Ikuskizunetako teknikariek Hego Euskal Herri osoan utzi dute bertan behera greba deialdia

Azaroaren 26rako eta 27rako zuten aurreikusia greba, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren amaierarekin bat eginda. Greba bertan behera uztearen truke, patronalak zenbait konpromiso agindu dizkie teknikariei; tartean, egutegiak garaiz ematea.

Ikuskizunetako teknikarien mobilizazioa, maiatzean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ikuskizunetako teknikarien mobilizazioa, maiatzean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko azaroaren 20a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariak gaur bildu dira patronalarekin, eta, ados jarrita, bertan behera utzi dute hilaren 26an eta 27an egitekoak ziren greba. LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek deitu zuten lanuztera teknikariok, bat eginez Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainako azken bi egunekin. Ohar bidez adierazi dutenez, baina, «langileek egindako borrokari esker» lortu dituzte mahai gainean jarritako helburuak. Iazko apirilean sindikatuek negoziazioa utzi zutenetik, urte eta erdi baino gehiago behar izan dute patronalarekin berriro ere elkartzeko. Orduko hartan, lan baldintzak hobetzeko proposamen zehatzak eskatu zizkieten enpresariei; bada, Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa aurkeztu eta sei greba egunetara deitu ondoren lortu dituzte eskatutako proposamen horiek. 

Batetik, etorkizuneko hitzarmenean egutegiak aldez aurretik eta ziurtasunez emateko konpromisoa adierazi du patronalak. Hauexek dira adostutakoaren xehetasunak: lan eta atseden egunak sei aste lehenago jakinarazi beharko dizkiete beharginei; ordutegiak, bi aste lehenago; eta asteburu libreak, sei hilabete lehenago, sei hilean behin. Eta, bestalde, badituzte berehalako proposamenak ere; zehazki, urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko direnak. Hauexek: txandak eta ordutegiak gutxienez bost eguneko aurreabisuarekin jakinaraziko dizkiete, eta asteburuetako atseden egunak, hiru hilabete lehenago. 

Edonola ere, adierazi dute patronalak konpromisoak betetzen ez baditu edo «berriro» negoziazioa luzatzen badu edo adostutakoa ez betetzeko saiakera egiten badu, kalera irtengo direla: «Indar handiagoz eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin». Baina asmoen gaineko irmotasunaz gain, patronalarekin adostutakoa beteko delako esperantza ere badute: «Greba hauetara beste irtenbiderik ikusi ez genuelako deitu genuen; espero dugu berriro deitu behar ez izatea». 

Nafarroan ere, adostasuna

Asteartean bildu zen Nafarroako ikuskizunetako langileen hitzarmena negoziatzeko mahaia, eta bilkura horretan ere konpromiso batzuk hartu zituen patronalak: batetik, sindikatuek aurkeztutako azken proposamena aztertzekoa eta erantzuna albait agudoen ematekoa, eta, bestetik, konponbidea albait agudoen aurkitzekoa. Hori horrela, Nafarroan ere bertan behera utzi dituzte hilaren 26ko eta 27ko lanuzteak, baina sindikatuek adierazi dute hitzarmen bat lortu arte «borrokan» segituko dutela.

Eta asmo bera berretsi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako negoziazio mahaian parte hartu duten sindikatuek: «Ikuskizunen eta ekitaldien sektorean lan baldintza duinen alde borrokan jarraituko dugu, emanaldi bakoitzean langileak babestua egon daitezen eta oinarrizko lan eskubideak bermatuta eduki ditzaten». Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete greba deialdietara bertaratutakoei, eta barkamena eskatu sortutako eragozpenengatik. «Emaitza honek erakusten du langile klasearen batasuna eta indarra direla oinarrizko lan eskubideak lortzeko bide bakarra», adierazi dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA