako Sari Nagusia, 1996an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA