Araban trantsizio energetikoaren inguruko «eztabaida sozialari» ekiteko eskatu du EH Bilduk

Energia berriztagarriak «ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean» garatzeko eskatu dute koalizioko alkateek. Elkarrekin Ahal Dugu-k, berriz, tokiko energia komunitateak bultzatu ditzatela eskatuko du Arabako Batzar Nagusietan.

Iratxe del Barco, Iruraz-Gaunako alkatea, EH Bilduko Arabako gainerako alkateekin batera, gaurko agerraldian. EH BILDU
Iratxe del Barco, Iruraz-Gaunako alkatea, EH Bilduko Arabako gainerako alkateekin batera, gaurko agerraldian. EH BILDU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 14a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kaos egoera batean bizi gara». Horrela deskribatu dute gaur Arabako EH Bilduko alkateek beren lurraldeko energia berriztagarrien garapen prozesua. Gaur egun, mota horretako 101 proiektu daude tramitean EAEn, eta horietako 88 Araban dira egitekoak: %92, hain zuzen ere. Ukaezina da, beraz, Arabak trantsizio energetikoan duen protagonismoa, baina EH Bildu eta haren alkateak ez daude kontent prozesuaren nondik norakoekin. Trantsizio energetikoaren inguruko «benetako eztabaida soziala» eskatu dute, prozesua «ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean» egin dadin.

Izan ere, azken hilabeteetan Arabako lurraldean garatu nahi diren hainbat proiektuk polemika eragin dute. Solaria enpresak bultzaturiko planta fotovoltaikoek sortu dute eztabaida gehien, tokiko hainbat erakunde eta elkartek aurkako jarrera adierazi baitute alegazioen eta protesten bidez. Orain arte, Eusko Jaurlaritzak entzungor egin die halako protestei, eta Solariari plantak eraikitzeko baimenak ematen jarraitu du. EH Bilduk iragan den otsailean salatu zuenez, Solariako bi zuzendari ohi entitate publikoetan kargudun dira orain, eta horrek aipaturiko proiektuen gardentasunaren inguruko zalantzak sortu ditu. Tankerako proiektuek lurraldean eragin duten «ezinegonari» erantzuteko, beraz, «eztabaida soziala» abian jartzea beharrezkotzat jo du EH Bilduk.

Horretarako, «dagokien erantzukizuna» beren gain hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari, eta proiektu eoliko eta fotovoltaikoek eragindako udalerrietan prozesu parte hartzaileak egitea proposatu dute, herritarrek zer iritzi duten jakiteko. Gaur egun udalek «kontrolik gabeko proiektuen ugaritzearen» aurrean «eskuak eta oinak lotuta» dauzkatela adierazi dute EH Bilduko alkateek, Laudioko Ainize Gastaka eta Iruraz-Gaunako Iratxe del Barco buru dituztela. Gainerako erakundeei eztabaida prozesu horiek gauzatu ahal izateko «baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonal nahikoak» ere eskatu dizkiete. 

Energia komunitateak eta doako garraioa

Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa ere mintzatu da gaur energiaren auziari buruz. Presazko mozioa erregistratu dute Arabako Batzar Nagusietan, foru aurrekontuen akordioko bi neurri betearazteko asmoarekin. Batetik, foru garraio publikoaren erabateko doakotasuna 20 urtetik beherako ikasleei zabaltzeko eskatu du Elkarrekin Ahal Dugu-k, eta neurri hori «atzerapenik gabe» aplikatzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Bestetik, tokiko energia komunitateak bultzatzeko neurriak hartzeko ere eskatu du.

Elkarrekin-en bozeramaile David Rodriguezek azaldu duenez, bi dira esparru horretan bultzatu nahi dituzten neurriak: familia kalteberak lurralde osoko tokiko energia komunitateetan sartu ahal izateko laguntza lerroa da lehena, eta Arabako kontzejuetan energia komunitateak bultzatzeko programa bigarrena. Egungo energia krisiaren aurrean, neurri horiek martxan jartzeari «premiazko» iritzi dio Rodriguezek, familiei energia garestiagoaren aurrean sostengua emateko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA