Arabako lehen sektorea, jo eta su Mercosurren aurka

Foru aldundiaren jauregiaren aurrean bildu dira sektoreko elkarteak, akordioaren inguruan bozkatzekoa zen mozioa defendatu eta larunbaterako manifestaziora deitzeko. UAGA, Ataca, Bionekazaritza eta Araba Bizirik-ek bat egin dute deialdiarekin.

Mercosurren aurkako elkarretaratzea. RAUL BOGAJO
Arabako Foru Aldundiaren jauregi aurrean egindako kontzentrazioa. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 18a
14:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontrako eztarritik joan zaio Europako Batasunari Mercosurrekin egindako merkataritza akordioa. Izan ere, herrialde askotako lehen sektorearen aurkako erantzun sutsua eragin du, eta akordioaren aurkako mobilizazio andana ikusi dute europarrek azken hilabeteetan. Araba ere izan da halako mobilizazioen lekuko, urtarrilean bezala, eta gehiago ere ikusiko ditu, larunbaterako manifestaziora deitu baitute bertako lehen sektoreko elkarteek.

Izan dute emaitzarik protesta horiek, Europako Parlamentuak akordioaren inplementazioa behin-behinean bertan behera uztea erabaki baitzuen urte hasieran, Europako Justizia Auzitegiak haren edukiak Batasunaren zuzenbidearekin bat ote datozen aztertzen duen bitartean. Behin-behineko su eten horrek, ordea, ez ditu harrotuta zetozen urak baretu, lehen sektoreko elkarteek eta langileek adierazi baitute akordioaren aurka mobilizatzen jarraitzeko asmoa, akordio hori behin betiko bertan behera uztea lortu arte. Mobilizazio horien beste atal bat ikusiko da Araban aste honetan, hainbat elkartek manifestaziora dei egin baitute, foru aldundiaren jauregi aurrean egindako elkarretaratzean.

Orain arteko Arabako lehen sektoreko mobilizazioen protagonista izan direnei, UAGAri eta Atacari, Bionekazaritza eta Araba Bizirik elkarteak batu zaizkie oraingoan. Batzar Nagusiek merkataritza itunak lehen sektorean izango zuen inpaktuari buruzko mozioa eztabaidatzen zuten bitartean, larunbaterako manifestaziora dei egin dute elkarteetako ordezkariek. Otsailaren 21ean izango da, larunbatean, alegia, 12:30ean, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.

Kritika zaparrada

Azken hilabeteetan akordioaren aurka planteatu dituzten kritikak berretsi dituzte elkarteek egindako agerraldian. Batetik, Mercosurrekin egindako akordioak lurraldeko lehen sektorea «posizio bereziki zaurgarrian» utziko lukeela argudiatu dute, enpresa transnazional handiei «haien produktuak kontrolik gabe merkaturatzeko» aukera emango bailieke akordioak. Bestetik, itunak arabarren «osasuna eta elikadura segurtasuna arriskuan» jarriko lituzkeela ere ziurtatu dute. Izan ere, akordioan zehaztu badute ere produktuek Europako araudia bete beharko dutela, lehen sektorea ez da fio. Haien arabera, Europako Batasunak «ez du hori ziurtatzeko tresnarik».

Akordioak «klima krisian sakontzen» duela ere baieztatu dute. Gainera, azaldu dutenez, behin-behinean bertan behera geratuagatik, oraindik ere «akordioa aplikatzeko arriskua handia» dago, eta, horren aurka egiteko, larunbateko manifestaziora dei egin dute. Izan ere, Europako Batasuna akordioaren atal komertziala behin-behinean aplikatzea aztertzen ari da. 

Manifestaziora deitu duten lau erakundeena ez ezik, mobilizazioak honako taldeen babesa ere badu: EHNE Konfederazioa, ENBA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, CGT, CNT, Zuia Naturala, Herrizoma Elikadura Sarea, Zigoitiko eta Ozaetako ekonomatuak, eta osasun komunitarioaren aldeko Kukuso taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.