Arabako Aldundiak begi onez ikusi du Francori eta Molari ohorezko tituluak kentzea

Batzar Nagusietako 41 ordezkariren sostengua lortuta aurkeztu zuten 1936ko altxamenduan parte hartu zuten militarrei tituluak kentzeko mozioa. EAJk eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuak neurriaren aldeko irizpena eman du gaur.

Francisco Franco diktadorea, Arabako tokiko agintari bati kondekorazioa ematen, Gasteizen. GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA
Francisco Franco diktadorea, Arabako tokiko agintari bati kondekorazioa ematen, Gasteizen. GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urtarrilaren 27a
15:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte honen hasieran jakin zen Arabako Batzar Nagusiek abian jarri zutela Francori eta Molari ohorezko tituluak kentzeko prozedura. Elkarrekin Ahal Dugu talde politikoak iazko azaroan erregistratutako mozioak EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren oniritzia jaso zuen, eta, hortaz, neurria aurrera ateratzekoa da, gehiengoaren sostengua lortuta. Gaur, prozesu horretako bigarren pausoa eman du Arabako Foru Aldundiak, EAJ eta PSE-EE alderdiek osaturiko foru gobernuak mozioaren aldeko irizpena eman baitu.

Izan ere, mozio bat Batzar Nagusietan erregistratu ostean, aldundiak haren inguruko irizpena eman behar du, aurka edo alde dagoen adieraziz. Kasu honetan, foru gobernuko bi alderdiak neurria bultzatzearen aldekoak zirenez, aldekoa izan da irizpena, eta neurriaren tramitazioak aurrera jarraituko du. Mozioa aldundiko teknikarien txostenaren zain geratuko da orain. Hura ere aldekoa bada, Arabako Batzar Nagusiek neurria bozkatu eta onartuko dute, aurreikus daitekeenez, 51 batzarkideetatik gutxienez 41ek alde bozkatuta.

Aldundiak gaur zehaztu duenez, neurriaren helburua da «formalki eta behin betiko baliogabetzea Gerra Zibilean eta diktadura frankistan emandako ‘Probintziako aita' eta ‘Ohorezko diputatu nagusia’ ohorezko izendapenak, eta izendapen horiek ondorio juridikorik ez dutela deklaratzea». Esan bezala, Francok eta Molak jaso zituzten izendapen horiek, eta, hortaz, haiek ditu helburu mozioak. Aldundiak nabarmendu du titulu horiek baliogabetzea erakundearen legezko betebeharra dela, Espainiako 2022ko eta EAEko 2023ko memoria historikoari buruzko legeek horrela ezartzen baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.