Gabriel Aresti hil zela 50 urte betetzear diren honetan, beren Aresti lau hitzetara ekartzeko ariketa eskatu die BERRIAk lau sortzaileri, baita idazleak idatzitako poemen artean gustukoena aukeratzekoa ere.
GABRIEN ARESTI HIL ZELA 50 URTE
Itxaro Borda
Arestiren itzala
Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteburua betetzen den une hau aitzakia ona izan daiteke Bilboko poeta erraldoiaren lanek zedarritzen dituzten lur emankorrak zeharkatzeko, etxeko liburutegiaren ilunpean errautsez emokaturik daukagun Harri eta Herri bilatzen hasteko adibidez. Denbora joan da bistan dena, baina liburua esku artean tinkatzen dugunean, lehen aldiz irakurri genuen indar bereko emozio batek gatibatzen gaitu: Arestiren olerkietako hitzak ez dira zahartu, duela mende erdia bezala, mailu antzera eragiten dute gugan.
Arestiren izena ahoskatzen dudanean, poesia sozialaren kontinenteko giltzak eman zizkidan Manex Erdozaintzi-Etxart frantziskotarraren figura datorkit burura: berak utzi zizkidan bi olerki bildumak ene nerabe kaier eskasetan kopiatzen nituen, urgentziaz, euskarazko poesiarekiko gose orokorra nirea zela jabetuz. Neure kasko zokoan, Ibarlako eta Bilboko idazleak uztarrian dabiltza, beren kezkak, beren bizi-erak, beren galdera sozio-politikoak bezainbeste: Gauaren Atzekaldean, Anton, Gilen, eta gaur egun Fatima ere zutitzen dira, aldarrika.
Askaotik Esperantzara nabilen argi zirrintetan, Arestiren itzalak izpiritua harrotzen dit, bere azken garaiko poema minbera haiek bereziki. Orduko —ala betiko?— euskal mundu kontsentsualaren partetik gaizki ikusia izateko arriskua hartu zuen Zaldibiako Josepa Mendizabalen larruan jarriz, entzun nahi ez genituzkeen eta anbiguotasunik gabeko hitzak paperean etzanez.
Balekibale, humanitatearen alde.
Poema hautatua: Josepa Mendizabal Zaldibian.
Hedoi Etxarte
Klasearen airea
Baionan hil zen Antonia Mercé La Argentina abangoardiako dantzari argentinarra 1936ko uztailaren 18 egun seinalatuan. Federico García Lorcak hala egin zion laudorio La Argentinari: «Dantzariak inguruan duen airearekin borrokatu behar du, aire soro bateko benetako naufrago batek bezala. [...] Marrak neurtu behar ditu, isiltasunak, sigi-sagak eta bihurgune azkarrak, lurrin eta geometriazko seigarren zentzumen batekin, haren alorra inoiz ere erratu gabe, toreroak egiten duen bezala».
Galdera beti da dena: zein zen 1973ko airetik Arestik gerturatu gura zuena. Nafarroako langile mugimenduak izan duen garaipen gogoangarri iharretan ia bakarra izan zen Motor Ibéricako grebakoa. Arestik Bertolt Brechti gorazarre egitean seinalatu zuen «Komunistak hil ziraden ezpataren ahoan, juduena baino zori penagarriagoan». Langileriaren mugimenduaren historia den porrot bilduma hartatik, «zikira bitez cecen eta americano guztiac, afqui da FIESTA», baita toreroarena ere.
Ez da, bistan da, Naffarroa, Iruinea, poemako protagonista, ez dira hauek Nafarroarekiko bertso abertzaleak, borrokak eraikitzen du lurraldea, «Çure bandera gorriak bici behar gaitu...». Galdera da lerrook idazten ditudan 2025eko maiatzaren 28 honetan ze porrotetan bizi garen, zenbat lantegi dauden langabeziara bidean egungo Motor Ibérica-etan (Susundegui, Bosch). Non geratu diren bandera gorri hori aldarrikatzen zutenak duela mende erdi bat. Eta, bereziki, poesiaz ari garenez, nolakoa den egungo airea, zertan ari diren poetak bi egunetan hiru langile hil direnean: Amurrioko Tubos Reunidosen asteartean, Atxondon astelehenean abiadura handiko trenaren eraikuntzan, egun berean beste bat hil zen Andosillan elikagaien enpresa bateko karga lanetan.
Bistan da aireak ez duela zertan kronika egitera eraman poeta. Eta poeta komunista batek existentziaren alderdi guztiak uki ditzakeela. Galdera da nola egon ahal izan den Arestiren osteko mundu zaratatsu eta nekatuan hain lurpean bandera.
Poema hautatua:Motor Ibérica.
Mikel Soto
Arestiren promesa
Gabriel Arestiren kasuan bere poesia euskal literaturan inaugurala dela esaten dugunean ez da hitz egiteko modu bat: zerbait berria jaio zen orduan eta, berria izanagatik ere, hain sakona eta berezkoa zen euskal herriarekin zuen lotura, ze, euskal poesiaren birsortze berri bakoitzean, berak markatzen du iparra eta hegoa: Bernardo Atxagaren basamortuko harean hasi eta Martin Bidaurren haragi galtzailean amaitu. Ez dakit besteen kasuan nola gertatu zen hori, nire kasuan, sinetsidazue esaten badizuet ez nintzela ni Arestiren bila joan, baizik eta bera agertu zitzaidala nire poesiaren bidean.
Arestiren poesian, euskarak une horretan bizi zuen ataka historikorako soluziobide bat zegoen, eta hautu estetiko bat ere bai, baina bi gauza horiekin batera, bazegoen konpromiso etiko bat eta, hiru aukera horiek, pertsonalak izanagatik ere, idazlea eta garaia gainditu zuten. Euskararena hautatutako bide kolektiboa izan zelako eta, hautu estetiko bera ere, moden gainetik gelditu da, Arestiren hautu etikoari lotuta baitzegoen, hots, Mikel Lasak «egia esateko griña» deitu zuenari. Harri eta herri-k izan zuen aurreneko kritika jenial hartan, Lasak esaten zuenez, «euskaldun prestu ta zintzoen iduri serios eta demokratazalearen imitatzerat» ez gintuzten «diruz ortara bortxatu, baizikan moralaren prestijio utsez eta gure erriaren ohorea gordetzearren». Ez dakit gaur egun euskal literatura nola den bortxatua halako bide serios eta aspergarrietara, baina badakit bidegurutze bakoitzean etorkizuna argitzen duela Arestiren promesak.
Poema hautatua: Egia bat esateagatik.
Lorea Agirre
Poesiak egiten gaitu mailu
Arestirena ez zen poesia. Ez zen euskara egokia, euskara garbia, are, ez zen euskara. Ez zen edertasun klasikoaren —eta klasistaren— aldarria. Ez zen lirikaren sublimazioa. Ez zen euskalherri berde baserri zuria. Ez zen Lauaxeta fusilatu gabekoa. Ez zen pinudiak salduz aberastutako baserritarren aberria. Ez zen Bilboko aberatsen erdalkeria. Ez zen aldarerako errezoa. Aresti ez zen lore, arbi zen. Lokatza.
Ez zen poesia poesia izan nahi ez zuelako. Mailu izan nahi zuen, Zorrotzako langile biren eskuetan —nola eltzea Bilboko aberatsen neskame elebakarren eskuetan—. Ze poesiak egiten gaitu mailu, eta mailuak libertatea ekarriko digu, Gillen, Anton. Eta Josepa. Eta Asiri, Kandela, Elorri, Ira, Sunu, Lur. Eta zutik iraungo du aitaren etxeak eta, halere, eta, haren aurka altxako da amarena. Arestik puskatutako mundu bat puskatzeko nahi zuen poesia, eta berri bat eraikitzeko. Eten, eta, halere, nolabait, jarraitu. Kontra egin alde egiteko. Aresti, iturburura joan, eta ur erauntsia eragin. Poesia berriro jaioarazi, berriro, herri bat poesiaz erditu, libre izateko kondaira guztiaren kontra.
Aresti, hiritarra, Bilboko portuan hazi zen umea. Aresti, ezkertiarra, marxista, lukurreriaren kontra. Aresti, antifrankista. Aresti, euskaldundua, euskaltzale egina. Aresti, hizkuntz abertzalea. «Ni gauza guztien gainetik euskaldun abertzalea naiz» zioen aktibista. Aresti, negar eta barre, dena batera, erraz egiten omen zuena; garratza eta, une berean, minbera; bolkanikoa eta umorekoa. Hala iritsi zitzaigun haren ura. Umetako kantutegian, ezjakinean, hasieran, gaztetako poesia gosean, ondoren. Aitaren etxea eta harrizko herri hau maitatu eta defendatzeko obligaziotik, hizkuntzaren katea ez etetetik, eta utopia guztien arragoa josi beharretik. Ez dago gizon poeta bakarrarekin mundu guztia salbatzerik, baina, Aresti izanda ere. Aitzitik. Arestiren alde eta kontra. Zerbaiten kirrinka. Hitzen ezinegona. amaia lasaren bila, ondoren, bazenik ere jakin gabe eta, azkenean, atzenduen artetik agertu, Arestiren mailua hartuta, Arestik amaitutakoari hasiera ematen —a, e, i, o, u berri bat—. Arestik narritatu ur erauntsia, ur-jauzia, galdera eta gizatasun garaikide berrien bila darrai. Aresti, ondare, lanabes, arma. Mailu bat poesia.
Poema hautatua: Esanen dute.