Gabriel Arestiren heriotzaren berri jaso eta berehala, halaxe idatzi zuen Amatiñok Zeruko Argia astekarian: «Ni neu agerkari honetan esana naiz, Aresti jenio bat zela, bai eta enfant terrible delako bat ere. Bi zentzu horien tirabiran bizi zen Aresti, bere jenialtasun apartak eta laprastada sonatuak barru». Eta honako hau dio hurrengo paragrafoan: «Agure zahar bati entzun nion behin, haurrak eta nagusiak berdinak garela, baita berdin pentsatzen dugula ere. Diferentzia batez, hala ere, haurrek pentsatzen duten guztia esaten dutela, eta nagusiek, ordea, isiltzen ikasi dutela. Arestik ez zuen, nonbait, nagusien faltsukeria hori erabat ikasi».
GABRIEN ARESTI HIL ZELA 50 URTE
Gogorragoak esan zituen Xabier Lete zenak, Aresti ezagutzeak eragin zion lehen inpresiotik beretik hasita: «Bere iritzi, keinu eta jarrera pertsonaletan, egoskor eta estremista iruditu zitzaidan. Ni gaztetxo harroxko eta era berean herabe bat nintzen, eta goitik behera begiratzen zigun. Literato haren aldamenean ez nintzen gustura sentitu». Agerikoa denez, zendu berriari ezaugarri txalogarrienak nabarmentzeko ohitura ez zion askorik aplikatu Arestiri. Hortik aurrera, bi poeten arteko talkak eta ezin ulertuak ilustratu zituen artikuluan —«Etsaiak maizegi barruan aurkitu nahi zituen, traidore, ustel burges eta tripaundi akomodatuak»—, bai eta zein tonutan aritzen ziren ere: «Gure azken urte hauetako ideien eta iritzien gerra horretan, neurriz kanpoko agresio, gogorkeria eta itsumen asko izan da; beste egoera lasaiago eta apolitiko aldetik zabal-demokratikoago batean egin behar zen eztabaida asko, astekari, aldizkari, panfleto eta ahoz ahoko espresio bide kriptiko horien bidez eraman ordez».
Arestiren kritikek eta iritzia agertzeko moduek sugarrak pizten zituzten, haren hitzek ukitzen zituztenen aldartean urteetako lorratza uzteraino. Erreakzio asko eragin baitzitzakeen Arestik, bat izan ezik: ezaxolarena. Eztabaida askok polarizaziora joko zuten gero; Arestirekin itsu-itsuan bat egitera ala haren kontra erabat lerratzera, ezinbestean.
Bere kabuz eta iniziatibaz, borroka askotan sartu zen Aresti. Ekidinezina egiten zitzaiola ematen du; Amatiñok esan bezala, ezin izaten zuela bere kolkorako gorde, ezta denak etsai izango zituen agertokian azaldu beharko bazuen ere. Ezta larrutik ordainduko bazuen ere. Su piztailearen etiketa bere talentu ororen gainetik nabarmendu zioten askok. Baina larriagorik ere jaso zuen Zeruko Argia-k, Arestiren heriotzako hartan; Begiarmen izenpean idazten zuen baten esaldia, esate baterako: «Probokazioaren armarik gabe Arestiren sorkuntza arras kamutsa dateke».
Ideia ezkertiarrak, euskararen modernizazioa, langile klasea, tradizioa eta «teokraziaren» okerrak sarritan bihurtu ziren liskar iturri Arestiren ahotan. Eta sartu ere, sarritan sartu zuten hura polemikaren erdian. Jarraian, Zeruko Argia aldizkaritik hartutako zenbait lagin.
Euskararen ortografia
1967ko otsailean, euskara batuaren eztabaida (eta h-aren erabilera) puri-purian zegoela, halaxe zuzendu zitzaion Arestiri Karlos Santamaria zientzialari eta humanista, Euskal idazle bati gutun irekian:
«Marmarzale batek esan dit, euskal ortografia berri bat aterako duzula zure hurrengo liburuan. Dirudienez, c, tc eta ch hizkiekin hasiko zara idazten, antzinako idazleen antzera. Hau erdaraz esan ohi da: eramos pocos y parió la abuela [Hori besterik ez genuen behar]. Orain arte h hizkia genuen problema. Iskanbila berri bat sortu nahi diguzu? Gure idaz-produkzioa apala baino apalagoa izaten da; hizkuntzaren egoera, anarkiko; idazleak, bakoitza bere aldetik, hamaika euskalkiz idazten; irakurleak, eskribitzen dan apurra ezin ulerturik... eta beste korapilo berri bat sortu nahi duzu euskal literaturan? Ez dut ezer konprenitzen!».
Harrituta agertu zen Aresti, gutuna zuzenean jaso ez zuelako: «Argi dago gaurko mundu euskaldunetik ibiltzeko, Augustin Xahoren azti-begia eduki behar duela gizonak. Zuk aipatzen duzun euskal idazle hori neu naizela igarri behar izan baitut. [...] Niretzat, eta ongi dakizu zuk, nire Santamaria jaun estimatua, bizitzea progreso da, eboluzio, aurrerakuntza. Orain lau mendeko ortografiarekin idaztea, niretzat atzerapauso bat izanen litzateke. Aurrera pausorik ez ematea bera ere, atzerapauso bat da. Beraz, aurrerapauso bat eman nahi dut C hizkia erabiltzearekin. Nolakoa den nire hurrengo liburuan jakinen duzu. [...] Bide seguru batetik noala segurutzat daukat. Gure euskara hortik erraztasun aiseago batera jaitsiko dela dakit. Hala ere, oztopo handi bat legoke, hobea onaren etsaia baita. Gaurko ortografia on bat suntsituko banu biharko hobe bat lortzeagatik, ongi legoke pikutan jar nazatela [...]. Baina barka zaidazu, Santamaria jauna, baina zure lehengo artikula eta gaurko nire erantzun hau, denbora galtze ikaragarri bat iruditzen zaizkit. Gauza inportanteagoak daude. Niretzat, konparazio baterako, nire liburua, eta argitara atera ez dezadan ematen didaten gerra; euskal editoreen interes zikina eta kobardetasuna; legeak ematen dituen erraztasunak —Ministerioak ez argitaratzea akonsejatzen dit, gaur egun zentsurarik ez omen dago, baina lapitz gorriak ez dira abolitu—; liburua ateratzeko lukurrero modernoekin kontraitu dudan zorra. Eta zer gertatuko zait baldin eta nire liburutik lapitz gorriaz markatutako 25 poemak kenduta ere Ministerioak sekuestratzen badit? Nola pagatuko dut Kajarekin hartu dudan zorra? Hori da niretzat inportantea, eta ez H-ak armatu duen iskanbila edo C-ak armatuko duena, euskaldun analfabetoei irakurgai apur bat emateagatik, nire alaben ogia jartzen baitut arriskuan».
«Teokrazia»
Euskara batua bezala, ikastolak ere ia eguneroko albiste ziren 60ko amaierako eta 70eko hamarraldiaren hasieran. Haietan erlijioari zer toki eman, sarritan izan zen liskarrerako aitzakia. Horren harira, hautsak harrotuko zituen iritzi artikulu bat idatzi zuen Arestik 1970eko maiatzaren 31n, Eleizalde delako bati erantzunez: Jainkoa eta haurrak. Kexu zen Eleizalde, ikastoletan ba omen zirelako «euskal maistrak», ikastoletan haurrei erlijiorik irakatsi nahi ez zietenak.
Aresti: «Gure Elizalde horrek bere beztimendak urratzen ditu goitik behera, Kaifas batek Kristo baten aurrean bezalaxe. Baina bere asmoak argi eta garbi erakusten ditu [...], batere lotsarik gabe dioelako jaun horrek, baldin eta euskal eskoletan bere haurrei erlijioa irakasten ez badiete, erdal eskola batera bidaliko dituela. Beraz harentzat euskara bigarren graduko gauza bat da. Oso ongi iruditzen zait, enetzat ere halakoa delako. Baina, mesedez, nik askotan hori esan dudalako hain garrazki eta saminki deskomekatu banaute, deskomeka bezala orain gure jaun hori ere. [...] Eskola horietan euskaldun klase guztien haurrak sartzeko dira, katolikoenak eta ateoenak. Zeren ez du seriotan Eleizalde jaunak esanen kristau federik ez duen euskalduna, ez dela euskalduna? Euskaldun-fededun zorionekoa inola permiti litekeela? Zergatik nahasten ditu mundu biak? [...] Gauden egoeran ezin manten litezke bi ikastola mota, bata integristentzat eta bestea demokratentzat. [...] Eleizalde jaunak bere haurrentzat eskatzen duen eskubidea, erlijioa irakats dakiela, ateoek ere badutela, haien haurrei erlijiorik irakats ez dakiela. Eta honek egoera larrian jartzen du gure eskolaren etorkizuna, bi eskubide horiek ez dutelako elkar konpontzerik».
Erantzunen artean, Jose Lasarena: «Euskaldun ume guztientzat edukazio bakar bat ematen dutenak diozu zure hitzez. Ni ere horretan nago, eta barkatu, adiskide, eta zu baino konkretuago, zure aurka ez bada ere. Programa bat bakarra. Andereñoa baino komisario politikoa den andereñoa hobe. Ikastolako hormak eta haurrak margo batez jantzirik, alegia, margo urdinez, hau baita fazisten margoa, Europan zehar. Guraso batzordeak utikan! Miliziak, milizia armatuak behar ditugu, Aresti, Euskal Herrian zehar, bularretan arma zeharka dutelarik! Haurrak hiltzeko botekin ikastolako zorua zigortzen dutela, Hitlerren garaiko gudamutil gazteen gisa [...] Amaitu dezadan. Diska baten musika jatorra datorkit: Egun da santimamiña / benetan egun samiña / goiko zeruak gorde dezala / luzaro haurren arima».
Txalintxo delako bat: «Gai honetan oker handi baten azpian ote zauden beldur naiz. Bai errege denboran, bai Errepublika denboran, bai zuk teokrazia deitzen diozun demokrazia organiko aldi honetan, Euskal Herriko gurasoei galdetuko bazenie erlijio erakusketari buruz bai ala ez, erantzun zapalgarri eta mazpilgarria hartuko zenukeela iruditzen zait: ehunetik laurogeita hamar eta gehiago erlijio-erakusketa eskatuko lukeela. [...] Hona hemen zuk jarri diguzun arazoaren soluzio bideak, nire iritzira: ikastola bakarra; ikastola konfesionala, kristau ikasbidea erakutsi lezakeena; ikastola demokratikoa, guraso batzorde gehientsuenek nahi luketen bezalakoa; ikastola sozializatua, gizarte sail guztietan oinarritua».
Tradizioa, euskal identitatea
F. Zubiagari zuzendu zitzaion Aresti, Astos y astokillos. Edo aldapa behera arin batean azken pauso bat artikuluan, 1967ko martxoan. Zubiaga minduta ageri da, egun batzuk lehenago herri kirolak eta bereziki asto lasterketak barregarri utzi zituztelako La Gaceta del Norte egunkarian (besteak beste, astoei jarritako izenak aipatuz: Josefina, Napoleon, Anquetil, Poulidor...).
Aresti: «Ez dadila inor kexa. Hori merezi dugu. Gure folklore aberatsa mistifikatu dugu, konbentzitu egin gara, ezpata-dantza bizkaitarra ilargi betearen argitara eta bildots larruz jantzirik dantzatu behar dela, zaldiaren irrintzia gizon batek egin dezakeen deiadarrik ederrena. [...] Zer da Euskal Herria? Pirinioetako haran artean astoen gainean dabilen astalde bat, hori da gaurko gure kontzientzi-errepika. Baina honek ez zuen lekurik edukiko, baldin, behin batean norbaitek Pirinioen gainean dantzatzen dugun herri bat garela esan zuenean, toleratu ez bagenu, permititu ez bagenu.
Gehiegizkoa irudiko da orain diodana, baina ez da. Gizona gizon da, eta herriak herri. Eta gizonaren obligazioa eta patu nagusia ez da dantzatzea, ez da astoaren gainean karrerak egitea; beste bat da, denok dakigu, eta gu, gizon bezala eta herri bezala, hura betetzen ukatu gara. Ongi kantatzen dugu, ongi dantzatzen dugu, gure hizkuntzak ahaiderik ez dazagu, gure kraneoak neurri espezialak ditu, gure odolak halako Rh faktore negatiboa dauka. Eta bitartean gure obligazioa bete gabe, gizon eta herri bezala, frakaso nardagarri bat izan gara euskaldunak.
[...] Gure egin beharra agerian dago. Askotan eta milatan esan dut, ukabilekin deiadar egin dut, harriak enteratu dira. Gure euskara dignifikatu behar dugu, gaurko bizitze modernoarentzat tresna sufiziente bat izan dadin, gizonaren pentsamendurako bide egoki bat izan dadin.
Bien bitartean egin dezagun penitentzia. Bien bitartean, gure zazpi poesi liburu zazpi erdara diferentetara itzultzen ez diren bitartean, gure teatro mutilak euskal antzerki bat New York, Londres eta Moskura eramatera deituak ez diren bitartean, gure abesti modernoa Europako diska best-seller bat ez den bitartean, Nobel sari bat irabazten ez dugun bitartean, DEBEKATUTA DAGO, NIK DEBEKATZEN DUT, inork ez du aurrerantzean ezpata-dantzarik dantzatuko, inork ez du irrintzinarik botako, inork ez du zortzikorik kantatuko, inork ez du txapelik jantziko. Ea horrela estigmatik libratzen garen».