Ikuskizunetako teknikariek grebak eta lanuzteak egingo dituztela iragarri dute, eta hainbat enpresa salatu Lan Ikuskaritzan

Duela bi urte hasi ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen lan hitzarmena adosten, baina negoziazioak «blokeatuta» daudela salatu dute. Esan dute enpresek Langileen Estatutuan jasotako eskubideak urratzen dituzten baldintzak jarri nahi dituztela.

Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikarien agerraldia, gaur, Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikarien agerraldia, gaur, Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko otsailaren 23a
13:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oraindik ere negoziatzen jarraitzeko «garaiz» daudela esan dute, baina mahaitik altxatzeko keinua egiten hasiak dira jada. Teknikariek bi urte daramatzate Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien lehen lan hitzarmena negoziatzen, baina, diotenez, «blokeatuta» dago egoera, eta iragarri dute mobilizazioak egingo dituztela «laster». Grebak eta lanuzteak aipatu dituzte, tartean. «Lanbide gehienetan segurutzat jotzen diren oinarrizko eskubideak zapaldu egiten dira gurean, jarduera aldizkakoa izatea aitzakia hartuta». Bilboko Euskalduna jauregian eman dute egoeraren berri, eta Iker Callao LABeko ordezkariak eta Jose Lastra Teknikariok sindikatuko kideak hartu dute hitza. Hain zuzen ere, Teknikariok, ESK, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute deialdiarekin —negoziazio mahaiko kide diren sindikatu guztiek, alegia—, eta Lan Ikuskaritzan hainbat enpresaren aurkako salaketak aurkeztu dituztela jakinarazi.

Teknikariek azaldu dutenez, hain zuzen, etorriko diren mobilizazio horien barneko lehen urratsa dira salaketak. Agerraldian, teknikariek ez dute esan zehazki zer enpresa salatu dituzten, baina hainbat direla ziurtatu dute, eta, esan dutenez, langileen ordezkarien informazio eskubidea urratzeagatik jarri diete salaketa. Teknikarien ordezkariek azaldu dutenez, langileen ordezkariek eskubidea dute lan txandei eta langileen baldintzei buruzko informazioa eskuratzeko. Baina salatu dituzten enpresek uko egin diote informazio hori emateari, edo informazioa partez baino ez dute eman. Eta horregatik jarri diete salaketa.

«Lanbide gehienetan segurutzat jotzen diren oinarrizko eskubideak zapaldu egiten dira gurean, jarduera aldizkakoa izatea aitzakia hartuta»

IKER CALLAO LAB sindikatuko ordezkaria

Sindikatuek ulertzen dute sektoreko enpresen antolaketa «konplexua» dela, eta, diotenez, «etengabeko elkarrizketa» sustatzearen alde egon dira hasieratik. Sektorea erregulatzeko eta «neurriz kanpoko praktikak» amaitzeko «konpromiso sendoa» dutela ere esan dute. Baina, haien hitzetan, «gaur arte jasandako eskubide urraketak idatziz finkatzeko ahaleginean» ari dira enpresak, eta ez akordioak lortu nahian.

Gutxienekoen azpitik

Enpresen jarrera, «immobilista» ez ezik, «zuzenbidearen aurkakoa» ere badela azaldu dute, eta, horregatik, ez dute «benetako baldintzarik» ikusten negoziazioei berriz ekin ahal izateko. Zehaztu dutenez, Euki elkarteak biltzen ditu egun sektoreko enpresarik gehienak, eta hura da mahaia blokeatuta egotearen erantzulea. «Hitzarmenaren bidez patronalaren jarrera zuritu eta berresteari uko egiten diogunez, Eukik negoziazioak blokeatu besterik ez du egiten».

Teknikarien hitzetan, haien sektorean etengabeak dira oinarrizko eskubideen urraketak eta prekaritatea. Diotenez, enpresa asko baliatu egin dira sektorearen antolamendu eta ekoizpen berezitasunez, Langileen Estatutan jada onartuta dauden gutxieneko eskubide batzuk ez betetzeko. Lanorduak eta egutegiak azken orduan jakinarazten dizkietela salatu dute, esaterako, eta horrek ezinezko egiten duela bizitza pertsonala eta familia bizitza uztartzea. «Etengabe prest egotera behartu nahi gaituzte».

Hain zuzen, langileek gaineratu dute ez dietela inolako konpentsaziorik eskaini prestutasun horren truke. Gainera, uste dute negoziazio mahaian jaso duten azken proposamena Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoen azpitik dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.