Donostiako 74. Zinemaldia

Ira Sachs izango da Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiburua

Beste sei lagun izango ditu epaimahaikide; horien artean, Patricia Lopez Arnaiz aktorea. Eta Perlak saileko beste film bat iragarri dute: Abraham eta Szor zinemagile israeldarren 'Naza' dokumentala, zeinak Gazako sarraskiaren atzeko sistema ikertzen duen.

Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 4a
15:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ira Sachs zinemagile estatubatuarra izango du buru aurtengo Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra zeinek jasoko duen erabakiko duen epaimahaiak. Eta kide izango ditu Patricia Lopez Arnaiz euskal aktorea, Genky Kawamura zuzendari eta gidoigile japoniarra, Catherine Paille gidoigile frantsesa, Alice Braga aktore eta ekoizle brasildarra, Bill Skarsgard aktore suediarra eta Mike Goodridge ekoizle britainiarra. Gainera, Sail Ofizialeko epaimahaiburu izateaz gain, Sachsek Perlak sailean hartuko du parte, The Man I Love filmarekin, eta Zinemaldiaren antolatzaileek sail horri dagokion berri bat ere eman dute: Yuval Abraham eta Rachel Szor zuzendari israeldarren Naza filma gehitu dute parte hartzaileen zerrendara.

Zinemaldiak gaur egin du 74. aldiaren aurkezpen ofiziala, Tabakaleran. Jose Luis Rebordinosen azken prentsaurrekoa izan da, eta, hunkituta, atzera begira jarri da. Orain hamazazpi urte, jaialdiaren zuzendari gisa izan zuen administrazio kontseiluaren lehen bileran, gauza bakar bat eskatu omen zien bertako kideei: ez ziezaiotela inoiz Zinemaldiari erabilera alderdikoirik eman. Eta kontseilua «kolore politiko» guztiez osatua egon bada ere, Rebordinosen hitzetan alderdi guztiek ondo bete dute eskaturikoa. Ez, dena den, zer eztabaidatu egon ez delako. 2010ean hasi zenez geroztik, Rebordinosek ez du ibilbide arina izan: «Krisialdi bat, pandemia bat, inflazioa, Ukrainan Errusiak egindako okupazioa, Israel Gazan egiten ari den genozidioa...». Eta urteotako «koherentzia» hori mantendu nahian aurkeztu dute, hain zuzen, Perlak saila osatuko duen filma: Naza. Filmak Israel Gazan palestinarren aurka egiten ari den sarraskiaren atzean dagoen sistema ikertzea du helburu. 

«Beti izan dut argi zinema, entretenimendurako, komunikatzeko eta artea egiteko ez ezik, tresna perfektua dela pertsonen arteko debateak eta ezagumena sortzeko»

JOSE LUIS REBORDINOSZinemaldiko zuzendaria

«Beti izan dut argi zinema, entretenimendurako, komunikatzeko eta artea egiteko ez ezik, tresna perfektua dela pertsona ezberdinen arteko debateak eta ezagumena sortzeko. Horixe lortzen saiatu gara», kontatu du Rebordinosek. Eta Pier Paolo Passoliniren aipu bat ekarri du mahai gainera, intelektualak egunero kakaz eta odolez zikindu behar direla dioena: «Zikindu gara, bai. Horregatik izan ditugu horrenbeste debate». Eta ez da debateetatik salbuetsita egongo aurkeztu berri duten Naza filma. Veneziako zinema jaialdian mundu estreinaldia izan ondoren, Donostian ikusi ahal izango da bi zinemagile israeldarrek Gazako erasoei buruz eginiko dokumentala. Tel Aviveko teilatuetatik grabatu dute filma, eta «erailketa masiboen atzean dagoen egitura» ikertu nahi izan dutela azaldu dute egileek. Maialen Beloki Zinemaldiaren zuzendariordeak —Rebordinosen ondorengo izango denak— ohartarazpen bat egin du: «Oso gogorra da; ezin zen bestela izan». Eta, aldi berean, zuzendariordeak berretsi du «Netanyahuren gobernua egiten ari den giza eskubideen urraketa sistematikoaren eta programatuaren kontrako jarrera, bai eta genozidioaren» aurkakoa ere.

Zinema komunitatea sortzeko

«Badago Zinemalditik aldatu nahi ez genukeen zerbait, jaialdiari zentzua ematen diona: ospakizun komunitarioaren izaera», aipatu du Belokik. Hain zuzen, urtero-urtero 180.000 ikusle biltzen ditu Donostiako Zinemaldiak, baita, horien artean, ospe handiko nazioarteko zenbait ordezkari ere. Esaterako, hauexek izango dira hirian aurten: Orlando Bloom, Marion Cotillard, Penelope Cruz, Ricardo Darin, Virginie Efira, Lali Esposito, Eduard Fernandez, Dolores Fonzi, Jeremy Irons, Denis Lavant, Vincent Lindon, Rami Malek, Noemie Merlant, Mercedes Moran, Lena Olin, Nahuel Perez Biscayart, Brad Pitt, Tom Sturridge eta Marcelo Subiotto. Gainera, zehaztu dute zeinek banatuko dituen aurtengo bi Donostia sariak: Bloomek emango dio saria Werner Herzogi eta J.A. Bayonak Naomi Wattsi

«Badago Zinemalditik aldatu nahi ez genukeen zerbait, jaialdiari zentzua ematen diona: ospakizun komunitarioaren izaera»

MAIALEN BELOKIZinemaldiko zuzendariordea

Donostiara etorriko diren zuzendarien artean daude, halaber, Fatih Akin, Beth de Araujo, Lukas Dhont, Jesse Eisenberg, Nicole Garcia, Pablo Larrain, Diego Luna, Valentina Maurel, Martin McDonagh, Tsai Ming-Liang, Cristian Mungiu, Hans Peter Moland, Olivier Nakache eta Eric Toledano, Pawel Pawlikowski, Ira Sachs eta Andrey Zvyagintsev. Hain zuzen ere, gonbidatuen zerrenda oso luzea da, baina, ahal balitz, are luzeagoa egingo luke Belokik. Zinemara joateko aldarria lau haizeetara zabaldu du: «Indibidualismorantz goazen honetan, zinemara elkarrekin joateak inoiz baino beharrezkoagotzat dugun komunitate hori eratzen laguntzen digu. Hortaz, joan gaitezen zinemara». 

Kutxabank-Zuzendari Berriak saileko epaimahaiburua Juan Pablo Miller ekoizlea izango da, eta honako hauek izango ditu epaimahaikide: Marina Charriton gidoigile, zuzendari eta ekoizlea; Jonathan Romney kazetari eta zinema kritikaria; Dana Blankstein Cohen zinemagile, ekoizle eta exekutiboa; eta Tamar Novas aktorea. Zabaltegi-Tabakalera sariaren epaimahaiaren buru Mariette Rissenbeek ekoizlea izango da, eta berarekin egongo dira Ion de Sosa zuzendari, argazki zuzendari eta ekoizlea, eta Catarina Vasconcelos zuzendari eta gidoigilea. Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaiburua, berriz, Marta Etura aktorea izango da, eta kide izango ditu Simon Blondeau L'Atalante zinema aretoetako zuzendariordea, eta Maria Pilar Rodriguez ikertzaile eta irakaslea.

«Zinemaldia lantalde handi batek osatzen du, egin beharreko lana baino gehiago egiten duen lantalde oso profesional batek, gainera. Lantalde horren lanari esker iritsi naiz ni honaino; egin duten lan bikainagatik»

JOSE LUIS REBORDINOSZinemaldiko zuzendaria

Rebordinosek Zinemaldiaren antolakuntzaren atzean dauden kideei eskertu die harekin batera egindako ibilbidea: «Zinemaldia lantalde handi batek osatzen du, egin beharreko lana baino gehiago egiten duen lantalde oso profesional batek, gainera. Lantalde horren lanari esker iritsi naiz ni honaino; egin duten lan bikainagatik». Eta, noski, ezinbestekotzat jo du publikoa bera: «Zinemaldiak publikoari esker jarraitu du bizirik, eta publikoari esker du egun duen indarra». 

Astelehenean argitaratuko dute programazio osoa, eta asteazkenean, ostegunean eta ostiralean Filmez film gidaliburuak salduko dituzte Tabakalerako Zinemaldiko bulegoan, 2,50 euroren truke. Sarreren salmenta orokorra hilaren 13an izango da, 09:00etatik aurrera. Egun horretan Zinemaldiaren lehen hiru egunetako sarrerak ahalko dira erosi —irailak 18, 19 eta 20koak—; hilaren 14an hurrengo hiru egunetakoak —irailak 21, 22 eta 23koak— eta hilaren 15ean erosi ahal izango dira gainontzeko egunetarako sarrerak, baita aurreko egunetarakoak ere.

DONOSTIAKO ZINEMALDIA, FRANTZIAN

Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordeak Lumiere Summit izeneko zinemari buruzko topaketan hartuko du parte, Donostiako Zinemaldiaren izenean. Frantziako Saint-Paul de Vence herrian izango da, eta mundu osoko ikus-entzunezko sektoreko 150 kide bilduko ditu. Anfitrioi izango dira Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Lee Jae-myung Koreako Errepublikako presidentea. Zinemaren erronkez eta aukerez eztabaidatzea da asmoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA