Gabriel Aresti hil zela 50 urte

Azaleratzeko dagoen Aresti

Azken urteotan, Gabriel Arestiren zenbait lan argitaragabe azaldu dira, tantaka, eta susmoa da oraindik badela zer azaleratu. Arrastoa galdu zitzaien nobela proiektuak eta Poliziak bortxaz eramandako balizko itzulpenak dira horren adibide.

Gabriel Arestik 1971n euskaratu zuen 'Internazionala', berreskuratuta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gabriel Arestik 1971n euskaratu zuen 'Internazionala', berreskuratuta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko ekainaren 1a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gabriel Arestiren obra literarioa ezin da hasi eta buka leitu. Ezin da, ez dagoelako ez osoki plazaratua ez eta agerian ere. 1986an, ordura arte eskura zegoen Arestiren obra osoa jaso zuen Karmelo Landa ikertzaileak gidatutako talde batek hamar liburukiko bilduma batean —Susarekin eman zuen argitara—, baina orduan ere gauza jakina zen obra ez zela osorik emana, idazlearen hainbat lan nonbait galduta zeudela, edo inork bortxaz ezkutuan gordeta. Frankismoaren zentsurak eta errepresioak nabarmen oztopatu eta are eragotzi zioten jarduna Arestiri, eta, ondorioz, motibo bakartzat jo ezin bada ere, horrek trabatu egin du haren obra herritarrei eta ondoko belaunaldiei helaraztea. Gaur egun ere, hil zenetik mende erdia beteko den honetan, han-hemenka aurki daitezkeen hainbat erreferentziak iradokitzen dute Arestiren zenbait lan itzalpean direla oraindik. Haiek inoiz azaleratuko ote diren da kontua. Eta, hala balitz, non.

«Susmoa ez, nik ziurtasun osoa daukat testuak badaudela, baina arazoa da oso-oso-oso leku konplikatuetan daudela». Karmelo Landarenak dira hitzak. Erne segitzen du Arestiri begira. Dioenez, aukeran, nahiago luke indarrak dagoeneko eskura diren lanetan jarriko balira —«asko dago aztertzeko eta sakontzeko»—, baina jakitun dago beste hainbat «hor nonbait» daudela, «desagertuta», eta haiei ere ari zaie so egiten. Edonola ere, behintzat lanetako batzuk Poliziaren esku daudelako susmoak franko apaltzen dio itxaropena. «Guardia zibilek erregistroetan eramaten duten materiala ez da ia inoiz itzultzen».

«Susmoa ez, nik ziurtasun osoa daukat testuak badaudela, baina arazoa da oso-oso-oso leku konplikatuetan daudela [...] Guardia zibilek erregistroetan eramaten duten materiala ez da ia inoiz itzultzen»

KARMELO LANDAHistorialaria

Landak oroitu duenez, Guardia Zibilak Arestiren zenbait idazki eraman zituen 1975eko irailean, Jon Juaristiren etxean eginiko miaketa batean. «Itzulpenak ziren nagusiki, baina poemaren bat ere ba omen zegoen», zehaztu du. Hain zuzen, Juaristik berak esana da material horren guztiaren artean bazirela argitaratu gabeko zenbait lan. Zenbaiten susmoa da, gainera, material horren artean izan zitekeela James Joyceren Ulises lanaren euskarazko itzulpena ere —edo behintzat zatiren bat—, besteak beste, Arestik berak adierazia baitzuen horretarako asmoa. Ordea, ez da inoiz azaldu horren arrastorik.

Gutunetako aitorpenak

Batik bat, Arestik adiskideei bidaltzen zizkien gutunetan aurki daitezke artean azaleratu gabe diren lanen zantzuak —1986ko liburu bildumaren hamargarren alean daude jasota eskutitzon pasarte batzuk—, askotariko pasadizoen berri ematen baitzien haietan, eta, tarteka, esku artean zeuzkan proiektu literarioak zein ziren ere kontatzen baitzien, izenburuak ere zehaztuta. Eta aipamen horietan ageri diren zenbait titulu inoiz ez dira plazaratu; horrek uzten du hutsunea agerian. Edo horrek pizten du zalantza, behintzat.

Esaterako, gaur egun plazaratuta dauden gutunetako bitan aipatzen dio Arestik Norbert Tauer lagunari Kiberna eta Jesus izeneko eleberri bat idazten ari dela. Zehazki, 1960ko otsailaren 20an sinatutako eskutitz batean kontatu zion estreinakoz horretan zebilela. «Nobela bat ere egin nahi nuke, baina denbora guztietan suspirioa datorkit. Bat badaukat erdira ailegatuta, Kibernia eta Jesus izenekoa, baina ez dut akabatzeko paradarikan ikusten». Orduan, arrastaka-edo omen zebilen Aresti eleberri horren idazketan, eta handik urte eta erdira ere ez omen zuen aurkitu hura bukatzeko modurik. Horren froga Tauerri idatzitako beste gutun batean aurki daiteke, 1962ko irailaren 21ean sinatutako batean.

Testu horretan, Euskaltzaindiaren literatur sarien epaiak plazaratu berriak direla kontatzen du Arestik aurrena, teatrokoa eman diotela berari —Mugaldeko herrian eginikako Tobera izeneko obragatik; «oso teatro moderno eta zelaia da»—, eta, bestalde, aipatzen du hurrengo urtean bi nobela aurkeztu nahi lituzkeela sariketara. Honela utzi zuen idatzita, hitzez hitz: «Orain nire nobela zahar bat akabatuko dut: Kibernia eta Jesus, eta beste baten asmoa dadukat: Lehen ilargitarrak. Datorren urteko sariketara presentatuko ditut, hea fortuna dadukadan». Horra hor Kibernia eta Jesus eleberri proiektuaren aipamena, bigarrenez, eta beste baten azaleratzea. Ez bata ez bestea ez ziren plazaratu gerora ere, ez behintzat izen haiekin, eta, gaur-gaurkoz, inon ez dira ageri.

Eta, hain zuzen, lan horiei buruzko informazio eskasia nabarmendu du Landak, eta, are, ohartarazi akaso Arestik sekula ez zituela nobelak bukatu ere: «Kontuz, ze berez asmoak ziren, baina igual azkenean ez zituen bete». Hala eta guztiz, Landaren esanetan, bukatu gabe izanik ere, testuok nonbait balira, eta agertuko balira inoiz, hori bera ere «oso interesgarria» litzateke. Are, ez litzateke lehenbiziko aldia: Arestik euskarara itzulitako Don Kixote Mantxakoa eleberriko lehenbiziko zortzi kapituluak dira horren adibide —argitaratuta daude, Susaren bilduman—.

Ogi apurrak eta zirrikituak

Arestik idatzi asmo zituen eleberri horien gainean «ezer berririk» ez dagoela nabarmendu du Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradun eta irakasleak. Gainera, ondoan galdera marka gisako bat daukaten beste zenbait aipamen ere baditu apunteen artean azpimarratuta. Esaterako, Maldan behera lanaren (1959) bigarren atala, Mirenen koplategia izenekoa; Euskara garbia. Euskarari eskainitako poema luze bat (1959) eta Legearen oinarria. Mila puntuko poema berria, «Anton Arregiren musikaz osatua izateko sortua izan litekeena». Haiei buruz «oso gutxi» edo «ia ezer ez» dagoelako dauzka zerrendatuta, dioenez.

«Gainerakoan, niri Arestiren lan argitaragabeez ateratzen zaidana ogi papurrak baino ez dira: konpromisozko poematxoak, adiskideei agur esatekoak, kopiak...», aitortu du Kortazarrek. Edonola ere, badu zer edo zer esku artean: «Badaukat Arestiren hitzaldi bateko grabazio bat, ustez ezezaguna». 1972an Deustuko Unibertsitateak antolatuta Galiziako eta Euskal Herriko poesiari buruz emandako hitzaldi baten grabaketa da, zehazki. «Kasualitatez, nik asko maite dut hitzaldi hori, ze badirudi hori izan zela nik kontzienteki Gabriel ikusi dudan aldi bakarra. Gogoan dut hitzaldia amaitu zenean kristoren istilua sortu zela komunismoaren kontura; nik ez nuen ezer ulertzen».

«Niri Arestiren lan argitaragabeez ateratzen zaidana ogi papurrak baino ez dira: konpromisozko poematxoak, adiskideei agur esatekoak, kopiak...»

JON KORTAZAREHUko Euskal Literaturako katedradun eta irakaslea

Bilaketari dagokionez, azken urteotako bideari erreparatuta, nahi balitz, eskura leudeke esperantza elikatzeko hainbat motibo. Izan ere, 1986tik hona, tantaka baina hainbat alditan azaleratu dira Arestiren lan argitaragabeak. Esaterako, 2016an Mailu batekin: biola batekin poema bildumaren lehenbiziko bertsioa (1962) eman zuten —Bilboko Udalak plazaratu zuen gero, Mailu batekin; biola batekin. Gabriel Aresti 1962 izenburupean—. 2022an, Arestik 1953ko otsailean idatzitako gaztelaniazko bi soneto eman zituzten argitara: Larrabetzuko (Bizkaia) Loroño Erdikoa baserrian ziren paper zaharren artean aurkitu zituzten, eta poetari ezagutzen zaizkion olerkirik zaharrenak dira geroztik. 2023an, Gabriel Arestiren Internazionala olerkiaren bertsio osoa berreskuratu eta aurkeztu zuten, eta 2024an, oraindik argitaratu gabe zegoen olerki baten berri eman zuten: Errota gorria.

«Gauza gehiago baldin baleude agertzeko, nik, zoritxarrez, ez dakit non», aitortu du Kortazarrek. Edonola ere, aukeretan pentsatzen hasita, gogora ekarri du Arestik garrantzi handia ematen ziola «adiskide sareari», eta okurritu zaio, akaso, izatekotan, pertsona horietakoren baten artxiboetan aurki litekeela zerbait. «Halere, ez dakit, ez dakit». Zalantzati da Kortazar.

Baikorrago mintzo da Landa: «Aterako dira». Azaldu duenez, sinetsia dago gutunen arloan gehiago ikertuta atera litekeela fruiturik: «Altxor bat da, eta ez da ikertu». Oro har, hori sumatzen du faltan Landak gehien: ikerketa sakon bat, eta, batez ere, «artxibo lana». Are gehiago, dei egin du dagoeneko lokalizatuak diren lanei gehiago erreparatzeko, «burua galdu aurretik ea Guardia Zibilak hartutako hori ea non aurkitu pentsatuz». Zehaztapena egin du segidan: «Hori ere ondo dago, baina hor ditugu, zain, landu gabeko diamante batzuk ere». Adibide bat ere eman du, azkenik: «Gorka Arrese Arestiren poemen eta kantuen arteko lotura ari da ikertzen; hor izango dugu beste erreferentzia bat hemendik aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.