Arabako kontzejuen arau berria kolokan da, EAJk eta PSE-EEk PPrekin tramitazioa luzatzea adostu ondoren

Foru gobernuak EH Bildurekin adostu zuen hasiera batean araua, baina orain PPrekin akordioa erdietsi du araua berritzeko lantaldea sortzeko. EH Bilduk salatu du litekeena dela legegintzaldia amaitzea araua onartu gabe.

Eva Lopez de Arroaibe, EH Bilduren bozeramailea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eva Lopez de Arroaibe, EH Bilduren bozeramailea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 14a
15:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako tokiko administrazioaren funtsezko osagaia dira kontzejuak, udalen azpitik dauden erakunde burujabeak. Organo horiek arautzen dituen foru araua 1995ekoa da, eta bazuen eguneratzeko beharra. Hasiera batean, EAJk eta PSE-EEk osaturiko foru gobernuak EH Bilduren adostu zuen arau horren erreforma, 2025eko ekainean, eta koalizio abertzaleak joan den hilean erregistratu zuen arau berria. Hiru alderdiek erdietsitako akordioak aurreikusten zuen Batzar Nagusietako gainerako alderdien zuzenketak baztertzea.

Foru gobernuak, ordea, ustekabeko norabide aldaketa egin du orain, eta PPrekin adostu du arau hori berritzeko lantalde bat sortzea Batzar Nagusietan. Mota horretako bigarren lantaldea izango da legegintzaldi honetan. EH Bilduk «akordioak behin eta berriro haustea» leporatu dio foru gobernuari, eta, luzapen horrengatik, salatu du litekeena dela «foru araua legegintzaldi honetan ez onartzea».

PPk gaur goizean eman du akordioaren berri, Batzar Nagusietako Lurraldearen Oreka eta Antolamenduaren batzordean onartu ondoren. Urtebete «blokeatuta» egon den neurria «onbideratzeagatik» pozik agertu da PPko Ane Salazar, eta nabarmendu arau berria onartzeko bidean egongo dela bere talde politikoaren ekimenari esker, EH Bilduk foru gobernuarekin zuen akordioaz hitz beste eginda. EH Bilduk, berriz, gogor kritikatu du foru gobernuaren azken mugimendua. Eva Lopez de Arroiabe bozeramailearen arabera, «argi dago Ramiro Gonzalezen hitzak eta sinadurak gaur egun ez dutela inolako baliorik». Gainera, koalizioak salatu du lantaldeak beharko dituen hiru saioek arauaren onarpena atzeratu egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA