Orain pare bat aste Beñat Sarasolak kantzelazioari buruz idatzi zuen egunkari honetan bertan. El odio (Anagrama) liburuaren karietara aritu zen, Jose Breton parrizidarekin trukatutako eskutitzak, deiak eta kartzelara egindako bisita bat kontatu baitzituen Luisge Martin liburu horren egileak. Martinek kantzelazioa jaso zuen ordainetan: ez zioten liburua argitaratu. Bada, Sarasolak zalantzan jarri zuen «kantzelazioaren estrategia» hori, eta, hain justu, estrategia horren atzaparretatik ihesi kaleratu zuen orain 26 urte Emmanuel Carrere idazle frantsesak Etsaia ez fikziozko nobela. Berdina da bi liburuen erroa, baina Etsaia liburuaren kasuan, Jean-Claude Romandek egin zuena ulertzen saiatu zen idazlea. Jon Alonsok euskaratu berri du Igela argitaletxearekin, eta azaldu du irakurlea bere burua zalantzan jartzera ere irits daitekeela.
Emmanuel Carrere bere seme nagusiaren eskolako bilera pedagogiko batean zegoen Jean-Claude Romandek bere emaztea eta seme-alabak hil zituenean. Hala kontatzen du nobelaren lehen orrialdean. Bilera bukatzean aitona-amonen etxera joan ziren aita-semeak. Romand, bere gurasoen etxera, eta bazkaldu ondoren hil zituen horiek ere. Bost hildako guztira, beraz. 1993ko urtarrila zen, eta, hain zuzen, gertakizun horretan oinarritzen da nobela, Inazio Mujika editoreak azaldu duen moduan, «izugarrikeria» horren gainean. Baina Carrerek ez du hiltzailea «munstro» gisa aurkezten, haratago joan nahi du: «Ez ditu bere krimenak zuritu nahi, baina ez zaio nahikoa horiek gaitzestea. Jakin egin nahi du, ulertu». Horretarako, galderak mahai gaineratzen ditu idazleak, eta horietako bat nabarmendu du editoreak: «Zer gertatzen da ohartzen garenean pertsona baten bizitza gezur baten gainean eraikita dagoela?».
«Ez ditu bere krimenak zuritu nahi, baina ez zaio nahikoa horiek gaitzestea. Jakin egin nahi du, ulertu»
INAZIO MUJIKA Editorea
Izan ere, bizitza osoa gezur baten gainean eraiki zuen Romandek. Ingurukoek Osasunaren Mundu Erakundean lan egiten zuela uste zuten. Ez zen egia. Medikua eta ikertzailea zela uste zuten. Eta ez zen egia. Horregatik, Mujikaren ustez horrek egiten du liburua horren harrigarri; alegia, ez soilik hilketaren krudelkerian sakontzeak, hilketak gertatu baino aurreko denbora azaltzeak baizik. «Ospea zuen, kultua zen, zuhurra, fidagarria... Familia zuen, lagunarte sendoa, ez zen bazterreko gizon bat, ez zegoen sistemaren kontra. Alderantziz: ospea zuen sistemaren barruan. Ez zegoen inolako susmorik». Baina egin egin zuen. Romandek bere gurasoak, emaztea eta seme-alabak hil zituen, eta orduan hasi zen Carrereren lana. Besteak beste, idazleak Romanden epaiketa kontatu zuen, baita harekin izandako tratua, eta kartzelako giroa ere.
Ulertezina ulertzeko
Baina liburua ez da krimen baten kronika. Mujikak azaldu du: «Liburua galdera bat da: nola konta daiteke benetako gertaera ikaragarri bat eta nola saiatu ulertezina den zerbait ulertzen, hori bera justifikatu gabe eta irakurlea epai errazetara eraman gabe?». Bada, horixe da editorearen iritziz Carrerek horren ongi lortzen duena. Eta, edonola ere, idazleak ez du «misterioa» argitzen, ez du Romandek egindakoa ulertzeko ezintasuna ezkutatzen. Dena den, kontakizun arina, trinkoa eta gihartsua dela esan du Alonsok, «irakurgarria»; nahiz eta, ezinbestean, emozioak gailentzen diren tarteka: «Liburua itzultzen ari nintzen momentu batzuetan gelditu, eta egiaz kontatzen ari zen horretan pentsatzen jartzen nintzen, eta, puf... Haurrak hiltzen dituen pasartea batez ere...». Halere, Carrere emozio horiek mozten saiatzen da ahots «hotz eta objektibo» bat mantentzen.
«Liburua itzultzen ari nintzen momentu batzuetan gelditu, eta egiaz kontatzen ari zen horretan pentsatzen jartzen nintzen, eta, puf... Haurrak hiltzen dituen pasartea batez ere...»
JON ALONSO Itzultzailea
Eta izenburuari erreparatuta, zein da orduan etsaia? «Etsaia bai frantsesez [L'Adversaire], baita euskaraz ere, deabrua da edo izan daiteke», azaldu du Alonsok. Erlijioarekin lotzen du hitza, eta, are, uste du liburuak errukiaren eta erruaren arteko dilema etikoetan murgiltzeko aukera ere ematen duela. Mujikak eredutzat hartu du nobela: «Liburu hau eredu bat da jakiteko literatura nola hurbil daitekeen errealitatearen alde ilunenetara».