Donostiako 74. Zinemaldia

Ah Biao, Fred Cavaye, Jesse Eisenberg, Amanda Kernell, Gabriel Martins eta Tony Vahl zuzendarien filmak ere lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean

Aurrez iragarriak ziren beste hamar lanei batuko zaizkie Urrezko Maskorra irabazteko lehian, eta, hortaz, guztira hamasei hautagai izanen dira aurten garaikur hori eskuratzeko. Donostiako 74. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra eginen dute.

Tony Vahl zuzendariaren lehenbiziko film luzea da Urrezko Maskorra irabazteko lehian izanen diren lanetako bat: 'Krux'. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Tony Vahl zuzendariaren lehenbiziko film luzea da Urrezko Maskorra irabazteko lehian izanen diren lanetako bat: 'Krux'. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko abuztuaren 14a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jadanik posible da Donostiako 47. Zinemaldiko Urrezko Maskorra nork irabaziko duen asmatzeko kinielak egiten hastea, edo, sikiera, norberaren kolkorako aurreikuspenak egitea. Aurten festibalaren Sail Ofizialean eta lehiaketan ariko diren beste sei filmen izenak jakinarazi dituzte antolatzaileek, eta, aurrez iragarriak zituztenekin batuta, hautagai guztiak dira jakinekoak jada. Hamasei dira osotara. Ah Biao, Fred Cavaye, Jesse Eisenberg, Amanda Kernell, Gabriel Martins eta Tony Vahl zuzendarien hautagaitzak aurkeztu dituzte orain, zehazki.

Ah Biao zuzendaria Bian Jing / Border bere lehenbiziko filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean. Jaiotzez txinatarra da Biao, baina sorterriko mugez gaindi egin du ibilbidea zinemagintzan, eta Bangkok du bizitoki aspaldi. Mugari so egiten dio Donostian aurkeztuko duen filmak berak ere, diferente eginagatik. Mugako herri batean girotua dago, «herri ahaztu batean», eta, han, miseriaz betetako bizimoldea du protagonistak; meatzaritzan lan egiten duen gizon gazte bat da —Zheyan Lik jokatzen du haren rola—. Emakume bat ezagutuko du halako batean, bide ilunetan murgilduko da hari segika, eta krimen bat egitera beharturik ikusiko du bere burua azkenerako. Hong Kongen, AEBetan eta Hego Korean grabatu eta ekoitzi du lana Biaok.

Egokitzapen bat ere izanen da Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Fred Cavaye gidoigile eta zuzendari frantsesak Les Misérables lanean oinarrituriko film bat aurkeztuko du. Besteak beste, Vincent Lindon, Tahar Rahim eta Noemie Merlant aktoreek jokatzen dituzte protagonisten rolak ekoizpen honetan. 

Hirugarrenez plazara

Jesse Eisenberg estatubatuarraren The Debut hirugarren filma ere kabiarazi dute Sail Ofizialean. Filma zuzentzeaz gain, lanaren beste zenbait alderditan ere rol inportantea izan du Eisenbergek. Gidoia hark idatzia da, ekoizpenean ere gidari jardun da, aktore ere bai, eta musikan ere berebiziko rola izan du: bai musika eta bai kantuen hitzak hark konposatuak dira. Argumentuari dagokionez, hau du ardatza filmak: ezustean musika izar bihurtu den etxekoandre lotsati baten istorioa. Julianne Moore da aktore nagusia. 

Amanda Kernell zuzendari suediarra ere bere ibilbideko hirugarren film luzearekin helduko da Donostiara irailean: Garrat du vĂ¡immu / Brace Your Heart. Suedian, Norvegian, Danimarkan, Islandian eta Bulgarian ekoitzitako filma da. Urteetan familiaren ardurapean bizi den elur orein taldea bizirik iraunarazi eta zaindu behar duen emakume bat da protagonista —Elli Sara Valkeapaa da aktorea—. Maitasunari loturiko zenbait korapilo ere azalduko zaizkio parera andreari, eta ez du bide erraza izanen. 

'Vicentina pede desculpas / On Behalf of My Son' filmeko irudi bat.
'Vicentina pede desculpas / On Behalf of My Son' filmeko irudi bat.

Eta hirugarren lana du, kurioski, Gabriel Martinsek ere. Zuzendari brasildarra Vicentina pede desculpas / On Behalf of My Son lanarekin lehiatuko da Donostian. Semeak eragindako istripu baten harira ama batek biziko duen estualdia eta oinazea dira istorioaren ardatza; istripuaren biktimen senideek barkatzea izango du helburu. 

Askotarikoak lehian

Tony Vahl zuzendariak, berriz, fikzioa guztiz alboratu gabe baina egiazko gertakari batzuetan oinarrituz osatu du Krux lana. Lehenbiziko lan luzea du, eta, zehazki, Alemaniako ipar-ekialdeko herri txiki batean izandako gertakari batzuk hartu ditu helduleku. Zera kontatzen du: Bigarren Mundu Gerraren amaieran naziek herritarrei eskatu zietenekoa ez zezatela bizirik utzi etsaiek aurkitzen ahalko zuten deus ere. Giro iluna da nagusi, beldurra ere bai, eta egoera are gehiago gaiztotuko da ibaiko urek inork identifikatu ezin dituen zenbait gorpu ekarritakoan. 

Donostiako Zinemaldiak film hauek zituen aurrez iragarriak Sail Ofizialerako: El mal padre (Roberto Bueso), 7:40 ce matin-là / Milo (Nicole Garcia), Sants / Saints (Mikel Gurrea), Muyou no hito / In My Father's Room (Maha Harada), Mis muertos tristes / My Sad Dead (Pablo Larrain), Tender Loving Care (Mike Leigh), Markens Grode / Growth of the Soil (Hans Petter Moland) Glaxo (Benjamin Naishtat), 5 minutos mĂ¡s / 5 more minutes, (Javier Ruiz Caldera) eta Artakalan / What Remains (Yesim Ustaoglu).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA