Lehendabiziko aldiz, ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek greba eguna dute gaur. Bi urtez egon dira patronalarekin lan hitzarmena negoziatzen, eta, Aritz Pilar Teknikariok sindikatuko ordezkariaren (Bilbo, 1985) arabera, «ez da aurrerapausorik egon». Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dituzte grebara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileak. Eta, Pilarrek dioenez, igarri dute jadanik deialdiaren eragina. Luzea da ikuskizunak bertan behera utzi dituzten Hego Euskal Herriko aretoen, artisten eta herrietako jai batzordeen zerrenda. «Borrokan jarraitzeko prest» daudela dio Pilarrek.
Zer egoeratan dago sektorea gaur egun?
Galdera horri erantzutea ez da erraza, baina oso sektore ezegonkorra izan da betidanik, ez baitago araututa. Mundu honetan lana bokaziozkoa da neurri handi batean, bereziki musika ikuskizunen arloan. Alde batetik, lana urteko hilabete batzuetan pilatzen da: udan bi halakotu egiten dira ikuskizunak. Gainera, langile asko autonomoak dira, baina autonomo faltsuak. Izan ere, kontratatzen gaituzten enpresak dira lan baldintzak ezartzen dituztenak: zenbat kobratzen dugun, zein materialekin lan egiten dugun eta zenbat orduz. Aldaketa txikiak egon dira azken urteotan, lanaldia murriztea adibidez, baina ezbeharren ondorio izan dira gehienak.
Egoera hori kontuan hartuta, zer eskatzen diozue patronalari?
Lan hitzarmen duina izatea da gure eskaera nagusia. Oinarrizko lan baldintza batzuk errespeta ditzaten. Orain ez dugu sektorea arautzen duen berezko hitzarmenik. Berez, langileen estatutuak babesten gaitu, baina askotan ez da betetzen. Erantzukizuna patronalak du hein batean, baina erakunde publikoek ere bai. Ikuskizun gehienak diru publikoz ordaintzen dira, eta lehiaketa publikoen bidez lizitatu, eta badirudi erakunde publikoek saritu egiten dituztela gure eskubideak urratzen dituzten enpresak. Hala ere, oraintxe bertan jokoa gure esku dago.
Sindikatua 2020an sortu zenuten, eta orain arte ez duzue grebarik antolatu. Sektoreko langileak batzeko zailtasunik izan duzue?
Aldaketarik handiena COVID-19aren pandemiarekin heldu zen. Lankide asko lanik egin gabe egon ziren urtebete baino gehiago, eta orduan ohartu ginen zenbateraino falta genuen babesa. Diru laguntzak izan ziren, baina ez zitzaizkigun guztioi heldu. Gainera, enpresak betidanik saiatu dira langileak banantzen. Langile batek zerbait exijitzen bazuen, harengana joaten ziren zuzenean, eta banakako kontzesioak egiten zituzten. Horrela, ahotsa altxatzen genuenok isilarazten gintuzten.
«Orain ez dugu sektorea arautzen duen berezko hitzarmenik. Berez, langileen estatutuak babesten gaitu, baina askotan ez da betetzen»
Patronala negoziazio mahaian esertzea lortu duzue azken urteotan.
Patronala sortzea ere kostata lortu genuen. 2023an sortu zen, eta urte hartaz geroztik daramagu ados jarri nahian. Ez da aurrerapausorik egon: ez ditugu adostu ezta oinarrizko kontuak ere. Enpresek oztopoak jartzen dituzte beti; izan ere, eroso daude egoerarekin, eta nahi dutena egitera ohitu dira. Guk aurretik jakin nahi dugu lana noiz dugun, adibidez. Hau da, askotan astelehenean ez dugu jakiten asteburuan lanik izango dugun ala ez. Horrela ezin da inolako aurreikuspenik egin, eta ezinezkoa zaigu bizitza antolatzea. Enpresek beren praktika sostengaezinak legeztatu nahi dituzte, baina gu prest gaude borrokan jarraitzeko.
Artistekin ez ezik, beste hainbat sektoretako langileekin ere egiten duzue lan. Zelan erantzun diote greba deialdiari?
Artistek elkartasun handia adierazi digute. Guk artistentzat egiten dugu lan azken finean, eta haiei zerbitzu on bat emateko, gure lan baldintzek ere duinak izan behar dute. Artistak jabetzen dira horretaz. Funtzionarioak diren teknikariak ere badaude gure sektorean. Haien lan baldintzak askoz hobeak diren arren, bat egin dute gure aldarrikapenarekin.
Elkartasun keinu bat egingo du Gasteizko Batbatean jaialdiak ere, jarduna ordubetez geldituta.
Ulertu dezakegu bertan behera uztea oso zaila dela, baina keinu hori ez da nahikoa. Ez dugu ezer jaialdiaren antolatzaileen kontra, baina gaur ez dugu nahi teknikaririk lanean aritzea: gaur guri jarri behar dizkigute fokuak eta bozgoragailuak.
«Ikuskizun gehienak diru publikoz ordaintzen dira, eta badirudi erakunde publikoek saritu egiten dituztela gure eskubideak urratzen dituzten enpresak»
Aipatu duzu ez duzuela nahi gaur teknikaririk lanean aritzea. Baina enpresek beste lurraldeetako langileak kontratatu ditzakete.
Gure kezketako bat da hori. Ez dakigu ziur, baina uste dugu lekuren batean saiatuko direla. Azken finean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko langileok deitu genuen grebara, eta kanpoko langileak dituzten kontzertuetan teknikariak lanean arituko dira.
Eta zer mezu bidali nahi diezue ikusleei eta herritarrei?
Guk ulertzen dugu sarrera bat erosita baldin badaukazu gogaikarria izan daitekeela emanaldira ez joatea, baina beharrezkoa iruditzen zaigu greba egunean jendeak elkartasuna adieraztea eta ikuskizunetara ez joatea. Eskatzen dugu eserlekuak hutsik uzteko. Azken finean, edozein sektoretako langileek euren eskubideen alde borroka egiten dutenean, bat egin behar dugu haiekin.
mobilizazio nagusiak
11:30. Elkarretaratzea Bilboko Arriaga antzokiaren plazan.
18:30. Elkarretaratzea Batbatean jaialdian, Gasteizen.
18:30. Kalejirak eta protestak Leioako Umore Azokan (Bizkaia).
19:00. Elkarretaratzea Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.