Arabako Foru Aldundiak suhiltzaile gehiago kontratatuko ditu udan izandako suteak direla eta

300 hektarea erre dira aurten lurraldean. Sute gehienak hektarea bat erretzera iritsi gabe itzali dira, baina baliabide gehiago jarri nahi ditu aldundiak. Basozaintza brigada ere indartuko du erakundeak.

Arabako foru suhiltzaileen Aguraingo parkea. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Arabako foru suhiltzaileen Aguraingo parkea. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko irailaren 1a
13:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

300 hektarea erre dituzte aurten suteek Araban. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ontzat jo ditu datu horiek Espainiakoekin alderatzean, Arabako suteak ez baitira ez hain ugariak ez hain handiak izan. Hala ere, suteen prebentziorako neurri gehiago iragarri ditu, garren gorakadak kezka eragin duen seinale: besteak beste, Arabako Foru Aldundiak suhiltzaile gehiago kontratatzeko eta basozaintza brigada indartzeko asmoa duela iragarri du Gonzalezek.

Urte politikoari hasiera eman dion gobernu kontseiluaren bileraren ostean egin du iragarpen hori Gonzalezek. Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, hiru sute nabarmen izan dira aurten lurraldean. Galarretako kontzejuan jazo zen lehena, Donemiliaga eta Zalduondoren artean, tximista batek eraginda, eta 130 hektarea erre ziren. Bigarrena Herediako udalerrian jazo zen, eta 70 hektarea kiskali zituen. Azkena Aiarako Lantenoko kontzejuan piztu zen, eta 98 hektarea erre zituen. Azken bi horiek «gizakiak sortuak» ote diren ikertzen ari dira, Gonzalezen esanetan. 

Baliabide gehiago

Kalteak «nabarmenak» direla onartu du ahaldun nagusiak, eta ez omen die «garrantzirik kendu» nahi, baina Arabak 2016tik «sute handirik» izan ez duela ere nabarmendu du. 500 hektarea erre behar ditu sute batek kategoria horretara iristeko, eta, azken urteetan, ez da halakorik izan.

Egoera egonkor hori «prebentzio lanari esker» lortu da. «Udako suteak neguan itzaltzen dira», adierazi du Gonzalezek. Horregatik, eta klima aldaketak Arabako prebentzio sistemak «presio gero eta handiagoaren pean» ezartzen dituelako, Nekazaritza Departamentuaren basozaintza brigada indartuko duela iragarri du ahaldun nagusiak, urtean zehar baso eta mendien mantentze eta garbitze lanak egiteko baliabide gehiago izan ditzaten.

Gainera, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioarekin urte hasieran adostu bezala, suhiltzaileen lantaldea handituko du foru aldundiak. Neurri hori aurten egikarituko dela ziurtatu du Gonzalezek, baina ez du zehaztu zenbat suhiltzaile gehiago kontratatuko dituen aldundiak, ezta basozaintza brigada nola indartuko duten ere. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA