Azaroaren 8an hasi zuen bidea Xilaba txapelketak, eta bihar helduko da helmugara, primaderan Arabako Bertsolari Txapelketari eta larrazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiari lekukoa pasatu aitzin. Bihar jokatuko da, beraz, finala, 17:00etan hasirik, Donibane Lohizuneko Jai Alain (Lapurdi). Bardozeko (Lapurdi) azken finalaitzinekoan zehazturikoaren arabera, bertsolari hauek ariko dira lehian: Elixabet Etxandi Goihenetxe, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Aitor Servier Etxexuri, Miren Artetxe Sarasola, Irantzu Idoate Funosas eta Maddalen Arzallus Antia.
Txapelari behatzen diote bertsolari guziek, eta justuki, aurtengoa Maialen Hiribarrenek emanen dio irabazleari. Bertsularien Lagunak elkarteko zuzendaritzako kide izan da luzaz, baita Seaskako irakasle ere. Bertsoa hezkuntzan sartzeko bidea ireki zuen Hiribarrenek 1980ko hamarkadatik goiti, Xanti Iparragirreren ezagutza egin ondoan. Horri esker, bertso eskolak ugaldu ziren 2000ko hamarkadan. Finala aurkeztu zuten egunean, urtarrilaren 20an, Hiribarrenek erran zuen «ohore handiz» emanen duela txapela, berak bezala bertsolaritza hezkuntzan garatzeko konpromisoa hartu zuten guzien izenean. «Ni bezala xinaurri lanean ari izan diren guzien izenean eskainiko diot txapela txapeldunari».
Ikusi gehiago
Aurtengo sei finalistetatik bortz emazteak dira. Gainera, Idoatek, Servierrek eta Etxandik lehen finala izanen dute. Txoperenak Bardozeko saioa irabazi ondotik lortu zuen finalerako sailkatzea, eta bigarren finala izanen du aurtengoa. Arzallusek eta Artetxek, berriz, bosgarren finala izanen dute.
Lehen faseko lau saio, bigarren faseko hiru saio eta bi finalaitzineko iraganik eginen da aurtengo finala. Finalaren aurkezpenean kontatu zutenez, orotara hamar saio egin eta helburuak ongi bete dituzte aurtengo Xilaban. Lehenago ailegatu gabeko lekuetara ailegatu da txapelketa, Bidarten (Lapurdi), Domintxainen eta Ligin (Zuberoa) ere egin baitira saioak. Bertzalde, nabarmendu dute argazki berria duela finalak bai adinari eta bai emakume eta gizon kopuruari dagokienez ere. Bertsozale kopuruaren aldetik ere, txapelketa «arrakastatsua» izan da; adibiderako, bi finalaitzinekoetan zortziehun ikusle bildu ziren. Oro har, harrera «beroa» ukan du bertsolari txapelketak Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Jai Alain 2.000 lagunentzako lekua dago, eta sarrera guzietarik 1.600 inguru saldu dira jada; Bertsosarrerak.eus atarian erosten ahalko ditu bertsozale orok, finalaren eguna artio.
Borzna ariketa bertsolarientzat
Txapela nork jantziko duen jakiteko gogo biziz egonen dira bertsozale franko, baina, txapeldunaren izena jakin baino lehen, bertsolariek borzna ariketa egin beharko dituzte. Lehenik, hiruna bertso kantatu beharko dituzte ofiziotan, zortziko handian; bertze hiruna bertso ofiziotan, zortziko ttipian; banazka arituko dira ondotik, eta puntua emanik hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko ttipian; hiruna bertso kantatuko dituzte gero ofiziotan, hamarreko ttipian, eta, azkenik, banazka heldu beharko diote ganbarako lanari, gaia emanik, hiru bertso kantatuz doinu eta neurri librean.
Sei bertsolariek eginen dituzte lan horiek guziak, eta puntuaziorik onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Hiru lan ukanen dituzte fase horretan: lehenik, hiruna bertso kantatuko dituzte, ofiziotan, seiko motzean; bigarrenik, hiruna bertso ofiziotan, zortziko ttipian; eta hirugarrenik eta azkenik, ganbarako lana izanen dute: gaia emanik, hiruna bertso osatu beharko dituzte doinu eta neurri librean.
Saio osoko puntuazioa hartuko da kontuan txapelduna izendatzeko. Buruz burukoan kausiturikoa lehen fasean eginiko guziari gehituko zaio. Amaia Kastorene Luro eta Aritz Bidegain Aire izanen dira gai jartzaile saio osoan.