Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzaldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, EH Bilduk hala eskatuta. Talde horretako kide Josu Aztiria legebiltzarkideak Zineuskadi elkartearen kudeaketaren inguruko zenbait galdera helarazi zizkion iazko azaroan, eta horiei erantzuteko agerraldia izan du. Hain zuzen, erakunde horren gardentasunaren eta kontratazio publikoaren inguruko jardueraren berri izan nahi du EH Bilduk, azken hilabeteetan izandako informazio eskabideetan jasotako datuek «kezkatuta».
Izan ere, taldeak hirutan galdegin dio sailburuari Zineuskadiren inguruan. Lehen aldia 2024ko abenduaren 19an izan zen, bigarrena 2025eko ekainaren 19an, eta azkena, 2025eko uztailaren 8an. Uztaileko aldian, Zineuskadik Kontratazio Publikoaren 9/2017 Legea betetzeko duen arduraz galdetu zion —erakunde publiko orok bete beharreko lege bat da—, eta adjudikazio prozeduren eta kontratazio irizpideen inguruko informazioa eskatu. Bestalde, elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio publikoa Euskadin plataforman eskuragarri izan behar ditu adjudikazio eta lizitazio horiek guztiak, eta, hori hala ez zela jabetuta, EH Bilduk horiek non topatu zitezkeen jakin nahi zuen. Orduko hartan, Bengoetxeak idatziz erantzun zituen galderak, eta iazko azaroan gaur egin duen agerraldia eskatu zioten.
Aztiria Zineuskadiren kudeaketa aztertzen hasi zenean, jabetu zen hainbat kontu ez zeudela egoki. Elkartea ez zegoen alta emanda Kontratazio publikoa Euskadin plataforman —2018tik egon beharko luke hala—, eta 2025eko uztailean egindako galderen ostean eman zuen alta: «2018tik hona ez da lizitazio bat ere egon plataforman. Publiko orokorrak ez du horietarako sarrerarik izan». Aztiriaren esanetan, ordura arte 2011ko —urte hartan sortu zen— txosten bat besterik ez zegoen; «kezkatzekoa» zen hori, Aztiriaren iritziz: «Jaurlaritzaren menpeko elkarte bat izanda, informazioa erabat zahartuta zegoen; ez zegoen behar zen bezala». Zineuskadi elkarte publiko-pribatu bat da —Ibaia eta Apika ekoizleen elkarteek, Euskadiko Filmategiak, Donostiako Zinemaldiak, EZAE zinema aretoen elkarteak eta EITBk osatzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin batera—, eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «zorrotz» bete beharko luke Kontratazio Publikoaren Legea.
«Legearen arabera»
Bengoetxeak Zineuskadiren gardentasuna eta azken urteetan izan duen bilakaera azpimarratu ditu. Batez ere azken horretan zentratu du bere hitzaldiaren parte handi bat. «Zergatik eman ditut hainbeste datu? Kezkak azaldu dituzu, eta badirudi Zineuskadik egiten duen guztia kezkagarria dela. Baliabideak nora doazen plazaratu nahi dut», erantzun dio Aztiriari. Orain arte EH Bilduri emandako idatzizko datuek elkartearen jardunaren inguruko «nahikoa berme» ematen dutela ere gaineratu du.
Elkarteak kudeaketa egokia bermatzeko mekanismoak dituela baieztatu du sailburuak: «Kontratazio prozedura guztiak legearen arabera eginda daude. Plataforman ez egon izanak ez du esan nahi lizitazioak egiten ez zirenik». Zinemaren sektorea urtez urte hazten eta aldatzen ari dela ere aipatu du, eta horrek arin egokitzeko beharra eskatzen omen dio Zineuskadiri. Bengoetxea: «Pausoz pauso, legearen eskakizunak betetzen ari da». 2018tik elkarteak bere webgunean informazio guztia jarri duela ere aipatu du, nahiz eta kontratazioaren inguruko informazioa iaztik egon eskuragarri.
Zineuskadirekin gertatu dena Kultura Saileko beste plataformaren batean ere gertatzea «pentsaezina» dela esan du Aztiriak; «EITBn, adibidez». EH Bilduk Zineuskadiren kontratuetako bitan topatu ditu akatsak, eta, horien inguruko azalpenak eskatzean, Bengoetxeak sei urtean bi akats egin dituztela berretsi du, eta akats horiek «aitortu eta konpondu» dituztela. Hain zuzen, komunikazioarekin lotutako kontratu bat, eta elkartearen webgunearekin lotutako beste bat izan ziren.
Araudia betetzeko eta hobetzeko konpromisoa hartu du Bengoetxeak, eta hori aintzat hartu du Aztiriak: «Jarraipena egingo diogu». Erakundeak izan beharko lukeen profesionalizazioa handiagotzeko eskaera ere egin du, Europako estandarrei jarraitu ahal izateko.