Kasik ezinezko gertatzen da gogoa inprentara ez joatea. «Hitz egiten ari garen une honetan bertan, labetik ateratzear egongo da [Aleksandra] Kollontairi buruzko liburu bat; haren pentsamendu iraultzailera hurbiltzen gaituen lan bat da, erakusten duena iraultza egiteko eguneroko bizitzan ere egin behar dela iraultza». Datorren horrek piztutako ilusioaz kargatuta datoz hitzak Katakrakeko Aitziber Jimenez de Aberasturiren solasera. Argitaletxeak laster aurkeztuko du Olga Bronnikovak eta Matthieu Renaultek idazle errusiarraren gogoetei tiraka idatzitako Défaire la famille, refaire l'amour (Familia desegin, maitasuna berregin) lanaren gaztelaniazko itzulpena, eta, inprentako engranajeak zertan ariko ote diren buruan, hura oroitu du editoreak aurrena. Segidan, Marino Goñik idatzitako «memoria, bataila eta abentura liburua». Eta Hannah Arendten Iraultzaz ere bai. Laster iritsiko baitira horiek ere. Bolada bizi-bizia, eta are, frenetikoa da udazkena argitaletxeentzat. Berdin da zenbat urte joan diren abian. Edo ez guztiz. Nola ba. 2016ko azaroan hasi zen Katakrak liburuak argitaratzen, duela hamar urte, eta hori bera ere ospatu nahi dute orain. «Solasean, pentsatzen, janean eta dantzan» eginen dute.
Sute bat pizteko oharrak izeneko jardunaldiak eginen dituzte, hain justu. Datorren asteartean hasi eta larunbatera arte iraungo duen egitaraua ondu dute, sei mahai inguru, bi otordu eta kontzertu bat antolatuta, zehazki. Hannah Hochen collageekin alderatu dute programazioa argitaletxekoek, «handik eta hemendik» jasotako piezekin osatutako Frankenstein bat dela iradoki ere bai, baina jardueren bidez hizpidera ekarri nahi dituzten gaiei erreparatu besterik ez dago hau ondorioztatzeko: urteotan guztietan plazaratu dituzten liburuen oihartzunak izanen dituzte lagun.
Hamar urtean guztira 135 liburu argitaratu baititu Katakrakek: 61 euskaraz eta 74 gaztelaniaz. Angela Davisen Askatasuna, etengabeko borroka bat eta Srecko Horvaten La radicalidad del amor itzulpen lanekin egin zuten debuta. «Biokin ailegatu ziren lehenbiziko Durangoko Azoka hartara», oroitu du, samur, Jimenez de Aberasturik. Hark bi urte eskas daramatza argitaletxean editore, baina lehendik ere ezagun zuen proiektua, eta, dena dela, transmisioa egin den seinale, zehaztasunez freskatu ditu 2016ko abiapuntu hartan gertatutakoak.
«Katakraken etengabe dago atzerriko liburuak benetan hemengo koiunturara ekartzeko eta konexioak sortzeko saiakera bat»
AITZIBER JIMENEZ DE ABERASTURI Katakrak argitaletxeko editorea
Kontatu duenez, aldez aurretik ere liburu denda bat zutelako sortu zuten argitaletxea, eta baten batek pozik baina harriduraz hartu zuen hura martxan jarri nahia. «Altzaten dugu inprenta guk, eta, esan didatenez, Katakrakeko Germanek [Esparza] hango Xabier Azkarragari esan zionean argitaratzen hasi nahi zutela, Azkarragak pentsatu omen zuen zoratuta zeudela».
Bulkadei segika aurrera
Editoreak, gainera, gogora ekarri du 2016an euskarara ekarri zuten Davisen liburu harekin berarekin inprentan zer gertatu zitzaien ere.
Izan ere, Black Lives Matter (Beltzen bizitzak axola du) fenomenoaren gainekoa da lan hori. AEBetako jazarpen arrazistari buruzkoak dira nagusi liburuan, baina, hain zuzen lana inprentara bidaltzekoak zirenean, Iruñean hil zuten Elhadji Ndiaye senegaldarren berri izan zuten Katakrakekoek, urriko azken larunbatean, urriko azken larunbatean. «Justu-justu, denbora izan zen liburuari argitaletxearen ohar bat eta Gazteluko plazako protesten argazkiak gehitzeko», kontatu du editoreak, eta zera erantsi gero: «Are garbiago sentitu zuten zenbateraino zegoen konektatua Davisena eta Euskal Herria. Orduan horrela gertatu zen, baina Katakraken etengabe dago atzerriko liburuak benetan hemengo koiunturara ekartzeko eta konexioak sortzeko saiakera bat».
Katakrakek euskal irakurleari ekarri dizkion autoreen artean daude, besteak beste, Annie Ernaux, Rosa Luxemburg, Charles Bukowski, McKenzie Wark, Friedrich Engels, Silvia Federici eta Leslie Feinberg. Zerrenda luzeagoa da, halere, eta luzatu eginen da aurrerantzean, nabarmendu dutenez.
Aurrez, baina, jardunaldietan jarriko dute arreta Katakrakekoek.

Asteartean abiatuko dute programazioa, azaroaren 3an, 18:00etan: Zenbat historia, hainbat galdera: euskaraz argitaratzea XXI. mendean izeneko solasaldia antolatu dute ordurako, eta Maria Mur Dean (Consonni), Itzea Urkizu (Elkar) eta Hedoi Etxarte (Katakrak) bilduko dituzte mahaiaren bueltan. Jimenez de Aberasturi: «Zer behar dugu argitaletxeok? Zer nahi dute irakurleek? Argitaletxeok zertan aritu behar genuke orain? Galderak asko dira; beraz, bila ditzagun erantzunak elkarrekin».
«Zer behar dugu argitaletxeok? Zer nahi dute irakurleek? Argitaletxeok zertan aritu behar genuke orain? Galderak asko dira; beraz, bila ditzagun erantzunak elkarrekin»
AITZIBER JIMENEZ DE ABERASTURI Katakrak argitaletxeko editorea
Biharamunean, azaroaren 4an, gaztelaniazko mahai inguru batek emanen dio segida egitarauari: Una máscara en la ciudad. Una disputa por quién cabe en la ciudad.
Ostiralean irakurle taldeei eginen diete so, Pospolo kaxa bat mesanotxean: irakurle taldeak gaur eta bihar mahai inguruaren bitartez. «Omenaldi bat ere egin nahi genien irakurle taldeei, ez baitugu ahazten ezinbesteko espazioak direla baita argitaletxeek aurrera egin dezaten ere», nabarmendu du Katakrakeko editoreak. Saio horretan, Iban Zaldua Gasteizko irakurle klubeko koordinatzailea, Aratz Fernandez de Pinedo Azpimarra irakurle taldeko kidea eta Asun Agiriano Arrasateko liburutegiko liburuzaina ariko dira hizlari, Itziar Diez de Ultzurrunek gidatuta. 19:00etan hasiko dira.
Dantzan ikusi
Eta jardueraz betea helduko da larunbata, azkenerako. Batetik, bi hitzaldi izanen dira goizean; gaztelaniaz biak. 11:00etan, feminismoa izanen dute hizpide —Dar forma a la radicalidad del conflicto—, eta, Jimenez de Aberasturik berak gidatuta, Jule Goikoetxea, Itziar Ziga eta Flavia Navarrete ariko dira solasean. Horren ondotik, 12:30ean, Un libro, un ladrillo mahai ingurua izanen da, eta Simon Vazquez (Verso), Emmanuel Rodriguez (Traficantes de Sueños) eta Nerea Fillat (Katakrak) ariko dira.
Arratsaldez, musikari zabalduko dizkiote ateak, parez pare: 20:30ean Mateo Zikuta eta Durum Solo Karne proiektu artistikoen kontzertua izanen da, baina, gainera, musikari buruzko solasaldi bat ere eginen dute lehenbizi. Nahi zaitut dantzan ikusi deitu dute solasaldia, eta Katakrakeko Luis Soldevillak gidatuko du. Hauek hartuko dute parte: Ion Celestino, Claudia Rodriguez eta Beñat Rodrigo Kiliki. Hain zuzen, hirurek parte hartu zuten Katakrakek 2023an argitaratutako Hau dena LP bikoitzean.
Ikusi gehiago
Egitarauan bildutako emanaldi eta hitzaldi guztiak sarrera librekoak dira. Otorduak baizik ez dira ordainpekoak: ostiralean afaria eta larunbatean bazkaria eskainiko ditu Katakrakek. Kantinan eskura daitezke tiketak.