Gabriel Aresti hil zela 50 urte

Oraindik badela ospatzeko

Aresti eta haren obra gogora ekartzeko ekitaldi ugari izango da abendura bitarte, hainbat eragilek antolatuta. Argitalpen berriak ez ezik, disko bat ere bidean da.

Gabriel Aresti jaio zen etxeko atariko plaka, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gabriel Aresti jaio zen etxeko atariko plaka, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
I. Astiz - A. Sarasola
2025eko ekainaren 1a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Gabriel Arestik hainbat arlotan utzitako lorratza ez daukate ahazteko hainbat erakunde, elkarte eta eragilek. Horregatik, haren ekarpena bizirik dagoela aldarrikatuko dute idazlea hil zela mende erdia beteko denean. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte haren obra gogora ekartzeko eta zabaltzeko. Eta, obra hori bera ardatz hartuta, lan berriak ere argitaratuko dituzte.

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak, esaterako, nork bere emanaldi, hitzaldi, ikastaro eta bestelakoak prestatu arren, elkarrekin hitz eginda adostu dute ekainean hasi eta urte amaierara bitarte Arestiren inguruan garatuko duten programa zabala. Hainbat sortzaile bilduko dituzte ekitaldi horietan, eta Bilbon izango dira gehientsuenak. Programa osoa, edonola ere, hurrengo astean aurkeztuko dute zehatz-mehatz. 

Zenbat Gara elkarteko kideek eta idazlearen ondorengoek osatzen dute Gabriel Aresti kultura elkartea, eta 2013. urtetik ari da lanean haren bizitza eta obra ezagutarazteko. Orain hiru urte, Bilbon barrena ibilbideak egiten ere hasi ziren Karmelo Landa eta Xabier Monasterio, Arestiren bizitzan eta obran esanguratsuak izandako lekuetan pausatuz eta hainbat gai aletuz. Egitasmo horrekin aurrera segitzen dute, eta ekainaren 18an egingo dute hurrengo ibilaldia. Horrez gainera, liburu bat koordinatzen ere badabil Monasterio. Azaldu duenez, gaur egungo hainbat sortzaileren testuak jasoko ditu lanak, eta urrian aurkeztu asmo dute. «Aditzera eman nahi dugu Aresti izan zela, baina badela oraindik ere».

Bestalde, Mundaka Ezagutu elkarteak antolatuta, Arestiri eskainitako bi eguneko programa egingo dute; hilaren 13an eta 14an izango da hori, Mundakan (Bizkaia). Ostiralean Mirande-Aresti: arriskurik ez, segurtasunik ez hitzaldia emango du Mikel Soto idazleak Jose Manuel Etxeita Udal Liburutegian; 18:00etan hasiko da saioa, eta Edorta Jimenez idazleak egingo ditu moderatzaile lanak. Larunbaterako, berriz, egun osorako egitaraua prestatu dute. Aresti Mundakan ibilbidea gidatuko du Jimenezek, 11:00etan Turismo Bulegoaren kanpoaldetik abiatuta, eta piknika izango da gero, 15:00etan, Arestiri eskainitako hitz eta kantuekin.

Bederatzi kantu berri

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Aresti 50. Euskaldun eta marxista izenburupeko jardunaldia egin zuen Bilbon, joan den apirilean. Haren barruan estreinatu zuen Ekida arte egitasmo sozialistak Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana. Eta izen bereko diskoa aurkeztuko du idazlea hil zenetik 50 urte beteko diren egunean; ekainaren 5eko iluntzean, diskoaren entzunaldia, poemen errezitala eta parte hartu duten musikariekin solasaldia egingo dituzte Bilboko Biran. Antzezlanarekin bezala, diskoarekin ere «Aresti gaurkora ekartzea» eta haren izaera komunista aldarrikatzea dute helburu.

Bederatzi kantuk osatzen dute albuma, eta, besteak beste, Elene, Borla, J Martina, Mirotz, Rodeo, Nakar eta Malakias daude egileen artean. Gehienek Arestiren poema bat musikatu dute, baina badira haren hainbat poema nahastu dituztenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.