Berriak sortzen, eta lehendik zirenak, berpizten. Makina bat musika talde daude Euskal Herrian; izan talde edo bakarlari, rock, soul, rap edo heavy metal doinuak uztartzen dituztenak, ezin esan eszena bizirik ez dagoenik. Taldeak askotarikoak izanda, askotarikoak dira egiten dituzten kontzertuak ere; areto handi, txiki, baita estadioetan ere. BERRIAko musika kritikariek 2025aren balantzea egin nahi izan dute; eszenaren oparotasunaz, sorkuntzen aniztasunaz, eta taldeek dituzten plazez eta aukerez mintzatu dira Urko Ansa, Andoni Tolosa eta Julen Azpitarte.
Ansak musikarien hobekuntza teknikoei egin nahi izan die erreferentzia. Haren ustetan, programazioa eta efektu digitalak euskal eszenan txertatuta daude jada. Hala ere, badago arriskurik ere: «Talde edo bakarlari batzuk efektu horiek erabiltzeko edo gehiegi erabiltzeko tentazioan erori litezke». Baina badira kontrako norabidean ibiltzen direnak ere, eta euren lanak analogikoan grabatu edota biniloan soilik editatzen dituztenak. Bi norabide kontrajarri direla uste duen arren, joan den urtean gehiengoak soinua moderazioz landu duela adierazi du.
Bestalde, lau kategoria identifikatu ditu gaur egungo euskal artisten artean: areto txikietan jotzen duten talde berriak; erdi klasekoak —«Kafe Antzokiaren tamainako aretoak betetzeko gaitasuna» dutenak—; goi mailako ospeak dutenak; eta pabiloiak, areto erraldoiak eta futbol zelaiak betetzeko gaitasuna dutenak. Azken urteotan areagotu den makrokontzertuen joerari erreparatuz gehitu du Ansak azken kategoria hori.
«Ikuskizunaren kulturan sartuta gaude. Hor egongo ez naizen beldur, ordaindu behar dena ordainduko dut»
JULEN AZPITARTE Musika kritikaria
Azpitarte kritikoa da kategoria horrekin: «Ez dakit zer diren gehiago, musika emanaldiak edo ikuskizunak». Jendeak «nahitaez» bertan egon behar duela sentitzen duela ere gehitu du, zerbait galduko duenaren beldurrez-edo: «Ikuskizunaren kulturan sartuta gaude. Hor egongo ez naizen beldur, ordaindu behar dena ordainduko dut». Halako makrokontzertuek musikaren kalitateari kalte egiten diotela iritzi dio, ez baitzaio hainbeste erreparatzen musikari berari.Â
Nostalgiari tiraka
Euren ibilbideari agur esateko kontzertuak eman zituzten iaz hainbat taldek. Horietako batzuk dira, esaterako, Delirium Tremens, Gatibu eta Esne Beltza. «Agur infinituen liga» gisa izendatu ditu Azpitartek gisa horretako saioak: «Nostalgiaren kultura sustatzen dute, zentzu txarrean diot. Zerbaiten nostalgia izateko, lehenengo desagertu egin behar du».Â
Kontzertu erraldoien aroan, areto txikien alde egin beharreko apustua azpimarratu du Ansak: «Areto txikien eta gaztetxeen zirkuituen garrantzia aipatu behar da, beharrezkoa baita ekosistemak arnasa hartu dezan». Areto txikiak edo barruti handiak. Hori da gaur egun identifikatu duen dinamika; hala ere, ez dago haren kontra —«emanaldi denak zaindu behar dira»—. Bi formatuak iruditzen zaizkio zilegi, baina talde guztientzako aukerak izanda: «Areto eta artista ez-masiboei aukerak emango dizkien azpiegitura bat behar dugu. Azpiegitura hori egon badagoen arren, esparru horretan lan asko dago egiteko».
«Areto eta artista ez-masiboei aukerak emango dizkien azpiegitura bat behar dugu. Azpiegitura hori egon badagoen arren, esparru horretan lan asko dago egiteko»
URKO ANSAÂ Musika kritikaria
Areto txikiei ez ezik, talde txikiagoei ere babesa eman behar zaiela ere kontatu du Azpitartek. Ezezez eta Silitia jarri ditu adibideen artean. «Ez dituzte kontzertu handietako jendetzak erakartzen, baina, nolabait, arriskuaren alde daude, eta ikertzearen alde». Azpitartek dioenez, horietako askok euskararen alde egiten dute, eta ez dute inongo beldurrik euskaraz ohikoak ez diren soinu eta estiloak jorratzeko. Halako taldeak indarra hartzen ari direla ikusi du 2025ean, eta hori eszenarentzat oso aberasgarria dela adierazi du. Era berean, proposamen horietan askotariko pertsona, soinu, aldarrikapen, kezka eta errealitate ikusarazten direla ere uste du.

Kantagintzaren gorakada
Kantagintza bolada onean dela iruditzen zaio Tolosari: «2025ak agerian utzi du hori, askotarikoak izan baitira kantagintzaren aterkipean kaleratutako lanak, baita pabiloien aro betean egonda ere». Hori dela eta, Xak taldeak kaleratutako Xak lana azpimarratu nahi izan du. Tolosaren esanetan, taldearen ibilbideko ezaugarri nagusiak jaso dituzte diskoan. Paxkal Irigoienek, Allande Etxeberrik eta Julen Etxeberrik osatzen dute hirukoa. Xak-eko kantuek —sei guztira— «bihurgune asko» dituzte, kritikariaren ustez, baina «xehetasunez beteta» daude.
«Kantagintza bolada onean dago. 2025ak agerian utzi du hori, askotarikoak izan baitira kantagintzaren aterkipean kaleratutako lanak, baita pabiloien aro betean egonda ere»
ANDONI TOLOSAÂ Musika kritikaria
Tolosak izendatu duen beste artistetako bat Txuma Murugarren izan da. Hemen beharko luke diskoa kaleratu du 2025ean. Kritikariak azaldu duenez, Murugarrenek beti izan du alde lotsagabe bat, eta lan berrian ere ez da kikildu; «autotunea ere erabiltzen du, hortik atera kontuak». «Nortasun handiko artista da, eta ibilbide aparta egiten ari da arrakastaren fokuetatik apur bat urrun». Maite Larbururi dagokionez, heldutasunerako urratsa egin duela nabaritu du Tolosak. Maizter lana arnas luzeagokoa iruditu zaio: «Kantuak oinarrizko elementuetara ekarri ditu, biluztu egin ditu: ahotsa, gitarra eta lelo ederrez betetako melodia dotoreak dira nagusi».
Azpitartek, bestalde, Lide Hernandok sortutako Bele proiektuari egin dio aipamena; Muturrez zerura diskoa kaleratu zuen duela hilabete gutxi. Disko «freskoa eta ausarta» iruditu zaio kritikariari: «Gaur egun AEBetan garaikide diren eta boladan dauden estiloak jorratu ditu euskaraz. Gaur egun Euskal Herrian dugun eszenan nahiko berritzailea da». Ansa ere iritzi berekoa da, eta soulak eta funkak euskaraz duten osasun ona ere nabarmendu du. Arima Soul eta Sara Azurza jarri ditu adibideen artean. 2025ean heavy metala ikusi du ahulen Ansak. Hala ere, Latzen taldearen itzulera nabarmendu nahi izan du, bai eta Lotura eta NaizPresidente taldeen ekarpena ere.Â

2025eko diskorik nabarmenak
Urko Ansa
- Ezezez. Kabakriba (Egilea editore).
- NaizPresidente. NaizPresidente (Egilea editore).
- Rodeo. X (Bonberenea Ekintzak).
- Nazioartekoa: Marilyn Manson. One assasination under God-Chapter 1.
Andoni Tolosa
- Xak. Xak (Egilea editore).
- Txuma Murugarren. Hemen beharko luke (Gaztelupeko Hotsak).
- Maite Larburu. Maizter (Zart).
- Nazioartekoa: Seu Jorge. Baile Ă¡ la bahiana.
Julen Azpitarte
Â
- Bele. Muturrez zerura (Autoekoizpena).
- AT. AT (Humo Internacional).
- Sal del Coche. Ciudad de polvo (Humo Internacional).
- Nazioartekoa: Blood Orange. Essex Honey.