Bertsolari Txapelketa Nagusia

Iruñeko lehena etxeratzea xede

Hainbat nobedade ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurtengo finalak: Iruñea kokaleku, hiru aurpegi berri eta hiru andre kantuan. Iñaki Muruak jarriko dio txapela irabazleari

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak. Atzo, Iruñeko Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroa Arenako harmailak hutsik dira oraindik. Berdin dago kantxa luze-zabala ere. Eta isilik. Eta hotz, nabarmen; baina ez luzerako. Lau egun baizik ez dira falta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako, eta oso bestelako giroa izanen da orduan pabiloian. 13.000 zale inguru bilduko dira, belarriak zorrotz, sailkatutako zortzi bertsolariak kantuan aditzeko: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Bada zer jokoan: Iruñean jokatuko den lehenbiziko finaleko txapela.


Garai «konplikatu» baten ondoko txapelketa izaten ari da aurtengoa, Bertsozale Elkarteko ordezkari Gontzal Agoteren iritziz. Azaldu duenez, ederki joan dira aurreko hamahiru saioak, eta susmo bera hartzen dio finalari ere: «Plazetan gertatzen ari diren gauza asko gertatu dira txapelketan, eta uste dugu badirela baldintzak horixe bera gertatzeko igandean ere. Ederra izango da».

Agotek xehe azaldu du zer diren «plazetan gertatzen ari direnak». Besteak beste, «aniztasuna» aipatu du, «bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berritzaileak urratzean ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian, norberaren begiradaren gaineko lanketan...». Dago horiek guztiak ere ikusiko direla Nafarroa Arenan.

Bertsozale Elkarteko ordezkari Oier Iurramendik aletu ditu saioari buruzko ohar nagusiak. 9:00etan irekiko dituzte pabiloiko ateak, eta 11:00etan hasiko da finala. Aurreikusi dute 14:30erako bukatuko dela finalaren lehenbiziko zatia, eta etenaldia eginen dute orduan, bazkaltzeko. 17:00etan hasiko da arratsaldeko bertsoaldia, eta, aurreikuspenen arabera, 20:30erako espero dute bukatzea. Ondotik, sari banaketa eginen da. Iragarria zenez, Iñaki Muruak jarriko dio hura irabazleari. Halaber, gainerako garaikurrak Irantzu Idoatek, Sagrario Alemanek, Edurne Azkaratek eta Paulu Zeddak emanen dituzte.

Esangura handiko finala

Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela azkenekoz. Sebastian Lizasok bururatu zion hura, 2017ko abenduaren 17an, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan. Orduko txapelduna izanik, hernaniarrak segurtatua izan du aurtengo finalean aritzea, eta orain arte ez du kantatu txapelketan. Iruñeko finala noiz iritsiko zain izan da hasiera-hasieratik, bertsokide nor izanen zuen ez zekiela. «Bertsolagunekiko enpatiaz, zorabio emozionalak jota eman dut aldi hau», esan du, alai. Izan ere, aitorpenaren atzean ez da penarik, onartu duenez: «Ez didate inbidia handirik eman udazken honetan». Argitu du «suertetzat» daukala zuzenean sailkatzea. Hori mesede edo traba den pentsatzeak ez dio burua nekatu.

Baikor mintzo da Lujanbio. Segurtatu du egun «ederra» izanen dela, «esangura politiko handikoa». Bi arrazoiri egotzi die hori: kokalekuari eta taldearen osaketari. «Finala Iruñean izatea oso planteamendu garrantzitsua da bertsogintzaren partetik, eta, oro har, euskalgintzari lotuta. Horrez gain, nik suerte bezala bizi dut talde honek parte hartzea. Batetik, gazte jendearen eta jende helduagoaren katearen irudikapena gertatzen delako, eta, bestetik, lehenbiziko aldiz, hiru emakume arituko garelako kantuan».

Orain arteko gozo-gaziak

Ez Lujanbiok adina denbora, baina finalean diren beste bertsolari batzuei ere egokitu zitzaien beren txanda noiz iritsiko zain izatea zenbait astez. Finalaurrekoetan hasi ziren kantuan Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Besteak beste, Mendiluzek garbi aitortu du tarte hori «luze» egin zitzaiola. Baina ailegatu zitzaion ahots kordak berotu eta bertsotan hasi beharra, eta «nahiko konforme» da egindakoarekin. Mendiluzek seigarren finala du aurtengoa, txapeldunorde izan zen 2017koan, eta argi du oraingoan zer nahi duen erdietsi: «Urte hauetan landutakoa islatzen saiatuko naiz. Uste dut lortu dudala egonarria eta nortasuna, eta erakutsi nahi ditut nire izaera, bertsokera, eta oholtzan eta taldean egoteko nire modua».

Amets Arzallusek azaldu du finalera arteko bidea nahi baino malkartsuagoa egin zaiola. «Mendikate bat zeharkatzea bezalakoa izan da. Mendikatean, orotariko paisaia ikusten baituzu. Nahiko kritikoa eta zorrotza naiz neure buruarekin, eta gozatu egin dut, baina sufritu ere bai; bietatik izan dut». Aurreko faseko azken saioan aritu zen kantuan Arzallus, Bilbo izan zuen azken mendi tontorra, eta, dioenez, «arnasaz» atera zen hortik. Igandeari begira, «bere ahotsa» abandonatu gabe nahi du aritu, «pentsamendu ahalik eta birziklatuenarekin». «Uste dut bakoitzak baduela bere haria eta ahotsa, eta nik ez nituzke horiek galdu nahi, baina bai, beharbada, korapilo berri batzuk bilatu». Bosgarren aldiz arituko da finalean, eta irabazi egin zuen 2013koa.

Beñat Gaztelumendi hirugarren aldiz arituko da finalean; zorioneko sentitzen da horregatik, eta, dioenez, egindakoak ikusita, pozik du barrena. «Egin nahi nukeen horretara hurbildu naiz ariketa dezentetan, eta, orain dela bost urteko txapelketarekin alderatuta, finalera beste gorputzaldi batekin iritsi naiz». Uste du azkenaldian eginiko lana dela horren erantzule nagusia, baina ez bakarra: «Aritu izan naiz neure burua mugatzen. Aurten, saiatu naiz muga horiek kentzen, eta ikusten noraino irits naitekeen».

Orain arteko saioetan hartutako «gozatua» aipatu du Alaia Martinek. Hirugarren txapelketa du hau, eta lehen finala. «Gauza asko esateko gogoa geratzen zait», ohartarazi du finalari so. «Astintzen nauten gaiei buruz kantatu nahi dut. Horiei ihes egin baino gehiago, horiei leku bat egin eta heldu». Halaber, azaldu du pertsonaiei «kolorea» ematen saiatu dela, eta saiatuko dela, «lehen puntutik azkenera arte». «Bukaerara iristeko bide bat baino gehiago, bertsoa izan dadila bere horretan bidaiatxo bat».

Belaunaldi berriak

Joanes Illarregik bere lehenbiziko txapelketa nagusian erdietsi du finalerako sailkatzea, eta nekez disimula dezake lortutakoak dakarkion poza. Orain, txapelketa «borobiltzea» baizik ez zaio falta. «Esperantzaz eta konfiantza osoz» dago. Dena dela, onartu du txapelketan guztia ez dela izan alegria: «Gozatzeko momentuak izan dira, baina baita izerdi tantak kopetatik botatzekoak ere». Bera da txapelketa Bertsozale Elkarteak antolatzen duenetik finalerako sailkaturiko lehenbiziko nafarra.

Nerea Ibarzabalek «arduraz eta kontzentraturik» kantatzea jarri dio baldintza bere buruari. Findua du hori erdiesteko teknika: «Saiatzen naiz egokitzen zaidan pertsonaiak izan dezan emozio gama bat nolabait hari konektatzeko aukera emango didana. Horrela, sentitzen dut hitzak errazago etortzen zaizkidala». Eta kantatuko dituen hitzak zer esateko nahi dituen, zer demostratzeko desio lituzkeen ere aski garbi du bizkaitarrak. Kideei begiratu die azalpena emateko, eta ausardiari loturiko asmoa esplikatu du ondotik: «Pila bat ikasi dut zuei entzunez, baina ausardia sentitu nahi dut beste belaunaldi batzuen lekutik kantatzeko, beste proposamen batzuk aurkezteko. Txapelketan eta hortik kanpo. Ez izateko imitazio soila».

Ez baita guztizko hausturarik 2017ko eta aurtengo finalaren artean, baina bai bistako itxuraldaketarik. Hausnarketa hori ere plazaratu du Sustrai Colinak. «Argazki hau ez da orain dela bost urtekoa». Aurpegiera eta bertsokera diferenteak, beste sabai baten pean gainera. Eta zentzumenak astintzeko moduko saioa espero du Colinak. «Ez daukat dudarik nire kideek eztanda artistiko batera eramango dutela plaza hau, eta, pertsonalki, nik ere izan nahi izan eztanda horiei jarri dakizkiokeen adjektibo guztien parte, eta neurea jarri».

Colina seitan ailegatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera, eta inoiz baino «libreago eta ausartago» sentitzen du bere burua orain. Halaber, esan du lehia «norbere buruarekin» izanen dutela bertsolariek, «besteekin bainoago». Baina txapel bakarra da Iruñean ematekoa.

Bertsolariei ariketetarako gaiak emateko zereginean, lau gai jartzaile ariko dira igandean: Alaitz Rekondo, Aritz Bidegain, Idoia Anzorandia eta Ion Zaldua. Berriz, bederatzi epaile arituko dira puntuak banatzeko: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Eneko Bidegain, Eneritz Azkue, Joseba Beltza, Joseba Santxo, Miriam Juaristi eta Nerea Bruño.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.