Zerbait badute Gabriel Arestiren hitzek alde, hasieratik paperaz beste egin izana dute alde. Sormen lan ugari ondu dira haren obra —eta figura— oinarritzat hartuta, eta askotan badirudi Aresti irakurri ez duenak ere Aresti irakurria duela, zeharbidez, haren olerkiekin osatu den kantutegi zabalari esker. «Emazurtz jaio hintzen/ Lurraren erdira,/ pobreen esperantzak/ benetan zer dira?». Oskorriri zor zaio batik bat hori, kasik pop ikur bihurtzeraino zabaldu baitzuen poetaren itzala 1970eko hamarkadatik aurrera. Baina jarraitu du Arestik multiplikatzen ordutik, kantari berrien ahotan, agertokietara eramandako saioetan, haren hitzen gainean idatzi diren hitz berrietan. Patxo Telleria antzerkigileak, esaterako, Harrizko Aresti hau (1986) eta Kaio luma zikina (2000) taularatu zituen Maskaradarekin, eta, dioenez, Arestiren heriotzaren data da ondoren gertatu den Arestiren biderkatze hori ulertzeko gakoa. Hots, hil zen garaian hil izanak ahalbidetu duela «bakoitzak bere Aresti» sortzen jarraitzea.
GABRIEN ARESTI HIL ZELA 50 URTE
Multiplikatzearen bihotz-bihotzean, baina, Oskorri dago. Folk taldearen buru Natxo de Felipek eta Arestik 1969an ezagutu zuten elkar, Bartzelonan, eta elkarrekin sortu zuten Oskorri gaitz lehen ikuskizunetik hartu zuen ondoren izena Oskorrik. Hasieran, musika eta antzerkia uztartuko zituen egitasmoa izan zuten buruan, poetak antzerkiarekin zuen loturaren eraginez, baina musika talde gisa finkatu zen gero proiektua, eta Aresti hil eta urtebetera atera zuen taldeak lehen disko luzea, poeta eta lagun minari bete-betean eskainia: Gabriel Arestiren oroimenez (CBS, 1976).
«Garai oso konkretu batean hil zen, Franco hiltzear zela. Haren lana baltsamatuta bezala iritsi zaigu, eta horregatik kokatzen du bakoitzak bere habian»
PATXO TELLERIAAntzerkigilea
Hamar kantuz osatu zuten diskoa, Emazurtz-ekin hasi eta Gora ta gora beti-raino, eta aurrerago ere jarraitu zuten Aresti gabe baina Arestirekin lanean. 1977an, esaterako, Bernat Etxepareri eskainitako Mosen Bernat Etxepare 1545 diskoa atera zuten, Arestik egindako hitz egokitzapenekin; eta hurrengo diskoetan poema gehiago bihurtu zituzten kantu, hala nola Zuen esperoan dago, Adela, Bizkaiko aberatsak, Bertol Brechten gorazarrean. Eskutik bizi izan zuten, halaber, frankismoaren zentsura eta euskal gizartearen parte batek egin zien «espainolista» salaketa ere. Eta Oskorriren azkenetan, ostera bildu zuten poeta eurengana: 2013an, Gabriel Aresti bizsitan emanaldi akustikoan; eta 2016an Antzinako Bitxikeria Ineditoak (1971-2002) lan berezian, non hainbatetan entzun daitekeen Arestiren ahotsa zuzenean.
Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Rafa Ruedak, Eñaut Elorrietak eta beste hainbat musikarik ere sortu dituzte abesti berriak Arestiren hitzekin; gizonezko musikariek batik bat, beste diziplinetan gertatu den bezala.
Bilakaerarik eza alde
Eta beste diziplinen artean, aipatzekoak dira arte eszenikoak. Haren aterki zabalean egin baitira Aresti inspiraziotzat hartuta sortu diren lan berrietako ugari. Maskarada taldeak, kasurako, 1986an estreinatu zuen Harrizko Aresti hau, eta garai hartarako proposamen «berezia» izan zela oroitu du Telleriak. «Berezia, ikuspuntu askotatik. Maskaradako zazpi aktore geunden, Oskorri talde osoa eta bi perkusio jole. Ez zuen egitura finkorik, errekurtso ugari erabiltzen genituen; dantza, musika, bideoa, poesia… Antzezlan postdramatiko bat zen guk oraindik antzerki postdramatikoa zer zen ez genekien arren». Arestiren poemak, antzezlanak eta hitzaldiak hartu zituzten materialtzat hura ontzeko. Eredutzat zuten, eta, batez ere, «omenaldi bat» egin nahi izan zioten. Telleria: «Maskaradakoentzat erreferente garbia zen, ideologikoki eta kulturalki. Gu denok ginen bilbotarrak eta euskaldun berriak, Aresti bezala; eta ezkerrean kokatzen ginen, hura bezala».
Aresti hil zenetik 25 urte bete zirenean igo zuten berriro poeta oholtzara, Kaio luma zikina obraren bidez. Formatu txikira jo zuten orduan, eta hitzaldi bakar batean bildu zituzten Arestiren hitzaldietako puskak —«gauza harrigarri asko esan zituen haietan»—. Telleria sartu zen Arestiren larruan, eta Mikel Martinezek gorpuztu zituen poeta ez beste pertsonaia guztiak.
aresti ardatz duten hainbat lan
Arte eszenikoak
-Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean. Ekida, 2025.
-Gabriel Arestirekin. Inazio Tolosa, Kandido Uranga, 2024.
-Enplego zoriontsuago bat. Iñigo Astiz, Eñaut Elorrieta. 2024
-Arestian, egun…!. Aitor Furundarena, Andoni Egaña, Andoni Salamero. 2023
-Gabrielen lekua. Askoren artean. 2013.
-Kaio luma zikina. Maskarada, 2000.
-Harrizko Aresti hau. Maskarada, 1986.Diskoak
-Gabrielen lekua. Askoren artean. Erroa, 2013.
-Gabriel Arestiren oroimenez. Oskorri. Elkar, 1976.Liburuak
-Gabriel Aresti BioGrafikoa. Adur Larrea. Erroa, 2015
-Bilbon dabil Gabriel Aresti, Karmelo Landa. Erroa, 2021
-Agiriak. Euskal poetak eta artistak G. Arestiren omenez. Askotariko egileak (koordinatzailea Juan San Martin), 1978.
Ikus-entzunezkoak
-Diot. Gabriel Aresti. Patxo Telleria, 2005.
-Gabriel Aresti, luma zikina. Sabin Egilior, Nekane E. Zubiaur, 2004.
Diot. Gabriel Aresti dokumentalerako enkargua heldu zitzaion gero Telleriari, eta Aresti gertutik ezagutu zutenengana jo zuen orduan. Meli Esteban, Agustin Ibarrola, Natxo de Felipe, Angel Zelaieta, Karmelo Landa, Luis Aranberri Amatiño, eta beste. Garaiak aldatuta, nola oroitzen zuten aztertu gura izan zuen orduan. «Ze Ibarrola eta Aresti, esaterako, adiskide min-minak izan ziren, baina Ibarrolak beste bilakaera bat eduki zuen gero». Bada, hain zuzen, hor dago Aresti gaur egun hain esparru diferenteetatik goraipatzen jarraitzearen arrazoia, Telleriaren ustez: haren pentsamenduak eta lanak izan ez zuen bilakaeran. «Arestiren alde egiten du horrek. Garai oso konkretu batean hil zen, Franco hiltzear zela, eta haren pentsamendua nolabait fosilduta geratu da. Horregatik da ikur hainbeste jende diferenterentzat. Non egongo litzateke ideologikoki, kulturalki, 2000. urtean? Non orain? Haren lana baltsamatuta bezala iritsi zaigu, eta horregatik kokatzen du bakoitzak bere habian».
Oinarrian, etika marxista
Ekida arte egitasmo sozialistakoek, adibidez, ildo marxistan kokatu dute berriki. Edo bestela esan, Arestik berak aitortutako ideologia komunista ekarri gura izan dute lehen lerrora. Apirilean estreinatu zuten Bilboko Kafe Antzokian Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana, eta lantalde zabala aritu da hura ontzen. Gidoia idazten aritu direnen artean egon da Lurdes Ondaro, eta, Telleriak esandako azken horri helduta, zera uste du hark: «Alde batetik, guk ere askotan hitz egin dugu bizi izan balitz zer izango litzatekeen hartaz. Baina, beste aldetik, hil zen arte esan zituenak esan zituen eta egin zituenak egin zituen, eta gu uste batetik abiatzen gara: askotan irakurri dela haren euskaltzale partea, edo haren posizio humanista, bere politikotasuna ahaztuta. Orduan, bai, bakoitzak beretzat hartu du, baina guk zera nabarmendu nahi dugu: horren guztiaren azpian bere etika marxista dagoela, ekiteko motibazio oso politiko bat».
«Arestiren izena entzutea bai, eta 'Nire aitaren etxea', 'Harri eta Herri', 'Poesia mailu bat da', baina hortik harago oso deskontestualizatuta geneukan denok, eta hala dago gizartean ere»
LURDES ONDAROEkidako kidea
Antzerkia eta musika uztartzen dituzte proposamenean, eta, Ondaroren esanetan, Arestiren «idazteko motibazioarekin» topo egitea izan da prestatu bitarteko aurkikuntza aipagarriena. «Arestiren izena entzutea bai, eta Nire aitaren etxea, Harri eta Herri, Poesia mailu bat da, baina hortik harago oso deskontestualizatuta geneukan denok, eta hala dago gizartean ere». Poema liburuez harago, haren gutunak eta hitzaldiak izan zaizkie bereziki emankor. «Oso garbi adierazten du zein den bere posizioa idazteko orduan, zertarako idazten zuen; asko oinarritu gara horretan».
Garrantzia eman diote poeta bere testuinguruan jartzeari, «euskaldun nazionalistekin eta espainol komunistekin» izan zituen talkak agertzeari eta gazteenganako zuen begirada azaleratzeari. «Hori bere gutunetan topatu dugu. Nahiz eta denekin borrokan ibili, gazteak posizio etiko jakin batean indartsu ikusten bazituen, asko motibatzen zuen horrek». Horrek eman die bide, halaber, izenburura eramandako ideia mamitzeko: Aresti etorkizunerako ere baliagarria dela defendatzeko.

Martxan diren bestelako ikuskizunetatik aparte —Enplego zoriontsuago bat, esaterako—, Gabrielen lekua izan zen Arestirengan oinarritutako emanaldi aipagarrienetako bat urte batzuk atzera. Antzerkia, bertsoa, musika eta irudiak uztartuta, poetaren «gaurkotasuna» azpimarratzeko saioa egin zuten han ere Oier Guillan, Andoni Egaña, Rafa Rueda, Alain Urrutia, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Naia Membrillera eta Iban Urizarrek. Izen bereko disko liburuan bildu zuten gero ikuskizunerako sortutako materiala.
Poeten katea
Literaturaren esparruan, bestalde, ezinezkoa da atzematea noraino iristen den Arestiren biderkatzea. Zuzen edo zeharka, hainbat testu idatzi baitira hizkuntza eta gaitegia berritu zuen poetaren eraginpean. Arestiri omen egiteko asmoz, 37 poema eta 32 lan grafiko bildu zituen Juan San Martinek 1978an, esaterako, eta esanguratsua da, besteak beste, nola amaitzen den Amaia Lasak ordurako idatzitako poema: «Zuk hasiera eman zenion,/ Nik bukaera eman diot, zerbaiti». Baina Aresti hil ostean jaiotako poetengan ere badu oihartzuna Arestik, eta hala du idatzia Jon Benitok, kasurako: «Paul Eluard 1952an hil zen,/ Alejandra Pizarnik 1972an,/ W.H. Auden 1973an,/ Gabriel Aresti 1975ean,/ Vladimir Visotski 1980an./ Denak ni jaio baino lehenago».

Aresti umea, Aresti gaztea eta Aresti heldua. Aurten hamar urte eraman zuen iruditara Adur Larreak poetaren bizitza Gabriel Aresti BioGrafikoa komikian, eta Iñigo Astizen poema bat eta Luigi Anselmiren beste bat agertzen dira liburuaren sarreran. Azken binetan kontatzen dira, ezpata dantza betean, zein izan ziren haren azken borondateak: «Elizatik pasatu gabe, Tomas Meabe poetaren ondoan lurperatua izatea, bere lanak berrargitaratzea eta egindako poesiak Oskorriren ahotik kantatuak izatea».