Itzultzailea

Matias Mujika: «Homeroren dikzio formularrak zerikusi handia du bertsolarien teknikarekin»

Matias Mujikak bi urte baino gehiago eman ditu Homeroren poema epikoa euskaratzen, hitz neurtuz eta jatorrizkoaren indar literarioari eusteko ahaleginean. «Ikaragarrizko lana» izan bada ere, aitortu du «izugarri» dibertitu dela 'Odisea' itzultzen.

Matias Mujika, Homeroren 'Odisea' liburua eskuetan duela. JON URBE / FOKU
Matias Mujika, Homeroren 'Odisea' liburua eskuetan duela. JON URBE / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urriaren 21a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Homeroren Odisea euskarara ekartzea ez da nolanahiko lana izan Matias Mujika itzultzailearentzat (Iruñea, 1961): 24 kantu eta 500 orrialde inguru ditu, eta hasieratik erabaki zuen bertsotan ematea. Euskal klasikoen eta bertsolaritzaren tradizioa baliatu du horretarako, baina jatorrizko testuari ahalik eta leialen lotzen saiatu da. 

Zer erronka berezi izan ditu Homeroren Odisea obra klasikoa itzultzeak?

Hasteko, obraren tamaina bera: 24 kantu eta 500 orrialde inguru dira. Gainera, hasieratik pentsatu nuen bertsotan egin behar zela, hitz neurtuan. Iruditzen zitzaidan prosaz egitea obraren nortasuna eta dohain nagusiak ukatzea edo desegitea izango zela. Poema bat da, poema epiko bat; ez da nobela bat, nahiz eta nobelatik ere asko duen.

Horrelako itzulpen bat egitea ikaragarrizko lana da; bi urte baino gehiago eman ditut. Goraldiak eta beheraldiak izaten dira, eta askotan nazkatu egiten zara. Nazkatzen zarenean, gainera, gero eta okerrago aritzen zara; orduan, batzuetan, denbora batez utzi behar izaten duzu, burua freskatu arte. Baina, beste alde batetik, izugarri dibertitu naiz. Benetan.

Nola lortu duzu antzinako testu bat gaur egungo euskal irakurlearentzat bizirik eta eskuragarri izatea?

Testua bera oso urruti dago gugandik, gure mentalitatetik, baina, beste alde batetik, Odisea Europako nobela guztien ama da. Uste dut, 2.800 urteko tartea gaindituta ere, osasuntsu samar iritsi dela gaur egunera.

Gaur egungo irakurle batek, pazientzia pixka batekin, erraz irakur dezake Odisea, eta probetxuz eta gustuz. Ez dut uste erudituentzako lana denik, ezta hain zaila denik ere. Hizkuntzak eta itzulpenak arazo tekniko asko ditu, baina obra bera ez zait iruditzen zaila. Literatura lan gehienak zahartuta geratzen dira, eta gaurko irakurlearentzat astunak eta aspergarriak izan daitezke. Hau, ordea, mirari bat da alde horretatik: 2.800 urte igaro dira, eta bizirik dago oraindik.

«Gaur egungo irakurle batek, pazientzia pixka batekin, erraz irakur dezake 'Odisea', eta probetxuz eta gustuz. Ez dut uste erudituentzako lana denik»

Epaimahaiak nabarmendu du nolako lotura egin duzun greziar literaturaren eta bertsolaritzaren tradizioen artean. Zer aurkitu duzu bi tradizio horien artean?

Horrelako lan bat egiten duzunean, ahal duzun material guztia erabili behar duzu, eta hizkuntza bakoitzaren tradiziotik tiratu. Bertsolaritzaren tradiziotik ere bai. Homeroren dikzio formularrak zerikusi handia du bertsolarien teknikarekin: bertsolariek ere pieza prefabrikatuak erabiltzen dituzte askotan, ahoz inprobisatzea ezinezkoa litzatekeelako bestela.

Baina bi tradizioak ez dira gauza bera. Homeroren poemak ahozko literaturaren estiloan eta ahozko literaturaren materialekin eginak daude, baina testu erabat literarioak dira. Aurreko epika ahoz kantatuz eta inprobisatuz sortzen zen, bertsolaritzan bezala; Odisea, ordea, beste fase batekoa da. Idatziz egin zen, eta ez zen testu finko baten gainean inprobisatzen. Rapsodoek testua errezitatu edo deklamatu egiten zuten. Beraz, lotura badago, baina ez dira berdinak.

Itzulpen batean, zenbateraino aldendu behar du itzultzaileak jatorrizko testutik, indar literarioari eusteko?

Lizentziaren bat hartu beharra izaten da beti. Baina kasu honetan ahalik eta itzulpen literalena eta leialena egin nahi izan dut. Neure buruari bertsotan egiteko betebeharra jarri nion, eta horrek, askotan, testutik pixka bat urruntzera eramaten zaitu, formak berak hala eskatzen duelako: neurria, errima eta gainerako baldintzak bete behar dira. Hala ere, oro har, ez naiz askorik aldendu. Nire testuak, gutxi gorabehera, Odisea izaten jarraitzen du, ezer kendu eta ezer gehitu gabe. Horretan saiatu naiz, behintzat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA