Ikuskizunetako teknikariek bertan behera utzi dute azaroaren 26an eta 27an Nafarroan egitekoak ziren greba

LAB sindikatuak jakinarazi du albistea, eta argudiatu du patronala negoziatzeko prest azaldu delako hartu dutela oraingoz atzera egiteko erabakia. Dioenez, lan hitzarmen bat sinatzeko «prestutasuna» adierazi du hark.

Miriam Zaragueta eta Irune Costa, astelehenean, LABen Iruñeko egoitzan, grebaren berri emateko egindako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Miriam Zaragueta eta Irune Costa, astelehenean, LABen Iruñeko egoitzan, grebaren berri emateko egindako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Iruñea
2026ko azaroaren 18a
19:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teknikariok, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek deituta, bi greba egun dituzte aurreikusita ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikari eta laguntzailek. Lan baldintzak hobetzea eta haiek arautzeko hitzarmen bat sinatzea dute aldarri nagusia, baina patronalaren «blokeoa» izan dute aspaldian oztopo nagusiena. Hain zuzen, blokeo hori apurtzeko zantzuak antzeman, eta lanuztea bertan behera uzteko erabakia hartu du LABek Nafarroan. Agiri batean azaldu duenez, patronalak «negoziaketari berriro heltzeko konpromisoa eta hitzarmena sinatzeko prestutasuna» azaldu du sindikatuak.

Ez atzera ez aurrera zenbait hilabete eman ostean, atzo bildu zen Nafarroako ikuskizunetako langileen hitzarmena negoziatzeko mahaia —Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban beste mahai batek du horren ardura—. LABek —zeinak ordezkaritza osoa duen ikuskizun eta ekitaldien sektorean Nafarroan— begi onez ikusi zuen sektoreko lau enpresa handienak bertara batu izana, eta greba deialdiak egin izanaren ondoriotzat jo zuen hori: «Grebarako aurreabisurik gabe, ez ginateke egoera honetan egongo».

Patronalak konpromiso zehatzak hartu ditu, LABek azaldu duenez. Batetik, sindikatuek aurkeztutako azken proposamena aztertzekoa eta erantzuna albait agudoen ematekoa. Eta bestetik, konponbidea albait agudoen aurkitzekoa. Hala, patronalak hitzarmena sinatzeko prestutasuna duela uste du LABek. Gauzak ondo bidean, aste honetan berean aurkeztuko du patronalak kontra-proposamena, eta LABek azaroaren 23ko negoziaketa mahaian emango du erantzuna. Datozen bost bilera egunak ere zehaztu zituzten elkarrekin.

Konpromiso horien aurrean, helburuak bete direla uste du sindikatuak. «Hamaika hilabete geroago, patronala eserarazi dugu eta gure proposamenaren baitako edukiak aurkeztuko dituela aipatu du». Dena den, azaroaren 26 eta 27ko lanuzteak bertan behera utzi izanagatik ere borrokan jarraitzen duela adierazi du, eta hitzarmena jo du gatazkaren amaieratzat: «Lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena behar dugu egoera honi irtenbidea emateko». Horretarako, patronalak «lan baldintzak duintzera bideratutako pauso zehatzak» eman beharko dituela ere esan du sindikatuak.

Langileei eta greba babestu duten eragileei ohar bat luzatu die LABek: «Argi geratu da sektorean batera aritzen garenean eta aldarrikapenak kalera ateratzen ditugunean aurrerabidea lortzen dela. Patronalak gu desmobilizatzeko asmoa badu, aurrean izango gaituzte, berriz ere mobilizazioekin. Ez gara eduki minimoekin konformatuko».

Deiaren ondotik, «mugimenduak»

Maiatzaz geroztik hainbat lanuzte egin dituzte teknikariek Hego Euskal Herrian, eta bereziki nabarmena izan zen, preseski, mobilizazioek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako festetan izandako eragina.

Nafarroan, urriaren 10ean egin zuten lanuztea teknikariek. LABek jakinarazi duenez, azaroaren hondarreko grebak erregistratu bezain laster heldu zitzaien patronalaren bilera eskaera bat. Sindikatuak dio Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere «mugimenduak» egon direla deialdiaren ondorioz.

Nafarroan ez bezala, beraz, azaroaren 26 eta 27ko lanuzteek askotariko ekitaldiak jarriko dituzte kolokan Hegoaldeko gainontzeko hiru herrialdeetan, besteak beste Espainiako Gorteetako hauteskunde kanpainako ekitaldiak zein kontzertuak. Era berean, greba deitzaileek gonbita luzatu diete kultur programatzaileei, antzerki konpainiei eta musika taldeei egunotako emanaldiak bertan behera utz ditzaten eta grebarekin bat egin dezaten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA