Antzerkia

'Desobedienteak 18/98' antzezlanarekin hasiko dira Azpeitiko antzerki topaketak, bihar

Azaroaren 22ra bitarte egingo dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. Guztira, hamabi antzezlan eta hiru tailer antolatu dituzte, eta antzerkia ikasten dabiltzan gaztetxoek ere tartea izango dute beren antzezlanak erakusteko.

'Desobedienteak 18/98' antzezlanaren argazki bat. GORKA BRAVO
'Desobedienteak 18/98' antzezlanaren argazki bat. GORKA BRAVO
Odile Bourguignon Goñi
2026ko urriaren 29a
15:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azpeitia (Gipuzkoa), antzerkia, eta «zerbait ederra etorri aurreko zirrara». Hiru elementu horien errepresentazioa da aurtengo Euskal Antzerki Topaketak iragartzen dituen kartela. «Azpeitia, kioskoaren bidez; antzerkia bera, karetaren eta sol klabearen bidez; eta, azkenik, emanaldi bat hasi aurreko momentua, aulki baten bidez», azaldu du Leire Sarasua Azpeitiko Kultura Batzordeko buruak ohar bidez. Topaketak antolatzen diren 44. aldia da aurtengoa, eta bihartik azaroaren 22ra bitarte iraungo dute. Hamabi antzezlan eta hiru tailer egingo dituzte guztira, eta sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean eros daitezke.

Topaketek euskal aktoreen eta konpainien lana plazaratzea dute helburu, eta horixe bera adierazten du antolatu duten askotariko egitarauak. Bihar Tanttaka teatroaren Desobedienteak 18/98 antzezlana ikusi ahal izango da Soreasu antzokian, 19:00etan. Maria Goirizelaiak zuzendu do obra, eta, hartan, Zientzia Politikoetan doktorego tesia egin berri duen ikasle batek bere tesia defendatuko du epaimahai baten aurrean; desobedientzia zibilaren aldarria egingo du. Eta asteburuko hurrengo ekitaldia ere Soreasun bertan izango da, igandean, 19:00etan. Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bi baso bat ur obra emango dute orduan. Edurne Azkaratek eta Oier Guillanek zuzendu dute, eta obrak dantzaleku batean dauden lau pertsonaren istorioa kontatzen du. 

«Barre eginaraziko diguten lanak, malkoren bat botaraziko digutenak, pentsarazi egingo digutenak edo, besterik gabe, geure burua egoera xelebreetan imajinatzeko aukera emango diguten antzezlanak izango ditugu Azpeitian»

LEIRE SARASUAKultura batzordeburua

Baina Soreasu antzokiaz gain, tartean izango da Dinamoa sormen gunea ere. Esaterako, azaroaren 7an Hortzmuga Amestuz taldeak txotxongilo tailerra egingo du 5 urtetik gorakoentzat. Saio horretan, «argiarekin eta itzalarekin dantza egingo duen paisaia erraldoi» bat sortzeko asmoa dute naturako elementuak erabiliz, «itzal antzerkiaren teknikak ezagutzeko eta taldean mundu eder bat amesteko» asmoz. Azaroaren 21erako, berriz, Munstro eszenikoa performance tailerra antolatu dute Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek, Dinamoan hori ere. Inprobisazioan eta sorkuntza eszenikoan murgilduko dira, «munstroaren gaineko iruditeria poetikoa bidelagun». 

Ikasleak antzezle

Azaroaren 9tik 13ra bitarte gaztetxoak izango dira protagonista; izan ere, urte osoan Dinamoan egiten diren antzerki tailerretan landutakoa erakusteko tartea izango dute. Gainera, beste herri batzuetako antzerki eskoletako taldeak ere bilduko dira Azpeitian; hala nola Bermeokoak (Bizkaia), Errezilgoak (Gipuzkoa) eta Amezketakoak (Gipuzkoa). «Eskola antzerkiaren bidez, antzerkiaren harrobia landuko dugu beste behin ere», adierazi du Sarasuak. 

Eta kalera ere aterako dute antzerkia, azaroaren 7an Zurrunka Teatroaren eta La Semilla Voladora taldearen artean ekoitzitako Birakolore kaleko antzezlana ikusi ahal izango baita Perez Arregi plazan. Adineko bikote baten pausoen atzetik ibiliko da jendea, kalez kale, «bizitza landatzen, haziak banatzen, olerkiak ereiten, bihotzak dantzarazten eta utopia praktikatzen». Finean, gustu guztietako ikusleak asetzeko adina ekitaldi izango dituzte, Sarasuaren esanetan: «Barre eginaraziko diguten lanak, malkoren bat botaraziko digutenak, pentsarazi egingo digutenak edo, besterik gabe, geure burua egoera xelebreetan imajinatzeko aukera emango diguten antzezlanak izango ditugu Azpeitian». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA