Aurrena Bertolt Brechtek josi eta ondotik musikaturik eta Mikel Laboaren ahots zilarkaran ere euskaradunoi heldutako esaldi batek eman dio izenburua solasaldiari: Zenbat historia, hainbat galdera. Hainbat interpretazio sor ditzake hitz segida horrek, baina, haietako bati helduta, hark iradokitzen duen hori baieztatu besterik ez dago orain. Izan ere, euskarazko lanak publikatzen dituzten argitaletxe eta zigiluen gaur egungo egoerari buruzko mahai ingurua izan da Katakrakek antolatutako hori, argitaletxearen hamargarren urteurrenagatik martxan dituzten jardunaldien lehenbiziko saioa, eta Consonniko Maria Mur eta Elkarreko Itzea Urkizu bildu dituzte mahaiaren bueltan, Hedoi Etxarte aurkezle eta solaskide zutela. Eta, horretan, hasi eta buka gelditu da bistan zera: dozena bat buruhauste ez ezik zientoka galdera ere azalera litezkeela gaiaz. Eta, ezinbestean, guztiei ez, baina haietako frankori bilatu diete erantzuna hiru hizlariek astearte arratsean Iruñean, sakon, panoramaren iluna nabarmenduz zenbaitetan, baina baita argitsu ere tarteka, anbiziotsu. Itxaropena hitzaren oihartzunak behin baino gehiagotan hartu du sala.
Brechten hitzak lagun orduan ere, entzuleari irudimen ariketa bat eginaraziz abiatu du solasaldia Etxartek, zeharka. Langile baten galderak liburu baten aurrean izena du poeta alemaniarraren olerkiak, eta, hain zuzen, liburu bat sortzeko lehenbiziko imintziotik beretik harik eta liburu hori irakurlearen eskuetara ailegatzen den arte zenbat lagunen lana behar den imajinatuarazi dio editoreak jendeari.
Argitaletxe batean eta haren orbitan dagoen lanari begiratzeko asmoz egin baitute Iruñeko mahai ingurua. Dena dela, euskaraz lan egiten duten argitaletxeetako arduradun eta buruen talde argazkia apurka nola aldatu den ere gelditu da agerian, bide batez.
Etxartek oroitu duenez, orain dela bederatzi urte ere edizioari buruzko saio batzuk antolatu zituzten argitaletxekoek —Edizioa etzi—, eta hauek izan ziren hizlariak lehenbizikoan: Gorka Arrese (Susa), Xabier Mendiguren (Elkar), Xabier Olarra (Igela) eta Mikel Soto (Txalaparta). Bada alderik. Eta litekeena da horrekin izatea lotura izen zerrenda aditu bezain laster Maria Murri eta Itzea Urkizuri ihes egin dien irribarre erdiak.
Sabaiak zapal ez ditzan
Bilboko Zorrotzaurre auzoan Consonni sortu zutenetik 30 urte beteko dira abenduan, baina arte garaikideko ekoiztetxe gisara egin du bide gehiena. 2012tik da argitaletxe, itzulpenak eman ditu urteetan —euskarazkoak erdaratu, eta erdarazko zenbait euskaratu ere bai—, eta 2025ean hasi ziren euskaraz idatzitako lanak ere ematen; Antxiñe Mendizabalen Katona izan zen lehenbizikoa. «Pandemian, gainera, Munduaren sorlekua izeneko bilduma sortu genuen, han biltzeko gure nahi eta galdera guztiak, berdin saiakera edo fikzio, berdin euskaraz edo gaztelaniaz», oroitu du Murrek. Orduko hartan banatzaileek adierazi zieten harridura ere gogoan du editoreak. «Gero, egia esan, guk ere behin baino gehiagotan pentsatu genuen: 'Non sartu gara?'; baina pentsatzen dut ero batzuk izatea ere izan dugula alde, eta komunitatea bera ere bai. Beti aldarrikatzen dugu: independenteak ez gara, interdependenteak baizik».
«Pentsatzen dut ero batzuk izatea ere izan dugula alde, eta komunitatea bera ere bai. Beti aldarrikatzen dugu: independenteak ez gara, interdependenteak baizik»
MARIA MUR DEAN Consonniko editorea
Ibilbide diferentea du Elkarrek. Urkizuk nabarmendu duenez, egitura «tipikoagokoa» du 1970eko hamarkadan sortutako talde horrek, eta «euskal kulturaren alde berrinbertitzea» izan da helburua harrezkero: «Hor barruan kokatu daitezke bai argitaletxea eta bai haren barruko askotariko zigiluak».
Besteak beste, euskarazko literatur sistemaren indarguneak zein diren galdetu die Etxartek beste bi solaskideei. «Sortzaileak», erantzun du irmo Urkizuk, baina hitzari pega-pega eginda heldu da «baina» bat ere. «Baina uste dut gehiago beharko genituzkeela, eta hor ez dakit oso ondo zirkulu hori non aktibatu behar den. Aldi berean, datuek argi diote: handitu egin da liburu salmenta, baina espainolezkoa handitu da, eta euskarazkoa, apaldu». Zurian beltz eman du diagnostikoa Elkarreko editoreak, eta aurrera begira ere baduen kezka bat aipatu du ondotik. Gogoratu duenez, euskarazko literaturaren irakurle potentzialen kopurua 150.000 herritarren langan kokatu dute azken ikerlanek, eta hori, Urkizuren esanetan, aldi berean da motibazio eta muga: «Asko da, baina bada sabai bat ere».
Durangoko Azokak zer erakusten duen
«Irismena handitzeko gaitasunik eza» da literatur sistemaren hutsune nagusia, Urkizuren iritziz. Horrek zer aterabide duen ez du garbi editoreak, baina, besteak beste, sare sozialetako joerei ere ari zaie so egiten. «Halako anbibalentzia bat sentitzen dut. Nik neuk ere kontsumitzen ditut, literatur erreferentzia bila, baina konturatzen naiz, algoritmoa elikatzen hasi, eta, ohartzerako, agertzen zaizkizun gomendioak beti direla liburu salduenen zerrendan daudenak, eta, nahiko bagenu ere —nahiz eta beste gauza bat den ea nahi ote genukeen abiadura eta logika horretan funtzionatu—, zaila genuke hor sartzea». Eta kezka azaldu du Urkizuk, dudak duda, uste baitu sarean modu horretara mugitzen den jende hori ere behar dutela erosle bihurtu.
Urkizurekin ados azaldu da Mur. Halere, euskal literatur sistema txikia izatea bera ez du problematzat jotzen. «Edo, Irati Jimenezek Begiak irekiko zaizkizu lanean dioen bezala, iruditzen zait txikia izatea aldi berean dela hutsune eta indargune», zehaztu du. Azaldu duenez, ez luke hizkuntza gutxitu izatea bera «erromantizatzea» nahi, baina «erresistentzia hizkuntza» gisara definitu du euskara, eta, dioenez, horrek sortzen duen komunitatea ezin du hizkuntza hegemoniko batek eduki. «Durangoko Azokan gertatzen dena ez da gertatzen Espainiako Estatuan beste inon».
«Euskal irakurleek irakurri nahiko lituzketen eta are euskal idazleek idatzi nahiko lituzketen batzuk ez dira argitaratzen, egurra emango dietelakoan»
ITZEA URKIZU Elkarreko editorea
Edonola ere, Murrek aitortu du berak ere nahiko lukeela euskal sistema indartu, eta irakurle gehiago erakarri ez ezik baita gehiago eta gauza desberdinagoak argitaratu ahal izan ere. Eta, hain zuzen, horretan egin du azpimarra Urkizuk bereziki. «Gauza esperimentalagoak nahi nituzke, hibridoagoak, eta guilty pleasure gehiago, eta kortse estuetatik kanpoko proposamenak; dagoeneko badira batzuk, baina izan daitezela gehiago».
Horri so, susmo bat ere badu, izatez, Urkizuk. «Gurean, komunitate txikia izatea ez da batzuetan literaturaren kontra ere aritzen?», bota du. Elkarrekoaren iritziz, «fikzioaren bidez errealitatea kontatzeko garaian» ere behin baino gehiagotan izan da muga «komunitatearen neurria». «Euskal irakurleek irakurri nahiko lituzketen eta are euskal idazleek idatzi nahiko lituzketen batzuk ez dira argitaratzen, egurra emango dietelakoan», nabarmendu du.
Baikorrago egiten dio so panoramari Murrek: muga horiek dagoeneko «apurtzen ari direla» uste du, bai edukiari bai eta formari begira ere, eta iritzi dio bereziki emakume idazleek ekarri dutela iraultza hori. «Kanona aldatuz doa, eta, are gehiago, esango nuke geldiezina dela. Faxismoa ate joka egonik ere, hau badoa aurrera. Izango ditugu momentu larriak eta itsusiak, baina ezin da gelditu. Itxaropena badut».