Musika

Saharari Kantari egitasmoak beste kontzertu bat egingo du otsailaren 28an, Bilbon

Euskal Herriko eta Saharako hamabost artistak baino gehiagok hartuko dute parte: Aziza Brahim, Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Oreka TX eta Suilma Aalik, besteak beste. Euskaldunan izango da kontzertua.

Saharari Kantari ekimeneko bideoko une bat. BERRIA
itziar ugarte irizar
2025eko abenduaren 18a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende erdia bete da aurten Marokok Mendebaldeko Sahara menpean hartu zuenetik. Okupaziopean, basamortuan jarraitzen du ordutik saharar herriak, eta, efemeridea baliatuta, beste elkartasun kontzertu bat antolatu du Saharari Kantari ekimenak. Otsailaren 28an izango da, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Aziza Brahim abeslari sahararra izango da aurtengo gonbidatu berezia. Oreka TX taldeko kideekin, Mikel Urdangarinekin eta Eñaut Elorrietarekin batera arituko da Brahim, eta, denera, hamabost artista baino gehiago igaroko dira oholtzatik. Sarrerak eskuragarri daude jada, Euskaldunaren web atarian.

Suilma Aali jatorri hispano-sahararreko kantaria izango da kontzertuko beste partaide nabarmen bat, eta Olaia Inziarte eta Itziar Ituñorekin batera arituko da hura —Haizea harrien kontra abestuko dute elkarrekin—. Iker Laurobak, Fariba Sheikhanek, Esti Markezek eta Postal Kolekzionistak taldeak osatuko dute, bestalde, musikarien zerrenda, eta gonbidatu gehiago ere izango dira: Sua Enparantza dantzaria, Jon Maia bertsolaria eta Ahmed & Nur taldea, besteak beste. Palestinarrak dira azken horiek, eta Gaza ere gogoan hartzeko ekitaldia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Antxon Sarasuak, Dani Venegasek, Joanes Ederrak, Mikel Fagoagak eta Xabier Zeberiok, halaber, musika banda bat sortu dute, propio, kontzerturako. Eta Euskal Fondoa eta Arabako SEADen Lagunen Elkartea dira egitasmoaren antolatzaileak, Bilboko Udalaren eta Lankidetzaren babesarekin.

50 urte basamortuan

Saharari Kantari egitasmoak hamar urte baino gehiago daramatza Mendebaldeko Sahararen gatazka politikoari ikusgaitasuna ematen, hasieratik musikaren esparrutik. Lehen urratsak 2013an egin zituzten; Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Saharari Kantari izeneko musika lehiaketa antolatu zuen hiru urtez, eta euskal artistek saharar herriaren aldeko kantak sortu zituzten haren bitartez. Errepertorio zabala sortu zen hala, eta hiru diskotan bildu zituzten kantuak, aldi bakoitzeko bat. 

Hamar urte aurrerago, Euskal Fondoaren, BERRIAren, Elkarren eta Bakunen eskutik, ekimen hura berreskuratu eta forma berri bat eman zioten: hamabi kantuz osatutako diskoa argitaratu zuten, eta zuzenekora ere eman zuten, Donostiako Kursaalean egindako kontzertu jendetsuan. 2023ko abenduan izan zen hura, eta «magiaz, aldarrikapenez, konpromisoz eta elkartasunez» beteriko gau hura Bilboko Euskaldunan errepikatzea da orain antolatzaileen asmoa. 

«Saharari Kantari aukera paregabea da 50 urte borrokan eta erresistentzian daraman herriari babesa emateko musikaren bidez, eta, bide batez, herri gisa duen askatasun eskubidea aldarrikatzeko», azpimarratu dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.