Euskal sortzaileen «egonkortasuna» legez bermatzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk eskatu du artisten «prekarizazioa» amaitzeko araudi propioa ontzeko, baina atzera bota dute ekinbidea. Sortzaileen baldintzak hobetzeko, Kultur Sistemaren Legea lehenestea onetsi dute EAJk eta PSE-EEk.

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du ekinbidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. RAUL BOGAJO / FOKU
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du ekinbidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko otsailaren 12a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal sortzaile, artista eta kultur arloko profesionalen prekaritatea eztabaidagai izan dute berriro ere Eusko Legebiltzarrean. Sektorearen egoera makurra dela-eta, kezka agertu du EH Bilduk proposamen batean, eta soluziorako lege propioa ontzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Legebiltzarreko gehiengoak, baina, atzera bota du ekinbidea, eta EAJk eta PSE-EEk proposamenari egindako osoko zuzenketa babestu du: tramitazio bidean den Kultur Sistemaren Legea eta sektorearentzako indarrean den laguntza sistema bultzatzea lehenetsi dute hala.

Eztabaidak bi gauza utzi ditu agerian. Batetik, EAJk ez beste alderdi guztiek uste dutela sortzaileen egoera «prekarioa» dela. Bestetik, adostasunik ez dagoela sektorea laguntzeko hartu beharreko neurrien inguruan. Araudi propio eta espezifiko baten alde egin dute EH Bilduk eta Sumarrek; indarrean dauden laguntza politikak sendotzea eta Kultur Sistemaren Legeari bide ematea lehenetsi dute, berriz, EAJk eta PSE-EEk.

EH Bilduren arabera, azken ikerketek —tartean Lanarteak elkarteak eta Gerediaga Elkarteak eskatuta Siadeco etxeak egindakoak— sektorearen «ezegonkortasuna eta diru sarrera apalak» azaleratu dituzte, eta neurri «eraginkor eta egiturazkoen» beharra bistaratu. Josu Aztiriak ohartarazi du kultur sortzaileek «egiturazko prekaritatetik ateratzeko neurri sendoak» falta dituztela, eta sektorearen argazkia atera du: hamar sortzailetik bi baino ez dira bizi sormen jardueratik, eta erdiek beste lanbide bat behar dute. «Hau da gure kultur talentuaren sentipena: ezegonkortasuna, aitorpenik eza eta neke mentala», adierazi du.

Aztiriaren ustez, kultur sektorearen berezitasunek —besteak beste, intermitentziak eta diru sarrera gorabeheratsuak— araudi propioa eskatzen dute: «Lege bat behar da artistak ere langiletzat hartzeko, estatus bat izateko eta gutxieneko errenta bat bermatzeko». Irlandan indarrean den artistentzako oinarrizko soldata eta Ipar Euskal Herriko intermitentzia eredua jarri ditu eredu gisa, eta gaineratu bide horretan sortzaileak «entzun eta zaintzeko» bidea ekimen legegileen bidez lortzen dela.

«Hau da gure kultur talentuaren sentipena: ezegonkortasuna, aitorpenik eza eta neke mentala»

JOSU AZTIRIA EH BILDU

Hori hala, koalizioak Jaurlaritzari eskatu dio aurtengo seihilekoan lege proiektu bat aurkez dezala sortzaileen «egonkortasuna eta aitortza» bermatzeko. Izan ere, koalizioak uste du kultur sektorearen berezitasunak —lanaren intermitentzia, proiektu bidezko jarduna eta diru sarrera gorabeheratsuak— propio arautu behar direla, lan eta gizarte babeserako «berme sendoekin».

Hala, gobernuari eskatu dio partaidetza prozesu «zabal eta egituratua» irekitzeko legea ontzeko orduan, eta sektoreko eragile guztien parte hartzea bermatzeko prozesuan —sortzaileak, elkarte profesionalak eta bestelako eragileak—. Araua Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean idazteko proposatu du EH Bilduk; izan ere, Nafarroako Gobernuak antzeko helburua duen lege bat sustatzeko asmoa du.

EAJk eta PSEk, ordea, ez dute sortzaileen baldintzak hobetzeko lege premiarik ikusi. Bi taldeek uste dute sektoreari aholkularitza eta ezagutza eman behar zaizkiola hemendik aurrera ere, eta hori zerbitzu espezializatu eta pertsonalizatu baten bidez egin behar dela, betiere sormen eta arte lanbidearen berezitasunak aintzat hartuta eta «kate ahulenei» arreta berezia eskainita. Zerga sistema egokitzen jarraitzearen alde egin dute bi alderdiek; horrez gain, sortzaileak kokatzeko modu bat eta kultura lanbideen ekosistemari buruzko azterlan bat egiteko proposatu ere.

Atzerrikoak, «inbidiaz»

Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek proposamen bakarra adostu badute ere, sortzaileen lan baldintzez eta egoeraz ikuspuntu zeharo ezberdinak plazaratu dituzte EAJko eta PSE-EEko hizlariek. EAJk ukatu egin du prekaritatea nagusi dela; kontrakoa esan du PSE-EEk. 

Garikoitz Mendizabal jeltzaleak EH Bilduri «populismoa, demagogia eta klientelismoa» aurpegiratu dizkio; azpimarratu du sortzaile guztien egoera ez dela prekarioa, eta ukatu egin du Jaurlaritzak «abandonatuta» dauzkala. Are, haren ustez, atzerrian «inbidiaz» begiratzen diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur sistemari. «Prekaritateak ez dakar lanak okerragoak izatea; askotan artistek barruan duten bulkada bestelakoa da», erantsi du.

«Prekaritateak ez dakar lanak okerragoak izatea; askotan artistek barruan duten bulkada bestelakoa da»

GARIKOITZ MENDIZABAL EAJ

Gutxieneko soldata eta errenta unibertsala ezartzeko ideiari dagokionez, zalantza agertu du: «Ez dakit ona den Irlandako eredua eta Euskadikoa aurrez aurre jartzea; hangoak ere baditu eta mugak». Haren hitzetan, «akatsa litzateke guztien profesionalizazioa lortu nahi izatea», eta uste du sektorean aliantza berriak eta dibertsifikazioa sustatu behar direla.

PSE-EEko Estibaliz Cantok adierazi du sortzaileen prekaritateak «aurpegi asko» dituela, eta ona dela eztabaida ireki izana, sektorearen egoera ikusarazten delako. Hala ere, eta kulturaren ezaugarriak kontuan hartuta, marko normatibo bat zehaztea oso zaila dela azpimarratu du, eta neurri zehatzak sustatzearen alde egin.

Santiago Lopez PPko ordezkariak, berriz, Jaurlaritzari egotzi dio kultura politika «partziala» egitea eta gaztelerazko sorkuntza «baztertzea». «Sortzaile batzuk desabantailan uzten dituen sistema eraikitzen ari gara», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.