Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek greba egingo dute maiatzaren 15ean

Patronalak ezarritako «blokeo sistematikoa» salatu dute sindikatuek. Haien esanetan, horrek ezinezkoa egiten du langileen gutxieneko eskubideak bermatzea. Aurki emango dute mobilizazioen berri.

Joan den otsailean Bilbon egindako agerraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Joan den otsailean Bilbon egindako agerraldia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko apirilaren 16a
15:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarri zuten otsailean zein izango zen hurrengo pausoa: mobilizazioak egitea. Bada, esan eta egin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek grebarako deia egin dute, datorren maiatzaren 15erako, euren lan baldintzak hobetze aldera. Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuak batu dira deialdira. Otsailaren 23an egin zuten lehen agerraldia, sektorearen egoeraren berri emateko asmoz. Hainbat enpresa salatu zituzten Lan Ikuskaritzan, langileen ordezkarien informazio eskubidea urratzeagatik. Oraingoan, patronala negoziazio mahaian esertzea lortu nahi dute.

Duela bi urte eratu zuten negoziazio mahaia, aipatutako sindikatuek eta EUKI patronalak —sektoreko enpresa gehienak biltzen ditu—. Sindikatuek ohar bidez azaldu dutenez, patronalak «blokeo sistematikoa» du ezarria: «2025eko uztailetik hona luzatu den immobilismo horrek benetako negoziazio bide oro agortu du; izan ere, ezinezkoa da langileen gutxieneko eskubideak zapaltzen dituzten proposamenekin akordioak lortzea». Haien ustez, patronalak lan baldintza duinak bermatzeko interes falta du.

Halaber, maiatzaren 15eko greba «mugarri» izango dela gaineratu dute sindikatuek. Jakitun daude sektoreak dituen berezitasunez, eta horien araberako neurriak nahi dituzte. Euren jarduna ekitaldi kulturaletan «beharrezkoa» dela argudiatu dute, eta deialdia aukera ona izango dela sektorea «itzalpetik» ateratzeko. «Sektore honetan urte asko daramatzagu prekaritatean murgilduta, normalizatzeraino ia. Kontzertu eta agerraldietatik bueltan makina bat aldiz kritikatu ditugun baldintza kaskarrak aldatzeko garaia iritsi da», adierazi dute prentsari bidalitako oharrean.

Laster emango dute mobilizazioen inguruko informazio gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA