Etzakit taldeak hirugarren kontzertua emango du urtarrilaren 2an

Aurreko bi kontzertuetako sarrera guztiak salduta, Oialume biltokian emango dute hirugarren kontzertua ere. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 12:00etan.

Etzakit taldeko kideak, gaur egun. ETZAKIT
Etzakit taldeko kideak, gaur egun. ETZAKIT
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko urriaren 6a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 26an iragarri zuen taldeak itzulera kontzertu bat emango zutela urtarrilaren 5ean. Ordu gutxiren buruan agortu ziren sarrera guztiak, eta segituan iragarri zuten bigarren kontzerturako data: urtarrilaren 3an. Bigarren datak izan zuen arrakasta ikusita, beste kontzertu bat eskainiko dutela adierazi dute haien Instagram kontuan: urtarrilaren 2an izango da, Hernaniko (Gipuzkoa) Oialume biltokian. Kontzertuko sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 12:00etan oialume.eus webgunean.

Etzakit-ek orain dela 22 urte agurtu zituen oholtzak, 2003ko urtarrilean, Oialume biltokian. Bertan eman zuten lehen kontzertua ere, 1995eko urtarrilean. 2026ko urtarrilean toki berean eta data bertsuan emango dituzte itzulerako hiru kontzertuak.

Lehen bi saioetako sarrerak ordu gutxitan agortu ostean erabaki dute hirugarren data jartzea. Kontzertuek izan duten harrera ona eskertu nahi izan die taldeak jarraitzaileei Instagram kontuan: «Eskerrik asko zuen poza eta ilusioa partekatzeagatik, zuekin elkartzea benetan pozgarria izango da!».

Xabi Solano trikitilari eta abeslariak, Jon Mari Beasain pandero jotzaileak, Ander Barrenetxea bateriak eta Aitor Zabaleta baxu jotzaileak osatu zuten taldea. Agur esan eta handik 22 urtera, taldekide berberak igoko dira oholtzara 2026ko urtarrilean.

Babesle nagusien artean dago BERRIA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.