«Lotsagarria da alderdi politiko gehienek egin duzuen erasoaren erabilera interesatua; esaten duzue emakumeak babesten dituzuela, baina minduta eta alboratuta dauden biktimen beharrak eta nahiak kontuan hartu gabe». Irmo mintzatu dira gaur Errenteriako mugimendu feministako eta Oiartzungo feministen asanbladako kideak. Elkarretaratzea egin dute Errenterian (Gipuzkoa), herenegun ezagutarazitako bortizkeria matxista kasu bat salatzeko. Hain justu, bi eragile horiek eta Bertsozale Elkarteak jakinarazi zutenez, bertso irakasle batek jazarpen psikologikoa eta zenbait sexu eraso egin ditu.
Ehunka herritarrek gizon hori eta «haren konplizeak» seinalatzeko baliatu dute gaurko saioa, «pribatuan egin dituenak herrietako txoko guztietan agerian uzteko». Erran dutenez, gizon horrek «bere botere posizioa eta erreferentzialtasuna» baliatu ditu «modu sistematikoan botere harremanak garatzeko, neska gazteak manipulatzeko eta haiei erasotzeko». Hala, eskerrak eman dizkiete salaketa egiteko ausardia izan duten neska gazteei: «Zuei esker, erasotzaile bat agerian utzi, eta inpunitate kate bat eten da, eskerrik asko».
Izan ere, kontua ez da berria: 2018an pertsona horri salaketa bat jarri zioten Bertsozale Elkartean, eta neurri batzuk adostu ziren; «bertsolaritzaren esparru formal eta informaletatik desagertzea zen helburua». Ordea, pertsona horrek adostutako neurriak hautsi zituela jakin zuten 2024an, eta Bertsozale Elkarteak indarkeria matxista kasuen kudeaketarako barne protokoloa aktibatu zuen. Gizonak erasoak onartu zituen, eta, zenbait helburu ezarri ondoren, haiek betetzeko konpromiso agiria sinatu. Azpimarratu dutenez, gainera, Xenpelar bertso eskolako arduradunek hitzeman zuten bermatzaile gisa arituko zirela, eta erasotzaileak konpromiso horiek betetzen zituen aztertu eta horren jarraipena egingo zutela.
Baina gizonak ez ditu sinaturiko konpromisoak bete, gaurko agerraldian azaldu dutenez; areago, «neska gazteei jazarri, eta haiek manipulatu ditu behin eta berriz». Guztiekin patroi bera erabili duela azaldu dute: «Neska gazteak taldetik bakartu, berezi sentiarazi, eta, bertsolaritza munduan aurrera egiteko haren beharra dutela sentiarazi ondoren, neskei jazarri eta eraso egin die». Erran dutenez, gainera, jokabide bera izan du behin baino gehiagotan, bertso eskoletan, bertso eskolarekin lotutako eremu informaletan eta bertso mundutik haratagoko esparruetan.

Egoera ikusita, «ardi larruz mozorrotutako erasotzailea» publikoki salatzea erabaki dute, eta nabarmendu emandako aukerak behin eta berriro «mespretxatuz» eta neskei erasotzen segituz «zikin» jokatu duela. «Urte hauetako guztietako ezkutuko ibilbidea ikusirik, pentsatzen dugu horrela jokatzea ahalbidetu duen inguru bat dagoela. Eta erasoak betikotzen dituen aliantza patriarkala seinalatu eta salatu nahi dugu», gehitu dute. Argi utzi dute, dena den, bertso eskolako kide guztiek ez dutela jarrera konplize hori izan.
«Ahots finak, ageriko goxotasunak eta hitz politak baliatuz engainatu du ingurua, baina gutxietsi egin du gure artean saretzeko daukagun ahalmena», erran dute. Hala, nabarmendu dute «aliantza patriarkala eta inpunitatea» akiarazi nahi dutela, eta aliantza transfeministaren alde eginen dutela. Gizonen arteko aliantzak ez ezik, alderdi politikoek hartutako jarrera ere gogor kritikatu dituzte, baita «zenbait komunikabidek» egindako lanketa ere: «Erasoa jasan dutenak babestu ordez, eta nesken minaren gainetik, ikuskizuna, sentsazionalismoa eta errenta komertziala izan dute helburu».
Eskolaren jarduna etenda
Ortzegunean salaketa ezagutarazi, eta Errenteriako Udalak ohar bat kaleratu zuen, azalduz bertso eskolaren jarduna etetea erabaki zutela: «Erasoak bereziki larriak dira, udal zerbitzu baten barruan gertatu direlako». Bertso eskola bertan behera uzteko erabakia asteazkenean helarazi zieten bertako gurasoei, presazko bilera batean.
Udalak emandako azalpenak aski ez zirelakoan iritzita, Errenteriako PSE-EEk ortzegunean bertan udal gobernuari eskatu zion batzorde berezi batera deitzeko. Batzorde horretan, bertso eskolako erasoez ez ezik, Kukai dantza taldeko auziaz ere hitz egitea nahi zuten —sexu erasoak egin izana leporatzen diote Jon Maia Sein zuzendariari zenbait emakumek—. Bi kasu horietan udalak nola jokatu duen aztertzea galdegin du PSE-EEk. Sozialisten eskaera horrek, baina, orain arte «konfidentzialtasun zorrotzez» lantzen ari ziren prozesu bat atera du argitara. Izan ere, hala Kukai dantza taldeko zuzendariaren erasoak jasan dituztenek nola mugimendu feministak ez zuten nahi auzia jendaurrean zabaltzea.
Ikusi gehiago
Bada, atzo iluntzean, dantza taldeko zuzendariak berak ohar bat igorri zion EFE albiste agentziari, erreferentzia egiten dioten «azken zurrumurruei» erantzuteko asmoz. Oharrean, onartu egiten du mugimendu feministako kide batzuk harekin harremanetan jarri zirela, iritsi zitzaizkien testigantza batzuk direla medio. Eta «modu zehatzean» erran ziotela gai horrekin lotutako gauza edo ekintza oro «eremu guztiz pribatu eta konfidentzialean» mantendu behar zela. «Geroztik, konfidentzialtasun oro errespetatu dut, eta adostutakoaren arabera jokatu».
Kasua, baina, ezaguna egin zen herri inguruetan Kukai dantza taldeko Gida Batzordeko kide baten eskutik. Hain justu, Xabier Oleagak ezker-eskuin idatzi bat zabaldu zuen, eta «albo gatazka» gisa aurkeztu mugimendu feministak abiatutako prozesua —2024an haiengana iritsi ziren testigantzei jarraikiz egindakoa—. Akusatua, berriz, «pertsona publiko ospedun» gisa aurkezten du. Areago: Oleagak berak idatzi horretan aitortu egin zuen prozesua «diskrezioz» egin zutela. Idazki hori zabalduta, baina, hankaz gora jarri zuen alde guztien artean hartutako erabakia. Halere, feministek herri inguruetan zabaldutako erantzunak modua eman zuen kasua hedabide nazionaletara ez iristeko.

