Erein argitaletxeko Inazio Mujikak zurian beltz egin du analogia: minbizi baten diagnostikoak etxe batean eragin dezakeen dardara aise konpara liteke, nabarmendu duenez, bonba baten triskantzarekin. «Imajinatu familia arrunt bat, beren eguneroko bizitza, beren lan, beren barre, beren negar. Eta imajinatu bat-batean bonba bat erortzen dela familiaren erdian. Bonba hori izan daiteke diagnostiko bat: minbiziarena». Azalpen hori ahoskatu ahala, gertakari hori bera familia askotan eta askotarikoetan gertatu izan dela ere iradoki du, emeki, Mujikak, baina, nolanahi dela, fikzioak eman dio gaiaz gogoetatzeko aitzakia orain. Nobela batek. Titikornio eleberria eman du Irati Garmendiak, eta, preseski, minbiziak kolpez eragiten dituen sakoneko arrakaletan jarri du arreta idazleak, besteak beste. Hark, bonba batekin ez ezik, «itsaso zakar batekin» ere konparatu du gaitzak dakarren izu erauntsia.Â
Eleberrian, Juneri diagnostikatu diote minbizia. Besapean koskor bat sumatu du lehenbizi, eta, ondotik, azterketa medikoen emaitzek ekarri dute baieztapena: bularreko minbizia da. Kolpe gogorra hartu du Junek orduan, eta berehalakoan hasi zaizkio buruan bueltaka aurrerantzean akaso egin beharko dituen guztiak: kimioa, erradioterapia, ebakuntza. Eta buruan ditu, baita ere, eta batez ere, beldurra eta kezka.Â
Minbiziak ez du soil-soilik June zauritu, ordea. Ama ere bada June: bi seme-alaba ditu, Markel eta Kattalin, eta ondoan du Mikel bikotekidea ere. Hori hala, protagonistarengan ez ezik, hark inguruan dituen horiengan guztiengan ere jarri du arreta Garmendiak nobelan, bai eta Juneren ama Kontxirengan ere, besteak beste.
«Idazten ari nintzela, ohartu nintzen pertsonaia bakoitzak bere ikuspuntua zuela gaixotasunari begira»
IRATI GARMENDIAÂ Idazlea
Banan-banan, haietako bakoitzari minbiziak zer eragin dion kontatu du, hirugarren pertsonan mintzo den narratzaile baten bitartez beti, baina pertsonaia bakoitzari propio eskainitako kapituluak osatu eta haiek elkarren artean tartekatuta, txirikorda moduko batean. «Idazten ari nintzela, ohartu nintzen pertsonaia bakoitzak bere ikuspuntua zuela gaixotasunari begira, eta horregatik du lanak egitura hau», azaldu du Garmendiak.Â
Gaitzaren ispilu guztiak
Nobelan aurrera egin ahala, irakurleak jakinen du Juneren kezka nagusietako bat gaixotasuna gaindituko ote duen dela, edo, orobat, baita gaitza gaindituta ere itzultzen ahalko den lehen zeukan bizitzara. Mikelek ere badu beldur hori bera, baina hari hau ere gehitzen zaio: duda du bikotekideari zer esan, nola lagundu. Amaren gaixotasuna zehazki zer den ulertu nahian ari da Kattalin, alaba txikia. «Esan baitiote amak xomorro bat duela, baina, noski, Kattalinek xomorrorik ez du ikusten inon», esan du Garmendiak pista modura.Â
Bestalde, Kontxi pertsonaiaren gainekoek ere badute pisua kontakizunean. Garmendia: «Zaintzaile ari baita Kontxi, hark eusten dio familiari, eta hor beste galdera bat ere bota genezake: ea nork zaintzen duen zaintzailea». Eta bereziki inportantea da Juneren seme Markelen ikuspegia ere. Markel nerabea da, eta, Garmendiaren esanetan, hark bizi dituenak kontatzea biziki baliagarria izan zaio gaitz baten aurreko erreakzioan nola eboluzionatu daitekeen bistaratzeko.Â
Garmendiak badaki zertaz ari den: bere larruan ere bizi izan du familiako kide batek minbizia izatea.
2017an, minbizia diagnostikatu zioten haren amari. «Eta itsaso zakar batean sartu ginen hor», deskribatu du orduan bizitako prozesua. Eta, dioenez, handik denbora batera, «urak baretuz joan zirenean», barrenean zeuzkan korapiloak askatzeko asmoz idazteari ekin zion —horri tiraka deus argitaratzeko pretentsiorik gabe, halere—, eta hara non, beste kolpe bat heldu zen orduan. «Beste olatu bat: amaren amari diagnostikatu zioten minbizia orduan; amorratu egin nintzen». Minez oroitzen du hori, baina aitortu du, hain justu ere, une harexetan erabaki zuela idazketari serio heltzea eta dagoeneko zirriborratuak zituenei forma ematea.
Hain zuzen, Xomorro lapurra (Erein, 2021) album ilustratua izan zen emaitza. Iruñeko Udalak eta Galtzagorri elkarteak antolatutako Biko-Teka bekari esker ondu zuen, Ane Arzelus ilustratzailearekin batera, eta, preseski, Kattalin izeneko haur bat du protagonista ipuin horrek, eta haren amaren minbizian oinarritzen da istorioa.
Ikusi gehiago
Garmendiaren esanetan, aurrez Xomorro lapurra idatzi ezean nekez idatzi izanen zuen Titikornio. Lehenbizikoa behin argitaratuta, Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinek xaxatu baitzuen estreinako aldiz helduentzako zerbait egitera anima zedin.
Titiak eta inurriak
Eleberriaren izenburuak atzean zer istorio daukan pozik kontatu du idazleak. Honako hau ez du berak azaldu, baina, izenburuari begira, aise ondoriozta daiteke, batetik, gaztelaniazko unicornio hitzarekin duela ikustekoa —adarbakar esan nahi du—, eta, titi hitzarekin lotuta, zuzenean egiten dio erreferentzia titi bakarreko gorputz bati. «Baina ez dut nik asmatu; opari bat izan da», ohartarazi du Garmendiak, irribarrea ahoan. Martina Liria Mercaderren burutazioa izan zen, zehazki, hark izen hura asmatu baitzuen minbiziak jota gaixorik zeukan amari titia kendu ondokoa deskribatzeko. Orain, liburuari umore zipriztin bat emateko baliatu du hura Garmendiak.Â
Eta hau ere ez da detaile hutsala izan: Izan Inurri elkartearen kamiseta bat jantzita izan da liburuaren aurkezpenean Garmendia. Minbiziaren akonpainamenduan, formakuntzan eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzailea garatzen duen elkarte bat da hori, eta, hain justu ere, hari eskerrak emanez itxi du aurkezpena idazleak, Donostian. «Haiek ekoitzitako podcastak aditu eta aditu izan naiz, luze, testigantzak entzuten, eta apunte mordoa hartu dut. Haiek erakutsi didate, adibidez, pertsona adina minbizi daudela, eta ez horregatik bakarrik, baina horregatik ere eman nahi dizkiet eskerrak».Â