Halako urteurren biribil batek daukan balioari behar bezalako inportantzia eman nahian eta, aldi berean, horrek beste guztia estal dezan eragotzi nahiko balute bezala aurkeztu dute festibalaren aurtengo programazioa. Ospakizun eta poz airea disimulatu ezinean, baina, martxan eta datorrenari erne begira daudelako sentipena erakutsi nahian, oroz gain. Udaberri honetakoa Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren XX. aldia izanen da, apirilaren 20tik 25era eginen dute, eta, zehazki, aurtengo Sail Ofizialari loturiko informazioa eman dute argitara gaur, Iruñeko Baluarten eginiko aurkezpenean. Hori bera izan da Miquel Marti Freixas zuzendari artistikoak (Bartzelona, 1978) karguari heldu dionetik egin duen lehenbiziko agerraldia ere. Eta hark eman ditu, preseski, filmei buruzko datuak. Hemeretzi film jaso dituzte Sail Ofizialean osotara, eta guztiak izanen dira jaialdiko sarietarako lehian.
Agerraldian xehatu dutenez, aurten 900 film inguruk eman dute izena jaialdian lehiatzeko —2025eko aldian ere hautagai kopuru bertsua izan zuten—; horien guztien artetik nabarmendu dituzte hemeretzi film. Zehazki, zortzi film luze eta 11 film labur daude zerrenda horretan jasota, eta tartean ez dago Euskal Herriko ekoizpenik. Freixas ez ezik, udazkenean harekin batera lanean hasitako programazio batzordea ere arduratu da aukeraketa egiteaz: Ines Calero, Ekhiñe Etxeberria Garjon, Antonio Miguel Arenas eta Margot Mecca dira lantalde horretan.
«Ikuspuntuk sorreratik izan duen izpirituari fidel izanen gara: arriskuak hartuko ditugu, eta urteotan guztietan merezimendu osoz lortutako prestigioa zaintzea da nire egitekoetako bat»
MIQUEL MARTI FREIXAS Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria
Zehazki, iragan azaroaren erdialdian jakinarazi zuten Freixas izanen zela aurrerantzean eta 2029ra arte Ikuspuntuko zuzendari artistikoa. Aurtengoa haren estreinakoa izanik, karguan den bitartean jaialdian jorratu nahiko lituzkeenak eta oinarri izan nahiko lituzkeen ardatzak aletzeko ere baliatu du aurkezpena zuzendari katalanak. «Ikuspuntuk sorreratik izan duen izpirituari fidel izanen gara: arriskuak hartuko ditugu, eta urteotan guztietan merezimendu osoz lortutako prestigioa zaintzea da nire egitekoetako bat, zalantzarik gabe», aitortu du, lehenik. Haren proposamen artistikoan zer lehenetsiko duen ere nabarmendu du, segidan: «Nire proposamena heterodoxoa izanen da, esperimentatzailea ere bai, baina hurbilerraza izatea ere nahi dut».
Ikusi gehiago
Freixasek, dioenez, zinema egiteko dauden askotariko moduak bistaratu nahi ditu Ikuspuntun, eta, batez ere, jaialdian jorratuko direnak askotariko publikoarentzat «erakargarri» izan daitezen. «Maite dut saio sakonak egitea, filmetan sakon-sakon murgiltzea, baina berdin maite dut saio arin, harrigarri eta dibertigarriak programatzea; biak lortu nahi nituzke».
«Maite dut saio sakonak egitea, filmetan sakon-sakon murgiltzea, baina berdin maite dut saio arin, harrigarri eta dibertigarriak programatzea; biak lortu nahi nituzke»
MIQUEL MARTI FREIXAS Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria
Eta, iradoki duenez, aurtengo Sail Ofizialean bertan ere aurki daiteke zuzendari gisara bilatzen duen «eklektikotasunaren» zantzurik. Aukeratutako hemeretzi filmen artean joera bateko eta besteko lanak daudela nabarmendu du, besteak beste. «Batzuetan agerikoagoa da fikziorako joera, beste batzuetan esperimentazioa da nagusi; beste batzuetan, egileek beren edo beren familien bizipenak ekarri dituzte filmetara, eta beste zenbaitetan saiakera airea da nagusi».
Sail Ofizialak lau estreinaldi absolutu hartuko ditu aurten: Francisco Moura Relvas zuzendari portugaldarraren Coroa de Espinhos, Rocio Mesa espainiarraren OAO, Victor Laderak zuzendu eta Espainian, Italian eta Portugalen ekoitzi duten Sin ton ni son eta Adria Exposit-Goy katalanaren Vegetare.
Ibiltzeko diren bideei so
Festibalaren hasiera hurbildu ahala emanen dituzte aurtengo jaialdiaren gaineko xehetasun gehiago, egitaraua kasurako. Dena dela, dagoeneko jakinarazi dute zer lanek ireki eta zeinek itxiko duten jaialdia. Apirilaren 20an, Alan Berliner zuzendari estatubatuarraren azken filmak zehaztuko du hasiera: Benita. 2021ean zendutako Benita Raphan zinemagileri eskainitako filma da; haren artxibo pertsonalean murgildu, eta askotariko edukiak —testuak, audioak eta irudiak— baliatuta ondu du filma Berlinerrek. Aldiz, aurten Sergio Oksman brasildarrak jarriko dio azken puntua Ikuspunturi. Haren A scary movie terrorezko filma emanen dute apirilaren 25ean.
Programazioan jasoko duten beste ekitaldi honen berri ere eman dute antolatzaileek. Festibalaren hogeigarren urteurrenaren karietara, mahai baten ingurura gonbidatuko dituzte aurrez Ikuspuntuko zuzendari artistiko izan direnetako hiru: Manuel Asin, Oskar Alegria eta Josetxo Cerdan. Solasaldi batean hartuko dute parte. «Elkarrekin mintzatuko dira, ez hainbeste jaialdiak eginiko ibilbideaz, baizik eta zinemaren etorkizunaz, ez-fikziozko zinemak eta abangoardiak hartuta daukaten norabideaz», zehaztu du Freixasek.