Bertsolaritza

Ainhoa Urien eta Onintza Enbeita: «Herrigintzari eta militantziari ere eragiten dion organo bat da Bertsozale Elkartea»

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lehendakaritza talde berria hautatu du, bazkideen babes osoarekin. Laukotea osatuko dute Enbeitak eta Urienek, Xabi Igoarekin eta Sustrai Colinarekin batera.

Ainhoa Urien eta Onintza Enbeita.
Ainhoa Urien eta Onintza Enbeita, Bertsozale Elkartearen egoitzaren kanpoaldean; Villabonan (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Villabona
2024ko martxoaren 11
09:00
Entzun

Bertsolaria bata, gai jartzailea bestea. Bertsolaritza «bizi» duten eta bertsolaritzak «bizi dituen» bi pertsona dira Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979) eta Ainhoa Urien (Abadiño, Bizkaia, 1995). Nork bere bidea egin du mundu horretan, eta, orain, erronka berri bat dute mahai gainean: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza. Ez dira bakarrik egongo, ordea, Xabi Igoa karguan izango baita berriro, eta Sustrai Colina ere gehituko baita taldera. Elkarteak osatzen duen sareaz, beste eragile batzuekin osatu behar eta osatzen dutenaz, eta euskararen garrantziaz hitz egin dute BERRIArekin.

Erronka berri bat zuen bertso ibilbidean. Pozik al zaudete?

ONINTZA ENBEITA: Luxu bat da XXI. mendean borondatezko lana aldarrikatzen jarraitzen duen elkarte baten parte izatea. Hala ere, ardura kolektiboa dugula iruditzen zait. Ainhoak eta biok bertsolaritza bizi dugu, eta bertsolaritzak bizi gaitu, eta orain Bertsozale Elkartearen organo batean egotea ardura bat da. Beti markatu dugun norabide horretan gure ekarpena egiteko aukera ematen digu.

AINHOA URIEN: Talde batean sartu gara, eta ardura partekatua da; poza edo ilusioa partekatua izan daitekeen bezala. Nahiz eta martxan doan tren batera igo, bertan parte hartzeko ilusioa dugu. Bizitza osoa bertsolaritzari lotuta egonda, uste dut noizbehinka egokitu behar zaigun rol bat dela. Nik militantzia gisa ulertzen dut kargu hau; bai euskararekiko, bai kulturarekiko eta baita herrigintzarekiko ere.

Ez duzue kargu makala izango.

ENBEITA: Ez, lehendakaritza Bertsozale Elkartearen norabidea markatzen duen organoa da. Zuzendaritza taldearekin batera egingo dugu lan, eta 2018an egindako gogoeta estrategikotik ateratako lan ildoak eta erronkak landuko ditugu bertan. Lehendakaritza lau lagunek hartu dugu, baina elkartea oso ondo egituratuta dago; hainbat langile eta boluntariok jarduten baitute bertan. Gogoeta estrategikoan finkatutako norabide horretara bideratu nahi dugu trena; gure alea jarriko dugu, baina oso kontziente gara jende askoren eguneroko lanak ere bideratzen duela norabide hori.

Xabi Igoaren esperientzia izango duzue, baina egon al da nolabaiteko errelebo faserik edo?

URIEN: Bai; azken hilabeteetan, lehengo taldeko kideekin ibili gara elkarlanean. Funtzionamendua nolakoa izan den azaldu digute. Transmisio ona egon dela esango nuke. Nire ustez, elkarteak errelebo hori ematen joatea ahalbidetu behar du, noizean behin jende berria lantaldeetara ekarriz. Jende desberdina igaro dadila, bertsolaritzaren ertz desberdinetatik. Beldur pixka bat eman dezake horrelako postu batera iristeak, baina hain ondo egin da aldaketa, non, guretzat, eta baita elkartearentzat ere, mesedegarri izango den.

Nola ikusten duzue elkartea gaur egun?

ENBEITA: Nik uste dut elkartea ondo dagoela. Bere garaian, Bertsozale Elkarteak apustu handia egin zuen, elkarte gisan, borondatezko lanaren alde. Oraindik ere egiten da horren aldeko apustua, eta niri bereziki ilusioa egiten didaten puntuetako bat da. Oso polita da jakitea bertsolaritza maite, sinetsi eta bultzatu nahi dugun guztiok lekua dugula hemen. Elkarteak argi du zeintzuk diren bere bideak eta apustuak: transmisioa, hedapena, ikerketa... lerroak oso ondo markatuta dauzka. Gauza batzuk egin gabe gelditzen direla? Noski. Baina bizitza mugimendua da, eta bertsolaritza eta gizartea ere mugimendua dira. Aldiro berritzen jakin behar da.

«[Elkartea] Noizean behin jende berria lantaldeetara ekartzen saiatu behar da. Jende desberdina igaro dadila, bertsolaritzaren ertz desberdinetatik».

AINHOA URIENGai jartzailea
Elkartearen gogoeta estrategikoa aipatu duzue. Zeintzuk dira bertan azaltzen diren ildoak?

URIEN: 2018an egindako gogoeta estrategikoan, erabaki zen feminismoaren, lurraldetasunaren eta belaunaldi-artekotasunaren ardatzen gainean lan egingo zela. Nabarmendu nahiko nuke ez dela paperaren gainean geratu zen zerbait. Feminismoari dagokionez, ahalduntze bertso-eskolak daude. Lurraldetasunaren ikuspegitik, Euskal Herriko Txapelketako finala Iruñean egitea apustua izan zen. Belaunaldien arteko harremana bermatzeko, bertso udalekuak antolatzen dira, esaterako. Elkarteak egiten duen beste lan garrantzitsu bat da bertso munduan sortzen diren beste proiektu autonomo batzuk bultzatzea. Horrek ez du esan nahi bertsolaritzarekin zerikusia duen guztia elkarteak hartu behar duenik. Bertsolaritza mugimenduan dagoen zerbait da, eta momentu honetan indar handia du.

Mugimendu hori aberasgarria izango da elkartearentzat.

ENBEITA: Elkartearen ezaugarri onetako bat da mugimendu horretara egokitzen dela. Bertsolaritza askotarikoa da, mugimenduan dago, eta kontrolaezina da. Egiten utzi behar da, eta laguntza behar duenari, laguntza eman. Oso ona da jakitea elkarte batek babesa ematen digula horren inguruan mugitzen garen guztiok behar dugun edozer gauzatarako.

URIEN: Elkartearen lana ere bada gauza batzuk eragitea eta sustatzea: txapelketak, proiektuak... Baina autoeratu diren beste mugimendu batzuen lokarri lana egin behar du; azken finean, Bertsozale Elkartea autoeratu den mugimendu bat da.

Horregatik dago, azken finean, elkartea orain dagoen tokian.

ENBEITA: Mugimendu askeei izaten uztea da gakoa. Gaur egun, bertsolaritza zirkuitu askok osatzen dute; ahots askotariko askok eta egiteko modu askok. Gure eta elkartearen lana da ahots horiek guztiak elkartearen lanaren barnean biltzea. Elkarteak markatzen dituen proiektuen artean, hezkuntzan esaterako, ahots horiek guztiak transmisioan egon ahal badira, hobe.

URIEN: Elkarteak bertsolaritzatik at ere egiten du lan; euskalgintzan eta herrigintzan, esaterako. Euskararen alorrean, Ipar Euskal Herrian, edo Nafarroako hainbat zonatan, zer esanik ez. Ume asko euskarara gerturatzeko modu bat izaten da bertsolaritza. Eta ez bakarrik umeen kasuan, batzuentzat bertso eskola euskara hutsean egoteko espazio bat izan daiteke eta. Herrigintzari eta militantziari ere eragiten dion organo bat da Bertsozale Elkartea.

Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Ainhoa Urien eta Sustrai Colina, atzoko batzarraren ostean.
Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Ainhoa Urien eta Sustrai Colina, atzoko batzarraren ostean. EUSKAL HERRIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Hezkuntzaren arloak garrantzi handia du zuenean.

ENBEITA: Bere garaian hezkuntzaren aldeko apustua egitea erabaki zen, hor bidea egin zitekeela sinistuta. Uste dut horrek ere erakusten duela elkarte honetan lan egin duen jendearen handitasuna. 29.000 ikasle daude gaur egun Euskal Herri osoko ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, eta hori izugarria da.

URIEN: Euskal kulturara gerturatzeko eta euskara hutsez egiten duten erreferente batzuk sortzeko bidea ere bada.

ENBEITA: Elkartea bera eta horretan ari diren irakasle guztiak oso kontziente dira horretaz. Ez da ikastetxe batean zortziko txiki bat nola egiten den erakustea bakarrik: askoz ere gehiago da transmititu daitekeena. Kontuan izan behar da balio horiek transmititzeko irakasle batzuk formatu behar izan direla, materiala sortu da... Urte askoko esperientzia dago.

Agian, askotan bertso eskoletarako zubi gisa ere balio du ikastetxeetako jardunak.

ENBEITA: Hala da. Kulturaren eta hizkuntzaren ikuspegitik egiten den ekarpenaz gain, lan hori ere egiten du. Haur askok hezkuntza arautuan izaten dute bertsolaritzarekiko lehen harremana. Transmisioa oso garrantzitsua da, eta transmisio horretan ez dugu bakarrik hamarreko handia transmititzen; Saratik [Lapurdi] Oionera [Araba] komunean dugun zerbait dagoela erakusten dugu; gure kasuan, hizkuntza dena.

URIEN: Hizkuntza horrekin eta hizkuntza horren bidez egin daitezkeen kultur adierazpenetako bat egiten ari direla ikus dezakete haurrek.

Elkartearen beste jardun eremuetako bat da plaza. Kanpotik behintzat, garai gozoan dagoela esan daiteke. Nola ikusten duzue zuek?

URIEN: Urtean 1.578 saio egiten dira, pentsa. Euskal Herri osoaz ari gara; pila bat da. Egunero hiru edo lau saioko batezbestekoa da. Gainera, plazetan dauden %46 dira emakumeak. Hala ere, uste dut datuek ez dituztela esaten ez egia osoak eta ez gezurrak. Interpretatu egin behar dira. Datu horiek ikuspuntu kritikotik jorratzeak eta hortik eraikitzeak plaza berdintsuago bat sortuko du. Bestalde, egia da, era berean, elkarteak ez dituela plaza guztiak bere gain hartzen.

ENBEITA: Elkartetik eragiten da plazan, eta elkarteak saiatu behar du plazan mugitzen den hori islatzen, eta pluraltasun hori guztiori jasotzen. Elkarteak badaki egiten diren jardunaldietan eta antolatzen diren ekintzetan ikusten den horrek eragina duela plazan. Hor ikusten da benetan zer erronka dituen bertsolaritzak. Plazak bere bidean doaz, baina elkartearentzat garrantzitsua da plazan gertatzen den hori jasotzea.

«Bertsolaritza osasuntsu batek eta elkarte osasuntsu batek kultura eta hizkuntza osasuntsuak behar dituzte. Bestela, ezin dugu aurrera egin». ONINTZA ENBEITABertsolaria

Lurralde bakoitzeko elkarteek garrantzi handia dute elkartearen barruan. Nola eragiten dute horietako bakoitzaren ezaugarriek zuen jardunean?

ENBEITA: Oso ondo koordinatuta dago dena. Elkarte bakoitza autonomoa da, eta bere ezaugarri eta beharretara egokitzen da. Egia da egoera guztiak ez direla berdinak, eta administratiboki ez gaudela guztiok berdin. Nafarroan, adibidez, hizkuntza ereduen zonifikazioak eragiten digu, eta, Iparraldean, eskoletan euskarak daukan presentziak. Gu esaten ari gara elkartea osasuntsu dagoela, eta bertsolaritza osasuntsu dagoela, baina bertsolaritza osasuntsu batek eta elkarte osasuntsu batek kultura eta hizkuntza osasuntsuak behar dituzte. Bestela, ezin dugu aurrera egin. Lekuan lekuko egoera horiek kezkatzen gaituzte.

URIEN: Hilean behin, herrialde bakoitzeko ordezkari batekin egiten da bilera. Mapa moduko bat egiten da bilera horietan: nola dagoen herrialde bakoitza, zer behar dituzten... Oso egoera desberdinak daude; bai kulturaren aldetik eta bai euskararen osasunaren aldetik. Egoera sozioekonomikoak ere asko baldintzatzen du.

Zein iruditzen zaizue dela gaur egun elkarteak duen erronkarik handienetako bat?

URIEN: Nire ustez, ezin dugula gure erreferentzialtasuna eta gure osasun ona ulertu beste kultur diziplina batzuk gabe. Arlo batean erreferentzialak gara, eta indar handia dugu. Hori sistema oso batek sostengatu behar du. Gure kasuan, sistema hori kulturgintza, herrigintza eta euskalgintza dira. Nire ustez, etorkizunera begira, gure elkartearen inguruan dauden beste eragileak, taldeak eta mugimenduak osasuntsu egon daitezen saiatu behar dugu, bertsolaritza ere osasuntsu egon dadin. Elkarrekin doaz, eta hori izan daiteke erronketako bat; elkarlan hori sustatzea.

ENBEITA: Gure xumean, 2018ko gogoeta estrategikoan hartutako ildo horiek aurrera eramatea izango litzateke gure etorkizuneko erronka.

Azken finean, sare bat osatzen duzue, bai kanpora eta baita barrura begira ere.

ENBEITA: Kanpora begira sare osasuntsu bat izatea itzela litzateke guretzat. Mundu perfektu batean, gu kultur eragileak bakarrik izango ginateke. Baina mundua perfektua ez denez, hizkuntza eragileak ere bagara. Euskararen egoera bada gure kezka nagusietako bat. Euskararik gabe guk egiten dugunak ez du zentzurik, eta elkarteak ere ez luke zentzurik izango. Erreferente izatea ohorea da. Baina, bestalde, XXI. mendean Bertsozale Elkartea erreferente bakarretako bat izatea mugimendu horretan guztian, hori kezkatzekoa da.

URIEN: Elkarteekin egin dezakegu lan, baina instituzioek ere badute euren ardura. Gurekin lan egitera animatzen badira, izugarrizko laguntza izango litzateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.