'Parranda'

Heriotzarantz alderrai

2016ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Egilea: Eduardo Blanco-Amor. Itzultzailea: Ramon Etxezarreta. Argitaletxea: Igela.

Aesmorga, Eduardo Blanco-Amor idazleak berak gaztelaniara itzulia eta erbestean zela argitaratua (Buenos Aires, 1959), literatura galegoaren XX. mendeko narratiba lanik nabarmenenetako bat da. Orain, Igela argitaletxearen eskutik eta Ramon Etxezarretaren itzulpenari esker, badugu azkenik eleberri labur hori euskaraz irakurtzeko aukera.

Gertaerak autorearen jaioterriaren, hots, Ourenseren antz handiegia omen duen Auria izeneko fikziozko hiri batean kokatuta daude. Bertan, narrazioak hiru gizon protagonisten ibilera baldarrei jarraitzen die. Cibran edo Castizo izengoitiz ezaguna denak hartzen du narratzailearen zeregina, Ahohandi eta Milagizon bikote parrandazaleari batu zeneko zorigaiztoko eguna gogoan. Horrela, hiru pertsonaien pauso alderraiak eta hogeita lau orduko ibilbide suntsitzailea kontatzen ditu, ezinbestean heriotzara bultzatuko dituena. Hitz gutxitan adierazteko, descensus ad inferos peto-petoa.

Istorioak odolak, euriak eta alkoholak bustitako garai hartako Galizia barnealdeko gizarte-giro marjinala errealismo osoz islatzen du. Taberna, putetxe edo kaleetako dekadentzia eta aldarte beroko eta bizimodu gaiztoko jendilajea fideltasun handiz irudikatuak dira. Testuak sen primarioenak eta bortizkeriak agintzen duten azpimundu bat deskubritzen du.

Egileak argumentua testuinguru jakin batean txertatzeari uko egiten dio, Cibran gizajoa atxilotua izan ondoko galdeketa ondorioztatzen den horretan protagonistak ahoskatutako hitzetara igaroz zuzenean. Gizona, azaltzen ari den gertakariak lehen pertsonan bizi arren, haiekiko distantzia emozionala hartuta, kontalari lekukoaren roletik hurbilago antzematen da. Baliabide horrek narrazioari ikuspegi berezi bezain erakargarria eransten dio, epaileak eskatuta egun madarikatu hartan jazotakoa berreraikitzeko ahaleginean, bere diskurtsoa objektibotasun faltsu batez janzten saiatzen bada ere, bizitakoa xehe-xehe, detaile handiz eta hizkera ezin aberatsago batean deskribatzen baitu. Horixe da Parranda: epailearen galderak eta komentarioak isilduta, soilik protagonista narratzaileari dagokion elkarrizketaren zatia.

Hurrenkera kronologikoari jarraituz, intentsitate handiko eta esaldi luzez osatutako estilo eraginkorra darabil Blanco-Amorrek. Are gehiago, bat-bateko edo egonarri gutxikotzat jo daitekeen moldea erakusten du, kontatzen diren gertaera dramatikoekin guztiz bat datorrena, zalantzarik gabe. Ez da harritzekoa, autoreak berak hilabete bateko epean ekinaldi bakarrean idatzi izana aitortu baitzuen.

Liburuak berritasuna ekarri zion narratiba galegoari, hura modernismoari begira jarriz. Bertako literaturan lehendabiziko aldiz giza miseria, guardia zibilaren abusuak, buru-gaitza, moral zalantzazkoa eta emakumeekiko tratu txarrak bezalako gaiei leku eginez, testu ausart, apurtzaile eta heterodoxoa sortu zuen. Tabu horiek guztiak gainditurik, kanonetik urruntzea erabaki zuen, periferian bete-betean murgiltzeko. Emaitza tragedia kutsuko eleberri pikaresko asaldatzaile bat da: Parranda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.