AP-68 errepidea kudeaketa publikokoa bilakatuko zelako albistea zabaldu da udan. Bizkaiko eta Arabako lurraldeei eragiten die neurri horrek, eta, bi eskualdeetako aldundiek errepidea doako egitea baztertu badute ere, bidesariak murriztea aurreikusi dute. Araban murrizketa nabariagoa izango da Bizkaian baino. Nolanahi ere, azaroaren 11, hau da, kudeaketa eskualdatzeko eguna hurbiltzen ari den honetan, bidesari berrien prezioak ezarriko dituen foru araua onartu gabea dago oraindik.
Araua garaiz onartu ahal izateko, EAJk eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuak neurria premiaz tramitatzea eskatuko du gaurko Batzar Nagusietako Mahaiaren lehen bileran. Bi taldeek ez dute gehiengorik, eta, hortaz, beste baten sostengua behar zuten eskaerak aurrera egiteko. EH Bilduk iragarri du aldeko botoa emango duela, «errepideak ahalik eta hobekien mantentzea bermatuko duen finantzaketa esparru egonkor bat garaiz lortzea errazteko». Hortaz, koalizio abertzalearen sostenguarekin, aurrera egingo du neurriak.
Sostenguaren ordainetan, ordea, EH Bilduk «hainbat proposamen» igorri dizkio foru gobernuari garraioaren arlorako. Ez dute zehaztu zer neurri bildu dituzte sorta horretan, baina adierazi proposamen horiek hiru helburu dituztela: «gaitasun handiko bideen finantzaketa esparru egonkorra bermatzea; arabarrentzako ibilbideak merkatzea, egunero bide horietara jo behar baitute; eta diru sarrera berriek garraio publikoa bultzatzen laguntzea». Ikusteko dago foru gobernuak neurri horiek onartuko ote dituen.Â