Irrist egin die albisteak. Hogeigarren aldia izango du aurten Bilboko BBK Live jaialdiak, eta jadanik zabaldu dute uztailaren 9tik 11ra arte Kobetamendin izango diren kartelburu nagusiei buruzko informazioa. Oraingoan, baina, urteurrenaren harira urte osora zabalduko den programa berezia antolatu nahi izan dute antolatzaileek, eta horren berri emateko aurkezpen publikoa egin dute gaur Bilboko La Ribera aretoan. Diapositibaz diapositiba aurkeztu dituzte hogei urteko ibilbideko lorpenak —hala nola orain arteko kontzertuetan 1,8 milioi pertsona bildu izana eta 23,6 milioi euroko eragin ekonomikoa sortu izana—, eta nobedade batzuk ere iragarri dituzte. Eta ihes egin die euskarak aurtengo programan izango duen lekuari buruzko aipamenak. Nora Sarasola BBK Banku Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendariak aipatu du lehenik, eta, oraindik haren berri emateko asmorik ez bazuten ere, baieztatu egin du gero Yurdana Burgoa jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresako buruak. Euskal taldez osatutako egun bat antolatuko du aurten Bilboko BBK Live jaialdiak. Uztailaren 12an izango da, justu jaialdia amaitu osteko biharamunean, eta oraingoz ez dute iragarri zer artistak parte hartuko duten.
Aurreikusita zeuzkaten iragarpenak ere egin dituzte aurkezpenean. Jose Gonzalez musikariak Bilboko Guggenheim museoan eskainiko duen emanaldia da nobedade horietako bat. Uztailaren 8an arituko da, eta doakoa izango da saioa. Jaialdiak duela urte batzuk abiatu zuen Bilbon doako kontzertuak antolatzeko Bereziak izeneko saila, eta programa horren barruan arituko da Gonzalez. Jaialdiak iraun bitartean ere izango dira gisa horretako emanaldi gehiago, baina oraingoz ez dute beste izenik aurreratu.
Aurreko astean aurkeztu zuten aurtengo jaialdiaren egunez eguneko programa osoa. Besteak beste, Calvin Harris, David Byrne eta FKA Twigs izango dira oholtzan uztailaren 9an. Robbie Williams, Belle and Sebastian eta La M.O.D.A. arituko dira uztailaren 10ean, eta Idles, Dellafuente eta Interpol izango dira larunbateko izen nagusietako batzuk. Baina xehetasun gehiago ere iragarri dituzte gaur.
Ikusi gehiago
Izan ere, jaialdia hirira eta Bizkaira zabaltzeko asmoz antolatutako beste bi programa ere baditu martxan BBK Livek. Bilbon hainbat kontzertuko programa eskaini ohi du Hirian izenekoak, esaterako, eta aurten San Ignazio auzoan egingo dutela esan dute, ekainaren 6an, zehazki. Horrez gainera, Herrian izeneko atal bat ere badu festibalak. 2023an hasi ziren hura antolatzen, eta, geroztik, Bizkaiko herri bat hautatu ohi dute urtero, kontzertu sorta bat hartzeko. Adierazi dutenez, aurten Durangon (Bizkaia) egingo dute, maiatzaren 30ean.
Antolatzaileek urte osora zabaldu nahi dute hogeigarren urteurrenaren programa. Horregatik, zinema jaialdi bat antolatu dute otsailean, eta jadanik iragarria zuten apirilaren 10ean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera antolatutako emanaldi berezia ere. Jaialditik pasatutako hainbat talderen kantak joko ditu orkestrak saio horretan, baina beste bi egun bereziren berri ere eman dute orain.
Ikusi gehiago
Maiatzaren 7an adin guztietako publikoarentzat pentsatutako programa eskainiko dute, esaterako. Mendian deitu diote proiektuari, eta bertan Cateurako orkestrak emanaldia eskainiko duela jakinarazi dute. Horrez gainera, musika klasikoarekin lotutako gune bat prestatuko dute, eta umorearekin lotutako beste bat. Bestetik, musika latinoa oinarri izango duen bi eguneko programa berezia abiatuko dute urrian, Bilboko Zazpikaleetan. Urriaren 24an eta 25ean izango da hori.
«Mapan gaude»
Jaialdiaren lehen urtetik aurtengora egindako jauzia azpimarratu dute antolatzaileek. Last Tour enpresako buruak zehaztu duenez, esaterako, lau milioi euroko aurrekontua izan zuen jaialdiak 2006an, eta 10.200.000 eurokoa da gaur egun. Baina beste datu batzuei erreparatuta ere nabarmena da aldea. Lehen aldi hartan berrogei artistak jo zutela gogoratu baitu Burgoak, eta, zehaztu duenez, ehunek baino gehiagok joko dute aurtengoan. Europan erreferentziazko festibala dela ere aipatu du, eta artistek buruan izan ohi dutela. «Mapan gaude».
Last Tour enpresak antolatzen du jaialdia, baina BBK Kutxa fundazioak eta Bilboko Udalak babesten dute. Kontxi Claverrek ere hartu du hitza aurkezpenean, hain zuzen. Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzia da, eta BBK Live jaialdiaren garrantzia nabarmendu du berak ere. «Kultura, ekonomia eta talentuaren batura» izan da festibala, haren hitzetan, eta kulturari zein ekonomiari egin dien ekarpena ere goraipatu du.