Arabako Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko bosgarren eta azken kanporaketa aurrekoa jokatu dute igandean Gasteizen, Izaskun Arrue kulturgunean, eta saioaren hondarrean bertsolariek eskuratutako puntuazioen berri ematearekin batera gelditu da argituta 2026ko txapelketako lehiakideen zerrenda. Ekaitz Samaniegok irabazi du igandeko saioa, eta, hortaz, zuzenean sailkatu da lehiarako. Hain zuzen, era berean eskuratu zuten txapelketarako txartela Xabi Igoak, AItor Ugartek, Unai Andak eta Eli Zalduak ere, hurrenez hurren Amurrioko, Legutioko, Ozaetako eta Bernedoko saioak irabazita. Bost horietaz gain, 2024ko txapelketan finalista izan ziren sei bertsolariek ere segurtatua zuten sarbidea 2026rako, eta bostek baliatu dute aukera: Aroa Arrizubieta txapeldunak, Paula Amilburuk, Peru Abarrategik, Asier Otamendik eta Iñaki Viñasprek. Eta, bukatzeko, asteotako puntuazioek zehaztu dute zer beste zortzi bertsolarik osatu duten hemezortziko taldea.
Bertsolari hauek egin dute aurrera puntuazioei esker: Sabin Abarrategik, Maddi Agirrek, Manu Bendalak, Martin Abarrategik, Rikardo Gonzalez de Duranak, Hegoi Amabizkak, Felipe Zelaietak eta Danel Herrartek. Eta horrela osatu da talde osoa. Urtarriletik aitzinera ariko dira oholtzaz oholtza horiek guztiak, txapela helburu.
Txapelketa zehazki zer egunetan hasiko den ez dute jakinarazi gaur-gaurkoz, eta faseen gaineko detaileak ere emateko daude oraindik. Dena dela, lehiatuko diren bertsolarien zerrendak berak nobedade bat utzi du bistara; hutsune bat, zehazki: Manex Agirrek ez du txapelketan parte hartuko. 2024ko martxoaren 16an jokatutako finalean izan zenez gero —buruz burukoan aritu zen Arrizubietarekin, eta puntu bakarraren aldeaz gailendu zitzaion, izatez—, bermatua zuen 2026ko txapelketara sailkatzea, baina Arabako Bertsozale Elkarteak helarazitako zerrendan ez da ageri haren izena. Bi aldiz irabazi du txapela Agirrek.
2026ko Arabako Bertsolari Txapelketan kantuan ariko direnak
Aroa Arrizubieta
Paula Amilburu
Peru Abarrategi
Asier Otamandi
Iñaki Viñaspre
Xabi Igoa
Aitor Ugarte
Unai Anda
Eli Zaldua
Ekaitz Samaniego
Sabin Abarrategi
Maddi Agirre
Manu Bendala
Martin Abarrategi
Rikardo Gonzalez de Durana
Hegoi Amabizka
Felipe Zelaieta
Danel Herrarte