Ezin da esan espero ez zenik. Irailaren 19an Hazparnen (Lapurdi) bideari lotu zitzaionetik izandako zortzi saioetan jende andana bildu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak. Saio guzti-guztietan gelditu da bistara herritarrek duten bertso egarria, eta, are, Bertsozale Elkarteak hainbatetan eskegi behar izan du saioa ikusteko sarrerak bukatu direlako kartela aldez aurretik; larunbat honetan Eibarren (Gipuzkoan) jokatuko dena da horren adibide, iragan igandean saldu baitziren ordurako gelditzen ziren sarrera apurrak. Ez dago gehiagorik. Eta antzera gertatu da orain, baina are handiagoa da arrakastaren neurria: ia bi hilabete falta dira finalerako, eta dagoeneko ez dago sarrerarik. 13.000 lagun ingururentzako lekua dago Nafarroa Arenan.
Abenduaren 20an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finala ikusi nahi eta oraindik sarrerarik eskuratu ez duenak bestelako bideetara jo beharko du, ezinbestean. Bertsozale Elkarteak berak horretan egin du azpimarra sarrerak bukatu direlako notizia zabaltzearekin batera: «Finala etxetik ikusteko aukera anitz egongo da, baita bertsoarekin beste hamaika plazatan gozatzekoa ere». Gogorarazi dutenez, herritarrek bertsoa.eus atarian zein EITBko emisioetan dute finalaz zein aurrez izatekoak diren finalaurrekoez gozatzeko aukera.
Hain zuzen, BERRIAk ere finalaurreko saio guztiak emanen ditu bere webgunean, zuzenean, ETBren seinalea erabiliz horretarako. Eta horrez gainera, saioen aurretik zein ondoren luze eta zabal arituko da kantaldi bakoitzaz.
Ikusi gehiago
Finalaurrekoetan murgildua dago txapelketa oraintxe bertan. Urriaren 11n Agurainen (Araba) bukatu zen lehenbiziko fasea, eta, hain justu, joan den larunbatean Lekunberrin (Nafarroa) jokatu zuten finalaurrekoetako lehenbiziko itzuliko lehenbiziko saioa. Amets Arzallus nagusitu zen.
Larunbat honetan Eibarrera helduko da bertso txapelketa. Alaia Martin, Asier Azpiroz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan, Igotz Alkorta gai jartzailearen argibideei segika.