Musika

CMAT: melodrama ziztadak country-popean

CMAT abeslari irlandarra geldiezin dabil 2022an bakarkako bidea urratzen hasi zenetik. Karisma, ironia 'kitsch'-a eta kantuetako narratiba zintzoak dira haren musikaren ardatzak. Uztailaren 10ean BBK Liven aurkeztuko du bere azken albuma: 'Euro-Country'.

CMAT abeslaria, 2025ean Lisboan emandako kontzertu batean. JOSE SENA GOULAO / EFE
CMAT abeslaria, 2025ean Lisboan emandako kontzertu batean. JOSE SENA GOULAO / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko ekainaren 28a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oholtzaren gainean eta oholtzatik kanpo guztiz desberdin jokatzen duten horien kontrakoa da Ciara Mary-Alice Thompson (Dunboyne, Irlanda, 1996). Batean edo bestean bere burua jendaurrean aurkezteko baliatzen duen deitura da diferentzia bakanetako bat, musika eszenan CMAT izenordearekin baita ezaguna bere bakarkako ibilbidea abiatu zuenez geroztik. Aurrez, Bad Sea taldean aritu zen, baina 2017an proiektu hori desegitea erabaki, 2022an If My Wife Knew I’d Be Dead diskoa plazaratu, eta bestelako ur batzuetan hasi zen murgiltzen. Eta, izatez, batez ere ordutik dabil are ausartago bustitzen. Bai eta zipriztintzen ere. Irlandarrak hori baitu zigiluetako bat, hain justu: kantuan zein hizketan, bietan mintzo dela ahoan bilorik gabe, eta ez diela auzi politikoei izkin egiten. Haren azken albuma da horren erakusle garbiena: Euro-Country.

Iazko abuztuan kaleratu zuen disko hori CMATek. Hirugarrena du bere bakarkako ibilbidean, hamabi kantu bildu ditu guztira, eta 2025eko disko hoberenaren Mercury saria irabazteko hautagai izendatu zuten lanagatik. Orain arte haren musikaren ardatz izandako country-pop doinuak askatu gabe konposatu ditu abestiok ere. Folkari eta bluesari ere egin die tokia atzera, baina, hala eta guztiz, nabarmena da eklektikoago azaldu nahia. Musikariak harago begiratu baitu oraingoan; rockari eta jazzari ere zabaldu die atea, besteak beste.

Kantuen hitzak autobiografiari tiraka idazten dituela aitortutakoa da. Bizipen edo gogoeta batzuk hartu, haiek guztiak «iragazi», eta abesti on baten parte eta are «bizkarrezur» izan daitezen asmatzea da gakoa, haren esanetan. Izan ere, musikariaren arabera, abesti bat egiteko lehenbiziko urratsa errepika on bat sortzea izaten da aldiro. Eta kritikak berak ere horixe bera aitortzen dio artistari sarritan: errepika itsaskorrak sortzeko gaitasuna. Lan sakon bat dago horren atzean, edonola ere, artistaren beraren hitzetan: «Hitzak eta melodia datoz lehenbizi, bata besteari lotu-loturik beti, elkarrekin funtziona dezaten. Gainerakoa gero dator: ekoizpena, grabaketa... baina ondoko pauso horiek guztiak beti datoz aurrez idatzitakoari laguntzera, hari eustera». 

Barrukoz kanpora

Askotarikoak jaso ditu hamabi kantuko sortan. Zendutako pertsona batez mintzo da Lord, Let That Tesla Crash baladan; The Jamie Oliver Petrol Station abestian ahoan bilorik gabe egiten du kantu Jamie Oliver sukaldari britainiarrari dion «gorroto irrazionalaz», umorez, eta, aldiz, emakumeei inposatzen zaizkien mandatu «itogarriei» buruzkoa da aire epikoa ere badaukan Running/Planning abestia.

Besteak beste, esanguratsua da Take a Sexy Picture Of Me abestiaren bidez CMATek aireratutako mezua ere. 2024an, BBC kateak antolatutako emanaldi batean parte hartu zuen musikariak, eta haren gorputzari eta pisuari buruzko kritika eta gorroto mezu andana bat jaso zuen horren kontura. Orduan ere salatu zituen erasook CMATek, publikoki, baina, urtebeteren buruan, preseski musikak lagunduta erantzun zien diskurtso lodifoboei, Take a Sexy Picture Of Me-rekin.

Euro-Country aurkezteko kontzertu biran murgildua da artean CMAT, eta Euskal Herrian eginen du geldialdia laster. Uztailaren 10ean Bilboko Kobetamendin ariko da, BBK Liven. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA