Idazlea

Ixiar Rozas: «Gero eta argiago ikusten dut 'continuum' bat dela nire lana»

Azken sei urteetako hainbat testu batuta ondu zuen Rozasek 'Narrugorrik' lana. Hain zuzen, aniztasun hori saritu du epaimahaiak euskarazko literaturako Euskadi saria emateko orduan.

Ixiar Rozas idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ixiar Rozas idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko urriaren 14a
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) mugikorra hartu du BERRIAri elkarrizketa eman aurretik, eta harrituta geratu da iritsi zaizkion zorion mezu guztiak ikusita. «Orain arte ezin genuen ezer esan, eta orain publiko egin denez jende pila baten mezuak ditut!», esan du larritasun puntu batez. Narrugorrik ez da literatur lan arrunt bat, besteak beste narrazioa, poesia, egunerokoa eta saiakera uztartzen baititu. Horrexegatik, Euskadi sarietako epaimahaia «ausarta» izan da, egilearen ustez.

Nola jaso zenuen albistea?

Pozez jaso dut, ez dut ukatuko. Sari bat da. Sariaren formatuari dagokionez, uste dut Gure Artea sariak eta Euskadi literatur sariak adibidez ezberdinak direla funtzionamenduari dagokionez; eta ikusten ditut ezberdintasun horiek. Hala ere, poza handia izan da.

Zenbait urtetan idatzitako testuak dira liburuan jasotakoak.

Azken sei urteetan idatzitako testuak dira. Horra iritsi naiz aurreko guztiak egin ondoren. Gero eta argiago ikusten dut continuum bat dela nire lana. Agian idazle guztiek esaten dute hori, baina nik oso presente daukat. Liburu bakoitza ikerketa baten esplorazio maila sakonago bat da, eta liburu honetan ziur asko aurrekoetan baino askeagoa izan naiz; adin kontua ere izango da. Espero dut hurrengoan oraindik eta askeagoa izatea.

«Liburu bakoitza ikerketa baten esplorazio maila sakonago bat da, eta liburu honetan ziur asko aurrekoetan baino askeagoa izan naiz»

«Liburua gauza asko da», esan izan duzu Narrugorrik-en inguruan.

Poesia da, narrazioa da, badira ere zatiak entsegutik gertuago daudenak, kronika da, testu oso esperimentalak daude... Lehenengo, Consonni argitaletxea izan zen ausarta, eta Azkuna zentroa ere izan da ausarta, bertan lan egiten uzteagatik; eta, nola ez, epaimahaia ere izan da ausarta, lan hau saritzeagatik.

Liburua espazio sozial bat da, testuinguru batekin eta garai batekin; niretzat hori oso inportantea da. Garai baten zaurgarritasun guztia kontuan izanda egindakoa da, eta lagunekin batera egindakoa. Liburu polifonikoa da, ez zait hitza gehiegi gustatzen, baina tira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA