Donostiatik Bilbora egin du salto Must+Pro egitasmoak. Musika Bulegoak iragan urteko irailean antolatu zuen lehendabiziko topagunea, eta Bizkaiko hiriburuko aretoak beteko ditu orain. Maiatzaren 13an eta 14an egingo dituzte saioak. Egitasmoak Euskal Herrian musikaren arloan aritzen diren profesionalei «ikasteko eta indarra metatzeko» gune bat eskaintzea du xede, Iñaki Egitegi Musika Bulegoko proiektuaren arduradunaren arabera. Programazioak bi ardatz nagusi izango ditu: batetik, musikaren munduko profesionalentzako trebakuntza saioak antolatu dituzte; eta, bestetik, kontzertuak eta podcasten zuzeneko saioak ere egingo dituzte publiko orokorrarentzat. Bilboko Bizkaia Aretoan izango dira profesionalentzako jarduera guztiak; kontzertuak, berriz, Bilborock aretoan egingo dituzte, eta BBK aretoak bilduko ditu gainerako emanaldiak. BERRIA da babesleetako bat.
Ikusi gehiago
Musika sektoreak gaur egun dituen erronkei «erantzuna emateko lekua» da topagunea, Egitegiren esanetan. Horregatik antolatu dituzte formakuntza saioak eta mahai inguruak. Europako funtsak eta politika publikoak landuko dituzte, esate baterako, eta baita adimen artifizialak musikaren sorkuntzan duen eragina, osasun mentala eta legedi berriak ere. Saioak Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariek gidatuko dituzte.
Gaztelaniaz izango dira saio gehienak —hemezortzi dira guztira—; lau ele bitan egingo dituzte, eta hiru izango dira euskaraz. Iban Machin zuzendari artistiko eta musika editoreak maiatzaren 13an emango duen hitzaldia izango da euskaraz izango diren hiru saioetatik lehena. Musikaren industriaren inguruan mintzatuko da, eta sortzaileei aholku praktikoak emango dizkie hizketaldian. Egun berean, Marina Landak, Jagoba Astiazaranek, Alex Lopezek eta Amaia Izpizuak Euskal Herriko musika sektorearen egoera eta erronkak izango dituzte hizketagai mahai inguruan. Bigarren egunean izango da euskaraz egingo den azken saioa, maiatzaren 14an: Iraia Cambrak, Gotzon Barandiaranek, Ibon Fernandezek eta Afrika Bibangek hartuko dute parte. Elkarrizketaren xedea euskal musika eszenaren osasuna aztertzea izango da.
Euskal Herrian musikaren arloan aritzen diren langileei «profesionalizatzeko aukerak eskaintzea» da proiektuaren beste helburuetako bat. Hala nabarmendu du Egitegik. Haren esanetan, hori da aurtengo topaguneak izango duen «berrikuntza nagusia», hain zuzen ere. Nazioarteko programatzaileak eta musikaren industriako hainbat eragile gonbidatu dituzte horretarako; hemeretzi, guztira. Profesionalen «kontratazioa sustatzeko», musikariekin biltzeko eta haien kontzertuetara joateko aukera izango dutela erantsi du Must+Pro egitasmoaren arduradunak. Bartzelonako La Nau eta Buenritmo ekoiztetxeak dira enpresa horietako bi.
Kontzertuak, doakoak
Ezinbestekoa izango da akreditazioa lortzea mahai inguruetan, hitzaldietan eta musika eragile eta profesionalen arteko bileretan parte hartu ahal izateko. Kontzertuak eta podcasten zuzeneko saioak, berriz, doakoak izango dira leku guztiak bete arte. Besteak beste, Bilborock aretora gerturatzen direnek Heitxi eta Julie abeslarien eta Supercremalleras eta Caballos Yonkis taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Arratsaldeko zazpietatik aurrera abiatuko dira kontzertuak. Bestalde, Gaztea irratiarekin elkarlanean, B aldea podcastaren zuzeneko saio bat egingo dute bigarren egunean. Janus Lester abeslaria eta Ander Merino Kiliki taldearen managerra izango dira gonbidatuak.
Egitarau osoa eta akreditazioak Musika Bulegoaren webgunean eskura daitezke.