Beldurra zabalduko da Bilboko zinema areto nagusietan datozen egunetan, eta etengabeko tentsioa pizten duten filmak maite dituztenek izango dute zer ikusi. Bihar hasiko da Fant Bilboko Fantasiazko Zinema Jaialdia, 32. aldia izango du aurtengoa, eta maiatzaren 16ra arte iraungo du programazioak. Guztira, hemeretzi film luze eta 29 film labur lehiatuko dira sail ofizialetan. Laburren artean, Euskal Herrian sortutako hamar lan daude, eta nazioarteko bederatzi. Ikuspegi Fantastikoa sailean, berriz, zortzi film luze eta hamar labur emango dituzte. Ohi bezala, Azkuna zentroa eta Golem aretoa izango dira agertoki nagusiak.
Jaialdia ofizialki hasi aurretik ere hainbat proiekzio eta erakusketa antolatu dituzte hirian, eta lehiaz kanpo aurkeztuko duten film batekin hasiko da programa ofiziala, bihar. Luis Calderon zuzendariaren La casa en el árbol filma izango da proiektatuko duten lehen lana, Campos Eliseos antzokian. Besteak beste, Sandra Escacena, Claudio Portalo, Kandido Uranga eta Mala Rodriguez dira protagonistak. Zuhaitz bateko txabola batean gertatzen da dena. Aleren mutil laguna, Jesus, etxolatik erori eta hil egin da. Alek ez daki nola eta zergatik gertatu den; beraz, urtebete igaro ostean, etxe horretara itzuliko da, erantzun bila. Ziur dago Jesusen heriotza ez dela kasualitate hutsa izan, ezta istripu bat ere: oraingoan, hiltzailea harrapatzera doa.
Jaialdiko sarrerak salgai daude jada, 5 euroan. Golemeko bigarren aretora sartzeko sarrera, berriz, doakoa izango da, leku guztiak bete arte.
Sail Ofiziala eta beste
Hemeretzi film luzek parte hartuko dute jaialdiko lehian, eta guztiak emango dituzte Azkuna zentroko entzungelan eta Golem zinemako lehen aretoan. Besteak beste, Kenichiro Akimoto zuzendariaren All You Need Is Kill, Paco L. Campanoren Cuántica Rave, Chuanlin Suneren Duan Quiang, eta Avalon Fasten Camp lanak proiektatuko dituzte. Horiek guztiak hautagai izango dira film luzerik onenaren sariak eskuratzeko bai epaimahaiaren atalean eta bai publikoarenean, baita gidoi onenaren eta zuzendaritza berritzaileenaren saria irabazteko ere.
Lan laburretan, berriz, 29 lehiatuko dira festibaleko atal ofizialetan, eta horietatik hamar Euskal Herrian sortuak dira. Tartean daude Oihan Gastesiren eta Ander Arrietaren Arditurri, Danel Garairen eta Laura Barquinen Azpian, Igor Garcia Piñasen Zezena eta umea eta Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan. Alor horretako sail ofizialeko sariak jasotzeko aukera izango dute, eta, horrez gainera, Europako fantasiazko film laburrik onenaren Zilarrezko Melies saria jasotzeko hautagai ere izango dira jaialdiko laburrak.
Alondegiko Golem zinemako bigarren aretoa izango da jaialdiko beste agertoki bat. Ikuspegi Fantastikoa saileko filmak emango dituzte han: guztira hamar luze eta zortzi labur. Hauek izango dira tartean: Adorable Humans, Anders Jon, Kasper Juhul, Michale Kunov eta Michael Pandurok zuzendua; Coracao dos trevas, Rogerio Nunesena; Yago Casariegok zuzendutako Ghosting; eta Lorenzo Quagliozziren Arca. Eta, atal horretan ere, film laburrik onenaren saria emango du epaimahaiak.
Sail ofizialeko sariez gainera, badira bestelako sari batzuk ere. Euskarazko proiektuak bultzatzen dituen Fant-EITB saria da horren adibide. Epaimahai propio bat izango du atal horrek, eta jaialdiak iraun bitartean zinemagileek euren asmoak aurkeztuko dizkiote. Hautatzen duten lanak 5.000 euro jasoko ditu, film laburra egiteko bidea «errazteko», antolatzaileen esanetan. Horrez gainera, emakumezko egileek sortutako generoko gidoiak bultzatzeko lehiaketa bat ere antolatuko dute.
Ohorezko sariak
Hiru ohorezko saritu izango ditu jaialdiaren aurtengo aldiak ere: Aranzazu Calleja konpositorea, Eugenio Mirari zuzendaria eta Bruno Martin zuzendari, gidoigile, editore eta aktorea. Callejak biharko inaugurazio galan jasoko du Ohorezko Fant saria, eta Mirarik ere bertan jasoko du Fantastikoaren Izarra saria. Martini amaiera ekitaldian emango diote Fantrobia saria. Generoko zinemaren barruan «goraldian» diren profesionalen lana nabarmentzeko asmoa du aipamen horrek.
IKUSI GEHIAGO
Filmak soilik ez
Jaialdia ofizialki bihar hasiko den arren, Planotik Kanpo sailak aurrea hartu du nolabait. Zinemaren industriarekin lotutako ekitaldiak biltzen ditu atal horrek, eta estreinakoz egingo dute aurten. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean bi erakusketa: batetik, Nerea Torrijos moda diseinatzailearen Zinemako jantziak maiatzaren 29ra arte egongo da ikusgai Bilboko Abando auzoko udaltegian; bestetik, Batman, gaueko zaindaria lana ostiraletik maiatzaren 28ra ikusi ahal izango da Begoñako Udaltegian.
Literaturak ere izango du lekua Fant jaialdian: gaur, etzi eta igandean hainbat liburu aurkeztuko dituzte. Besteak beste, Jaime Novoren Rowan March: El Consenso. Haurrek ere izango dute tartea jaialdian: Fanteskola zikloa egingo dute, eta Maya, emadazu titulu bat, Oink Oink eta Kaixo Frida filmak emango dituzte. BBK aretoan izango dira proiekzio horiek, maiatzaren 11tik 14ra, 11:00etan.
Eta, azkenik, areto berean proiektatuko dute jaialdiko azken filma: Reflection in a Dead Diamond. Helene Cattetek eta Bruno Forzanik zuzendutakoa da, eta maiatzaren 16an emango dute, amaiera ekitaldian.