Izen ezaguna da Markos Zapiainena saiakeragintzan. 2003an eman zuen argitara bere lehen lana, Txalaparta argitaletxearekin —Zenbait terrorista—, eta beste zazpi saiakera kaleratu ditu geroztik. Esate baterako, Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi-ren pentsamendua oinarri hartuta idatzi zuen 2007an Txillardegi eta ziminoa lana (Susa), eta, berriz ere, Txillardegi oinarri duen beste liburu batengatik jaso du orain euskarazko saiakerako Euskadi saria: Txillardegi hizkuntzalari lanagatik (Elkar), hain zuzen ere. Gaur eman dute erabakiaren berri, Gasteizen, eta, Zapiainen lana ez ezik, Koldo Biguri itzultzailearena ere saritu dute, itzulpengintzaren alorrean.
Epaimahaiak zehaztu duenez, Txillardegiren pentsamenduaren oinarriak azaltzen ditu Zapiainen lanak, eta, ondorioz, pentsalariaren lanean murgiltzeko «gida aproposa» eskaini diezaioke irakurleari. «Saiakeragileak jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, Txillardegiren ideia eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakera aberasten du, eta liburu osoan barrena doan eta hura josten duen hari eroaleari begia jartzen dio».
Apal jaso du saria Zapiainek: «Txillardegik nik baino meritu handiagoa dauka». Gaur egun «puri-purian» dauden gai asko Txillardegik duela 50 urte jorratu zituela gogoratu du idazleak, eta haren lorratza gaur egungo gizartean sumatzen dela: «Politikaz, hizkuntzaren filosofiaz, etorkinen auziaz edota metaforaz idatzita utzi zuenak gaurkotasun osoa du».
Ikusi gehiago
Elsa Morante italiarraren Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak liburua euskaratu du Koldo Bigurik. Ariketa hori saritu du Euskadi sariak banatzen dituen epaimahaiak, eta hari eman dio aurtengo euskarazko literatura itzulpenaren Euskadi saria. «Oreka» nabarmendu dio epaimahaiak Biguriren lanari. Alde batetik, jatorrizko lanari zor zaion fideltasuna zaindu duelako, eta, era berean, irakurgarritasuna ere kontuan izan duelako, bestetik. «Azpimarratzekoak dira erabili duen euskararen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu dizkion ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketa gozagarri egiten duen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta elkarrizketetan lortu duen erritmo bizia».
Itzultzaileak ohoretzat jo du aitortza, duela 30 urte itzulpengintzan hasi zenean baino «lehia» handiagoa dagoelako egun lanbidean, eta horrek erakusten duelako zein «nekeza» den Euskadi saria irabaztea. Biziki pozik agertu da, gainera, lehen aldia delako Moranteren lan bat euskarara ekartzen delako.
Ikusi gehiago
Garazi Albizuak, euskaraz ez ezik, gazteleraz ere idazten du, eta Galaxia Gutenberg argitaletxearekin kaleratutako Termita lana saritu dio epaimahaiak oraingoan. Haren ahots «berri, lotsagabe eta deserosoa» nabarmendu du epaimahaiak: «Bere prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta zaintzaren betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik». Haren «metafora gogorrek» leialtasunari, adiskidetasunari eta bizirik irauteari buruzko pertzepzio finak gorpuzteagatik saritu dute lana. Albizuak «pribilegio» gisa hartu du saria, baina idazle gehienak «prekario» daudela ohartarazteko ere baliatu du hitza.
Itxaso del Castillo idazlearen ikerlana ere saritu dute: Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror (EHU). Azken horrengatik eman diote gaztelaniazko saiakeraren Euskadi saria. Ikerlanaren gaiaren originaltasuna nabarmendu du epaimahaiak saria ematean: lan «ausart eta erakargarria» ondu duela dio, zinema estudioetako espezialistei ez ezik, gizarte errealitate berriak eta eguneroko bizipenak irudikatzeko modu berriak ulertzeko interesa duen publiko bati ere zuzenduta dagoelako. Azterlanean «idazkera atsegin, arin eta zehatza» uztartzea nabarmendu dio epaimahaiak Del Castillori. Hark azpimarratu du emakumezkoei ahotsa eman nahi izan diela: «Emakumeen inguruan erakutsi den biktima irudia hausten saiatu naiz».
Zazpi sarituak
18.000 euro jasoko dituzte lau egileek, eta, jatorrizko lanei dagokienez, beste 4.000 euro ere jasoko dituzte saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratuz gero.
Joan den astean eman zuten lehen hiru sarituen berri. Unai Elorriagak jaso zuen euskarazko literaturaren Euskadi saria, Francesco Pasqualeren bosgarren arima nobela hibridoagatik. Aitona Floren lana saritu zioten Karmele Mitxelenari, haur eta gazte literaturaren esparruan, eta Traba albuma Maite Rosenderi, literatur lenen ilustrazioaren alorrean.
Azaroaren 26an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.