«Noiz arte jarraituko duzue beste alde batera begira?». Galdera egiteko baliatutako tonua bestelakoa balitz, nekea eta kasik etsipena ere sumatzen ahalko zen hitzotan, baina, kontrara, zorrotz eta grinaz bota du esaldia LAB sindikatuko Irune Costak. «Ez dugu aitzakia gehiago onartuko», ohartarazi du segidan. Argi geldi bedi urgentzia. Bai eta tema ere. Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikari eta laguntzaileek beste bi greba egun iragarri dituzte, eta iragan hilabeteotan eginiko mobilizazioek baino are eragin ahalmen handiagoa izan dezaten diseinatu dituzte datozen hauek, Costak iradoki gisara. Oraingo honetan, deialdi bateratua egin dute Hego Euskal Herri osorako, eta zinez estrategikoa da ezarritako data ere: azaroaren 26an eta 27an eginen dute greba, noiz-eta Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren azken bi egunetan.
Teknikariok, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek deitu dute lanuztera —Nafarroan, LABek du ordezkaritza osoa ikuskizun eta ekitaldien sektorean—, eta lan baldintzak hobetzeko eta haiek arautzeko hitzarmen bat sinatzea dute aldarrikapen nagusia berriz ere.
Patronalekin hitzarmen bat negoziatzeko mahaiak eratuta daude bai, batetik, Nafarroan, eta baita, bestetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Ordea, prozesuak aspaldi «blokeatuta» daudela salatu dute grebaren deitzaileek.
«Enpresek, arautu gabeko sektore bat dela baliatuta, kontzesio handitzat hartzen dute balizko edozein akordio, horrek beren pribilegioen galera ekarriko lukeelako»
IRUNE COSTA LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduraduna Nafarroan
LABeko Nafarroako zerbitzu pribatuetako arduraduna da Costa, zehazki, eta patronalaren «immobilismoa» kritikatu ez ezik, salatu du sektoreko enpresek beren mesedetarako baliatzen dutela hutsunea; hau da, sektoreko langileen lan baldintzak arautzeko batere oinarririk ez egotea. «Enpresek, hori baliatuta, kontzesio handitzat hartzen dute balizko edozein akordio, horrek beren pribilegioen galera ekarriko lukeelako. Guk, baina, ez dugu aitzakia gehiago onartuko, ez diogu kontziliazioari uko eginen, eta ez gara enpresen mende bizitzearekin konformatuko».
Iruñean eginiko prentsaurrekoan, Miriam Zaragueta sektoreko langileak ere hartu du hitza, Costaren ondotik. Hego Euskal Herri osorako greba deialdi bateratu bat egiteari buruz, zera nabarmendu du, besteak beste: «Prekarizatutako sektore honetan, erregulaziorako premia berbera dugu guztiok, eta, gainera, batasunak agerian uzten du borroka honek indar gehiago hartzen duela egunetik egunera».
Ikusi gehiago
Soldatekin ikustekoa duten hobekuntzak ez ezik, ordutegiekin eta atsedenerako eskubidearekin lotutako neurriak ere exijitzen dituzte teknikariek, eta horiek guztiak nahi dituzte ikusi hitzarmenean jasota.
Bada dardararik jada
Maiatzetik hona hainbat lanuzte egin dituzte teknikariek Hegoaldean, eta bereziki nabarmena izan zen, preseski, mobilizazioek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako festetan izandako eragina. Ez da, ordea, aparteko pausorik eman hitzarmen bat sinatzeko bidean.
Nafarroan, urriaren 10ean egin zuten lanuztea teknikariek, eta, ordutik, patronalak ez du urrats formalik egin negoziatzeko. Orain arte. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, azaroaren hondarreko grebak erregistratu bezain laster heldu zitzaien patronalaren bilera eskaera bat, iragan ostiralean. Eta bihar bilduko dira.
Azaroaren 26ko eta 27ko grebek askotariko ekitaldiei eraginen diela aurreikusi dute sindikatuek: izan kongresu, izan kanpaina bukaerako ekitaldi, izan kontzertu. Mobilizazioei babesa ematera deitu dute jendea, eta herritarrei eskatu diete ez daitezela joan egun horietan antolatutako ekitaldietara. Antzera, kultur programatzaile, antzerki konpainia eta musika taldeei egunotarako emanaldiak bertan behera uzteko galdegin diete.