Arabako Batzar Nagusiek eta hartan ordezkatutako alderdiek urte luzez egin dituzte adierazpenak 1936ko altxamendu militarrean parte hartu zutenei ohorezko tituluak kentzearen alde. Nahiz eta Eusko Alkartasuna alderdiak 1990eko hamarkadan jada gaia hizpidera ekarri, titulu horiek baliogabetzeko neurria ez da aurrera atera gaur arte. Izan ere, Arabako Batzar Nagusiek gaur onartu dute, gehiengo handi baten babesarekin, aldundiak diktadurapean Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Molari emandako ohorezko tituluak kentzea.
Tituluak baliogabetzeko modua eman duen mozioak iazko azaroan hasi zuen ibilbidea, Elkarrekin Podemos taldeak Batzar Nagusietan erregistratu eta gero, Arabako Errepublikar Ateneoaren bultzadarekin. Negoziazioen ondoren, Batzar Nagusietan ordezkaturiko talde politiko gehienak ados jarri ziren, eta, urtarrilean, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako testua aurkeztu zuten batzarkideen aurrean. Orduko hartan PPk aldeko adierazpenik egin ez bazuen ere, alderdiko batzarkideak neurriaren alde agertu dira gaur, eta, hortaz, batzarkide ia guztien botoak bildu ditu, 51 batzarkideetatik 50ek babestu baitute mozioa. Voxeko ordezkaria izan da aurka agertu den bakarra.
«Egun handia»
Neurria bultzatu zuen Elkarrekin Podemos taldeko batzarkideak, David Rodriguezek, adierazi du gaurkoa «egun handia» dela, eta Francori eta Molari ohorezko tituluak kentzea, legezko betebeharra izateaz gain, «betebehar morala» ere badela. Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrenarekin ere lotu du neurria, iritzita «bidegabekeria bat» litzatekeela urtemuga heldu eta ohorezko titulu horiek oraindik indarrean egotea. Rodriguezekin bat etorri da EH Bilduko Eva Lopez de Arroiabe, gaurkoa «egun polita eta berezia» dela adierazi baitu, baina, aldi berean, deitoratu egin du neurria «50 urte berandu» onartu izana, EAk gaiari buruzko lehen mozioa aurkeztu eta 27 urtera. Esan du neurri hori onartzea «pauso garrantzitsua» izan dela munduan dabiltzan «haize atzerakoien» aurka eta memoria demokratikoaren alde egiteko.
Nazioarteko egoerari eta eskuin muturreko ideien goraldiari buruzko antzeko ideiak aipatu dituzte foru gobernua osatzen duten alderdiek. EAJko Joseba Iñaki Ruiz de Galarretak zera esan du: «Berandu bada ere, ez zaigu garai egokiagorik bururatzen». Eta gaineratu du AEBetako estatuburu batek «herritarrei tiro egiteko agintzen» duen honetan ona dela «faxismo berrien aurkako» horrelako neurriak hartzea. Bat etorri da PSE-EEko Josu Lopez Ubierna ere. Haren hitzetan, «historiaren alde txarra ezin da ezabatu, eta ez dugu ahaztuko». Bere talde politikoa «Francoren aurkako borrokaren oinordeko harro» gisa ere aurkeztu du batzarkide sozialistak.
Gaurko osoko bilkurako berritasunik handiena PPk aldeko botoa eman izana da. Alderdiak ez zuen adierazpenik egin neurria aurkeztu zenean, eta mozioa babesten zuten taldeek ere ez zuten popularren aldeko botorik espero. Lopez de Arroiabek aipatu du Batzar Nagusiek «%75eko babesarekin» onartuko zutela neurria, eta talde guztiak «alde bozkatuko duten lau alderdiez» mintzatu dira. Azkenean, ordea, aldeko botoa eman du PPk ere. Oso labur mintzatu da Daniel Garcia Alderdi Popularreko kidea, eta esan du «demokraziaren espiritua eta balioak» defendatzeko egin dutela neurriaren alde. Aurkako botoa eman du eskuin muturreko Vox alderdiak, memoria demokratikoa «tresna sektarioa» dela iritzita.
Lehen pausoa baino ez
50 batzarkideren aldeko botoekin onartu den neurri horrek lau artikulu ditu. Bigarrenak «probintziaren aitaren» eta «ohorezko diputatu nagusiaren» tituluak kentzen dizkio Francisco Franco diktadoreari. Arabako Foru Aldundiak 1936ko azaroan eman zion lehen titulua, eta 1944an bigarrena. Hirugarren artikuluak «probintziaren aita» titulua kentzen dio altxamendu militarreko partaide nagusietako beste bati, Emilio Molari. Francorekin batera eman zioten titulua «baliogabe eta efekturik gabe» geratuko da orain, mozioa Arabako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.
Alta, baliogabetze hori egin beharreko bideko «lehen pausoa» besterik ez da, David Rodriguezek azaldu duenez. Izan ere, gogorarazi du Elkarrekin Podemosek bultzaturiko jatorrizko mozioak barne hartzen zuela altxamendu militarrean parte hartu zutenei «emandako ohore, izendapen eta domina guztien erregistro bat» sortzea ere. Izendapen horiek guztiak baliogabetzeko abiapuntua litzateke erregistro hori, eta Rodriguezek espero du laster sortuko dela, «asko» baitira ohore horiek dituzten eta altxamenduan parte hartu zuten pertsonak.
Tartean daude, esate baterako, Jose Luis Arrese falangista eta Francoren ministro izandakoa, Arabako «adopziozko seme» titulua duena, eta Camilo Alonso Vega militarra, Legutioko eta Bizkaiko ofentsibetan parte hartze nabarmena izan zuena. Azken horrek Arabako domina du, eta «probintziaren aitaren» titulua ere bai. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia titulu horiek kentzearen alde mintzatu izan da, eta, hortaz, espero izatekoa da ondorengo hilabeteetan Arabako Batzar Nagusiek gaurkoaren antzeko neurriak tramitatzea.